Portuetako plazen esleipen-sistemak urak harrotu ditu Plentzian

Ander Zarraga 2022ko eka. 16a, 13:05

Plentziako portuko plaza gehienak beteta daude gaur gaurkoz.

La Gallarda portua zaharberritu ondoren, 204 plaza berrien 15 urterako esleipen-prozesua egin zuen iaz EKPk, baina eskaria eskaintzaren hirukoitza izan da eta ugazaba askok plaza galdu dute edo portutik kanpo geratu dira. Diotenez, esleipen-sistema berriaren erruagatik izan da hori, eta askok helegiteak jarri dituzte eta batzuek epaitegietara eraman dute auzia; aldiz, beste batzuek 2019an ezerezean geratu zen itsasadarra antolatzeko plana berreskuratzeko diote.

Eusko Jaurlaritzaren mendekoa den Euskal Kirol Portuak erakundeak itsasontzientzako plazak esleitzeko prozedura berria aplikatu zuen iaz Plentzian. Portuan egindako konponketei esker, lau eta 11 metro luzera bitarteko itsasontzientzat 204 plaza eskaini ahal izan zituzten, lehengoan baino 40 gehiago. Hala ere, amarraleku barik geratu ziren ugazaba askok zalaparta sortu eta helegiteak jarri dituzte; batzuek kontua epaitegietara ere eraman dute. Hala ere, Ander Etxabe Plentzia, Armintza, Bermeo eta Mundakako EKPko arduradunak azaldu duenez, beraiek 2017ko portuetako ur-lamina aprobetxatzeko legea besterik ez dute aplikatu.

"Lehen, plazak zozketatzen ziren eta itsasontzien tamainaren arabera banatzen ziren portuan; baina lege berri honegaz plazak ontzien tamainaren arabera esleitzen zaizkie amarralekuak", azaldu du Etxabek. Horren bitartez portuaren ur-lamina ahalik eta gehien aprobetxatzea bilatzen dutela zehaztu du.

Onartu du prozesua hasieran ez zela behar bezain gardena izan, baina azpimarratu du beraiek ez zutela inolako azpijokorik egiteko asmorik izan, eta azalpenak edo datuak eskatu dizkietenean inolako arazorik gabe erakutsi dituztela. "Lekeitioko portuan prozesu berea egiten ari gara, eta, hemen ikusitakoa eta gero, hobeto bideratzen saiatu gara, neurtzeko irizpideak eta esleipen-prozesuan gardenak izan nahi baitugu", dio Etxabek.

Esleipenak egin ondoren, ugazabek beraiek itsasontziak portua sartu zituzten, eta EKPko arduradunek horien benetako neurriak hartu zituzten eta konturatu ziren askok ez zituztela benetako neurriak jarri, kasu batzuetan ezjakintasunagatik, eta beste batzuetan kategoria jakin batzuetan sailkatuak izateko: "Neurketak egin genituenean batzuk metro baterainoko aldea zeukaten aurkeztutako neurrien eta benetakoaren artean, beraz, batzuk kaleratu behar izan genituen; beste batzuek ez dute esleipena onartu eta portuan jarraitzen dute helegiteen erantzunaren zain".

Dioenez, prozedura hori beste portu batzuetan ere egin dute, baina Plentziaren dagoen demanda neurrigabea da: guztira 204 plaza esleitu ahal izan baitituzte, baina eskaria 600 ugazabatik gora egin zuten, beraz, asko dira plazarik gabe geratu direnak. Gainontzeko portuetan ez da hainbeste eskari egon, beraz ez da arazorik egon. "Bakarrik Donostian egon dira arazoak, hor ere demanda oso altua izan delako eta jabe batzuek ez dutelako plaza utzi gura izan", azaldu du.

