Immigrazioa aztergai, Saretzen proiektuaren bigarren atalean

Erredakzioa 2023ko api. 4a, 09:44

Immigrazioaren inguruan Saretzen proiektuan aztertutako informazio guztia apirilaren 5ean argitaratuko da hiruka.eus atarian.

EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak datu kazetaritza jorratu dute beste behin Saretzen proiektuaren baitan. Oraingoan, Hego Euskal Herriko immigrazioa izango du aztergai Saretzen proiektuaren bigarren atalak, eta, horretarako, 2002tik 2021era atzerritik etorritako lagunen jatorria, urte horietan izandako hazkundea eta helmuga aztertu dituzte EITBk eta TOKIKOMek elkarlanean.

HIRUKAn, Uribe Kostako udalerrietako etorkinen datuak aztertu ditugu: zenbat dira, nondik datoz, non bizi dira... Zenbakiak eta portzentajeak emateaz gain, hainbat aditu eta elkarterengana ere jo dugu gurera bizimodu berri baten bila etorritako pertsonen errealitatea hurbiletik ezagutzeko. Bihar, apirilaren 5ean, hiruka.eus atarian eskainiko ditugu eduki horiek guztiak. Ikerketa-lan hau egiteko Espainiako Estatistika Institutuak (INE) 2002tik 2021era atzerritik etorritako pertsonen inguruan argitaratutako datuak erabili dira.

Elkarlana

Datu kazetaritza, elkarregaz eta elkarlanean EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak 2022an jarri zuten abian Saretzen proiektua, elkarregaz datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko.

Lehen argitalpenean, 2001-2021 bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landu zituzten EITBko eta TOKIKOMeko hedabideek, nork bere esparrura, ezaugarrietara eta eremura egokituta. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun