Hiru egunez luzatu zen azterketen atal psiko-soziala. Lehenengo egunean, hainbat psikologok egin zituzten analisiak; 09:30etik 13:30era luzatu zen saioa. Bigarren eta hirugarren egunetan, ostera, auzi-mediku bik egin zituzten probak. Abokatuak berak nabarmendu du denak emakumeak zirela. De la Hozen arabera, "azken saio bi horietan, tratua ez zela egokia izan sentitu du nire bezeroak, bai erantzun behar izan dituen galderengatik, bai profesionalen jarreragatik. Errespetu falta izugarria izan da".
Lekukotzak
Adituen proben aurretik, hainbat lagun joan behar izan dira Getxoko Justizia Jauregira, epailearen aurrean deklaratzera. 2015eko uztailaren 29an, salaketa aurkeztu zuen gaztea eta ustezko erasotzailea egon ziren magistratuaren aurrean. Urriaren 30ean, berriz, epaileak lekukotza hartu zien noizbait gaztea artatu duten lau medikuri, ustezko delituak jazo ziren urteetan (2008 eta 2011 artean) Gazteluetako zuzendaria zenari eta ikasle berak sufritu zuen bullying-auzia ikertu zuen Hezkuntza Saileko inspektoreari. Azkenik, azaroaren 11n, ikasle ohiaren gurasoak, defentsaren peritu bat, mutilari eskola eman zioten irakasle bi eta Imanol Goyarrola Gazteluetako gaur egungo zuzendaria (ustezko gertaeren unean, zuzendariordea eta gaztearen irakaslea zen) hartu zituen magistratuak.