Plentziako portuko ontzi jabeen elkarteko presidentea da Javier Onzain, eta, beste asko bezala, bera ere plaza barik geratu da oraingoan: "Guk erabaki dugu elkarte moduan helegiterik ez jartzea, elkarteko batzuei tokatu zaielako eta beste batzuei ez; hala ere, nik pentsatzen dut esleipen-sistema berria ez dela zuzena itsasontzi batzuk tamainaren arabera diskriminatu dituztelako eta irizpide horregaz ez direlako inoiz portuan sartuko, nirea adibidez". Gainera, portuan sartu ahal izateko askok ontzietan aldaketak ere egin dituztela dio Onzainek, eta deitoratu du itsasadarreko antolaketa-proiektuaren aurka zeudenak portu barruan daudela: "Ez dakit zer gertatu den, baina pantalanak egitearen aurka zarata gehien atera zutenek plaza lortu dute, eta alde azaldu ginenok kanpoan gaude. Inkongruentzia bat da". Bestalde, Onzainek uste du zozketa hutsa izango balitz jendea ez litzatekeela hain haserre egongo, sistema "justuagoa" izango litzatekeelako.

Itsasadarraren antolakuntza

Itsasadarraren egoera negargarria eta arriskutsua ere dela baieztatzen dute guztiek. Azken urteotan hainbat itsasontzi pilatu dira zubi zuriaren eta Butroi ibaiaren bokalearen artean; horregaz amaitzeko 2019an itsasadarra berrantolatzeko proiektua aurkeztu zeun EKPk, baina hainbat elkarte eta herritarrek proiektuaren aurka egin zuten eta bertan bera geratu zen.

"Gu itsasadarra antolatzeko proiektuaren aldekoak gara, egungo egoera penagarria baita. Egin dugun aken zenbaketan ia 400 itsasontzi zeuden, horietako asko aseguru barik eta hondoratzeko arriskuan; horrek itsasadarra nabigatzeko arriskutsua bihurtzen du. Horregaz amaitzeko 2019an aurkeztutako proiektuaren antzeko zerbait egin ahalko litzateke, baina guk ez dugu ezer bultzatuko denen artean adostutako proiektua ez bada; bestalde, hori ez da gure eskumena, EAEko portuen agintaritzakoa baizik, beraz, guk ezer gutxi egin dezakegu hori konpontzeko", adierazi du Etxabek. "Askok ingurumenarentzako kaltegarria zen proiektua zela argudiatu zuten, eta agian arrazoia zeukaten, baina orain dagoena askoz okerragoa da", gaineratu du. 

Euskal portuentzako eredu berria

Aurreko eguenean, hilaren 9an, EH Bilduk, PP eta Elkarrekin Podemos alderdiakaz adostuta, euskal portuek itsasoagaz duten harreman kultural eta historikoa errespetatzeko legez besteko proposamena egin zuen Eusko Legebiltzarrean. Ibai Iriarte koalizio abertzaleko biltzarkideak azaldu duenez, Euskal Kirol Portuen kudeaketa txarraren eta kasu batzuetan egon den informazio-falta eta anbiguotasunaren eraginez sortu dira Plentzia edo Donostiako portuetako bezalako arazoak.

Egoera horren aurrean, Iriartek azaldu du 2018ko Portuen Legeak udal-mailako herri-batzordeak sortzeko aukera ematen duela, herriz herriko errealitatearen araberako kudeaketa egiteko modua eskaintzen duena. Era berean, gai horren inguruko agindu berria egin behar dela deritzo Iriartek: "Kostako herriek itsasoagaz duten harremana kontutan hartu behar da legeak egiteko garaian, hau da, portuak ez daitezela itsasontzientzako aparkaleku soilak izan. Arrantzaren pisua galtzen joan da eta horien erabilera aldatzen joan dela ulertzen dugu, baina pentsatzen dugu herri horietako biztanleek eta itsasoagaz harremana duten herritarrek lehentasuna izan beharko luketela plaza eskuratzeko orduan". Zentzu horretan errolda edo itsasontzi tradizionalak bezalako irizpideak lehenestea proposatu zuten, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun