Kultura 2014-12-30 01:12

Adiorik ez, gero arte baino!

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko azaroaren 8an jaio zen UKBERRI.NET, "Euskaldun Egunkaria"-ren "Bizkaia" gehigarriaren desagerpenak utzitako hutsunea betetzeko asmoz. 11 urteotan 20.000 istorio baino gehiago argitaratu ditu Uribe Kosta eta Erandioko euskarazko agerkari digitalak. Irakurtzen ari zaren hau UKBERRI.NETen azken albistea duzu. Hori dela eta, amaitu baino lehen, eskerrak eman gura dizkiegu, jarraitu gaituzuen eta lagundu diguzuenoi, berriemaileei... denoi mila esker! Baina, ez pentsa hau adioa denik. "UK" aldizkariarekin, Justuri irrati-egitasmoarekin eta euskalgintzako eragileekin batera, Uribe Kostako komunikazio-talde euskaldun berria sortu dugu: HIRUKA. Hiru euskarri izango ditu: atari digitala, paperezko astekaria eta irratia. Azken hori hilabete batzuk barru abiatuko da, baina agerkaria eta astekaria, urtarrilean bertan egongo dira sarean eta kalean. Argazkian, HIRUKA bultzatzen duten langile eta eragiletako batzuk "UK"n argitaratutako irudian / © Asier Mentxaka - "UK" aldizkaria.
  Jendartea 2014-12-30 00:44

Krisialdiak gizarte laguntzen beharra handitu du Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak 826.560 euro banatu behar izan ditu aurten Gizarte Larrialdiko Laguntzetan (GLL), iaz baino ia hamarren bat gehiago, %9,14. Udalak berak zabaldu duenez, udalerriko behartsuenak larrialditik atera eta bizi baldintza duinak izatea xede duten funtsak 593 familiaren artean banatu dituzte (bataz beste, urteko, 1.393,86 euro besterik ez), 949 espedienteen bidez. Prestazio horien dirua jartzea Eusko Jaurlaritzaren ardura bada ere, Getxok laguntzen %28,14 (232.560 euro) ordaindu behar izan du, "eskaera guztiei erantzuna eman ahal izateko". Izan ere, Lakuatik 594.000 euro besterik ez dute bideratu Uribe Kostako udalerririk populatuenarentzat. Udal Gizarte Zerbitzuek laguntzak bideratu, gestionatu eta ordainketak gauzatzeaz arduratu dira. Azken urteotan GLLak emateko zuzendutako diru kopurua areagotu da. 2013an, guztira 757.113 euro banatu ziren, haietatik 196.711 udal kutxatik. 2011n, berriz, 679.560 euroz erantzun zieten 459 eskaerei. Ja orduan, Udalak 173.640 euro inbertitu behar izan zituen pobreziaren hainbat egoerari aurre egiteko. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Elena Coria zinegotzia 2012ko martxoan, PSE-EEk gidatutako Jaurlaritzak beharrak estaltzen ez zituela azpimarratzen / © Getxoko Udala.
  Politika 2014-12-29 23:59

Motxiladunen turismoa erakarri nahi du Getxoko PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sei hilabete baino gutxiago falta dira datorren maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako eta alderdi gehienak ari dira jada beren posizioak hartzen. Getxoko PSE-EEren kasuan, Jose Luis "Txefo" Landa Artetxe aukeratu zuten alkategai pasa den azaroaren 30eko primarioetan. Orain dela egun batzuk, maiatzean aurkeztuko duen programa sozioekonomikoaren lehen zirriborroa plazaratu zuen Txefo Landak, Algortako Portu Zaharrean erdara hutsean egindako agerraldian. Zerrendatutako ildoak izan ziren hiritarren parte-hartzea, tokiko merkataritza, Ibarbengoako industrialdea, maila ertaineko turismoa, espekulazioaren aurkako neurriak, Emakumeen Etxea eta Algortako Portu Zaharrerako babesa. Agerraldiak Getxoko PSE-EEren batasuna irudikatu zuen, bertan aurreko alkategaia, Luis Almansa, eta primarioetako arerioa, Agus Ruiz, Landa babestuz agertu zirela. Argazkian, "Txefo" Landa.
  Jendartea 2014-12-29 20:55

Gizonezko bat larri zauritu da Berango parean izandako auto-istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Gaur goizean 34 urteko gizonezko bat larri zauritu da Getxon izandako auto-istripuan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez, 07:00etan gertatu da ez beharra BI-637 errepideko Berangoko irteeran, Sopelarako noranzkoan. Citroen ZX autoa errepidetik atera da eta hormigoizko heziaren kontra jo du. Ondorioz, suhiltzaile eta sanitarioek erreskatatu behar izan dute gidaria eta, ondoren, anbulantzian eraman dute Gurutzetako ospitalera. Gainera, bideko errailetako bat moztu behar izan dute ertzainek eta trafikoa bideratu 09:15ak arte. Bestalde, herenegun, larunbatean, bi neskak zauri arinak pairatu zituzten errepide berean, Erandioko udalerrian, izandako beste istripu batean. Argazkian, pare bat ertzain trafiko kontrola ezartzen artxiboko irudian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.

  Jendartea 2014-12-29 20:40

Droga-trafikoa egotzita atxilotua Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu zuen ostegunean, Sopelan, osasun publikoaren kontrako delitua egin izana egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, etxebizitza bateko eta txoko bateko miaketetan, kilo eta erdi speed, marihuana eta haxixa aurkitu zituzten. Gainera, legez kanpoko arma elektriko bat eta sei mila euro konfiskatu ei zizkioten gizonezkoari. Operazioa ostegunean izan zen, goizeko bederatziak inguru. Izan ere, Ertzaintzari jakinarazi zioten gizon batek drogarekin trafikatzen zuela etxean eta txoko batean. Ertzainek bi lekuak miatu zituzten, jabearen baimenaz. Etxeko izozkailuan, gutxi gorabehera kilogramo bat speed zuen poltsa bat aurkitu zuten. Beste gela batzuetan, marihuana eta haxixa aurkitu zituzten. Susmagarria txokoan aurkitu zuten eta osasun publikoaren aurkako delitu batengatik atxilotu zuten. Txokoan, gainera, beste kilo erdi speed, sei mila euro inguru eta legez kanpoko arma elektriko bat aurkitu zituzten. Argazkian, Ertzaintzak aurkitutakoak aurreko operazio batean / © Segurtasun Saila.

  Kultura 2014-12-29 14:35

Urte Berriari kantaldi ibiltariarekin ongi etorria emango diote Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostegun honetarako, urtarrilak 1, "Umeen oles kantak" izeneko haurrentzako jaialdia antolatu du Barrikako Jai Batzordeak, Jubibarrika elkarteak eta tokiko Udalak. Hori dela eta, aita-ama barrikoztarrei laguntza eskatu diete auzoz auzo umeak kotxez eramateko. Izena emateko, 946 775 163 telefono zenbakira deitu edo liburutegi[abildua]barrika.net helbide elektronikora idatzi ahal izango da. Horrenbestez, 2015eko lehenengo egunean, 12:00etan, Ander Deuna kultur aretoan (Goierri) jarri dute hitzordua Barrikan. Auzoz auzo aterako dira Urte Berria barrikoztar guztiei zorionduz, Ibilaldiaren ostean "pikoteoa" egongo da Nagusien Etxean. Argazkian, hainbat ume Olentzerori kantari / cc-by-sa euskalherrian.
  Jendartea 2014-12-29 14:05

Sahararen aldeko Euskal Karabanaren bilketa hasiko da urtarrilean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Nuyum elkarte sopeloztarra Sahararekin elkartasunez antolatzen den XI. Euskal Karabanan lanean hasi da, Sopelako Udalak jakinarazi duenez. Eta aurreko urteetan bezala, behar-beharrezkoak diren elikagaiak eta higiene gaiak jasotzen hasiko dira: arroza, pasta, atuna, sardinak, azukrea, konpresak, eta abar. Batzen diren jaki eta gai guztiak Tindoufeko errefuxiatuen kanpamenduetan (Aljeria) dagoen saharar herriari bideratuko da. Urtarrilean zehar Uribe Kostako ikastetxeetan, enpresetan eta merkataritza guneetan produktuak jasoko dira. Edozein pertsona, enpresa eta eragilek parte har dezake. Informazio gehiagorako 695 788 185 telefonora dei dezake. Nuyum-en helburua Saharako herriari sostengua ematea da, orain 38 urte hasitako borrokarekin bat eginez. Izan ere, Saharak autodeterminaziorako eskubide osoa du, eta kanpamenduak erresistentzia baketsu eta nekaezin horren isla dira. Argazkian, udan eskualdera heldutako Saharako umeak, artxiboko irudian.

  Politika 2014-12-29 13:56

Sopelako udal aurrekontuak abenduaren 30eko osoko bilkuran bozkatuko dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 30ean hilabete honi dagokion osoko bilkura ospatuko da Sopelan, eta bertan, besteak beste, 2015. urteari dagokion udal aurrekontuak bozkatuko dira. Horrela ikus daiteke tokiko agintariek plazaratutako udal batzarrerako gai-zerrendan. Udalak gogoratu du auzokideek udal bilkuretara joateko eta parte hartzeko eskubide osoa dutela. Hitzordua 19:30ean izango da, udaletxeko areto nagusian. EH Bilduk zuzendutako Sopelako Udal Gobernuak 2015. urterako aurrekontu-proposamena osatu du, ia-ia 13 milioi euroko kontuetara helduz, 12.989.099 euro, hain zuzen ere (iaz aurrekontua 12,5 milioi.eurokoa izan zen). Tokiko iturriek nabarmendu dutenez, inbertsio nagusiak honakoak izango dira: bidegorrien eraikuntza, umeentzako jolas berriak, HAPO berria eta irisgarritasuna eta oinezkoen mugikortasunaren hobekuntza. Argazkian, bozketa aurreko udal batzar batean / © Sopelako Udala.
  Jendartea 2014-12-29 13:05

Romo ikastetxean aparkatu ahal izango da Gabon Zaharrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Gabonetako jaietan aparkatzeko izan ohi diren arazoak kontutan hartuta, joan den abenduaren 24an eta 25ean egin bezala, salbuespenezko neurri moduan, Romo herri ikastetxeko jolastokia aparkaleku publiko gisa erabiltzea baimendu zuen Getxoko Udalak. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean ere gauza bera egitea erabaki du. Jolastokia aparkaleku bezala erabiltzeko ordutegia honako hau izango da: asteazkenetik, abenduak 31, 16:00etatik ostegunera, urtarrilak 1, 22:00ak arte. Aparkaleku bezala erabiltzeko ordutegia amaituta, aipatu jolastokitik atera ez diren autoak kendu egingo ditu garabiak, tokiko iturriek ohartarazi dutenez. "Erabaki hau esperientzia pilotu gisa eta Itzubaltzeta / Romoko Auzo Elkarteak egindako eskaera eginez geroztik hartu da", azaldu dute Udaletik. Argazkian, udaltzain bat Romo ikastetxe inguruan.

  Jendartea 2014-12-29 12:56

Gabon Zahar gauean zerbitzu berezia emango du metroak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Metro Bilbao hamalaugarren urtez ibiliko da Gabon Zahar gauean eta hamar minuturo egongo dira trenak ordu jendetsuenetan. Asteazkenean, hilaren 31n, azken konboiak ondoko orduetan irtengo dira: 20:40an Plentziatik Etxebarrira; 20:53an Kabiezestik Basaurira; 20:51ean Basauritik Kabiezesra eta 21:03an Etxebarritik Plentziara. Urteberrian, berriz, 01:00etan hasita, goizaldeko 3:00ak arte, trenak hamar minuturo ibiliko dira Etxebarri eta Bidezabal zein Basauri eta Kabiezes artean eta 30 minuturo Plentziara. Goizaldeko 3:00ak eta 6:00ak bitartean, maiztasuna hogei minutukoa izango da linea guztietan. Halaber, 6:00etatik 9:00ak arte, trenak hamar minuturo ibiliko dira Etxebarri eta Bidezabal zein Basauri eta Kabiezes artean eta 20 minuturo Etxebarritik Plentziara. Argazkian, hainbat bidaiari metroan sartzen.