Leioako lau puntu ezberdinetatik abiatu ziren mobilizazioen helmuga Boulevardeko pirulian zen arren, Hauteskunde Batzordearen erabakiz deialdiak Sakoneta kiroldegira eramatera behartu zituzten. Bertan, Las Vegas auzo-elkartea, Barrios Conectados, Lamiako Txopoeta Bizirik eta SOS Kurkudi elkarteetako kideak batu ziren eta Leioa Bizigarri herri-koordinakundearen helburuak zerrendatu zituzten, beste behin: "Arreta-deia izan gura dugu alderdien udal-kudeaketak benetan kontuan har ditzan herritarren elkarteak, auzoetako arazoen eta premien ezagutza eta bizipen hurbilenaren eramaile garen aldetik, eta auzotarrok ere Leioari zuzenean eragiten dioten erabakien parte izan gaitezen", azaldu zuten batutako leioaztarren aurrean.
Mobilizazioak aurrera egin zuen eta Sabino Arana kaletik, Udondoko Boulevardra joan ziren, gero, Luis Bilbaio kaletik Avanzara bideratzeko eta berriz ere Sakoneta kiroldegian bukatzeko.