Txakurrak ere ongietorriak dira Uribe Kostan

Erredakzioa 2024ko eka. 18a, 08:00

Eskualdeko udalerriek hamaika aukera eskaintzen dituzte gure lau hankadun lagun iletsuakaz gozatzeko, hala nola hondartzetan, establezimendu "pet friendly" delakoetan edota txakurrak aske jolasteko parke itxietan.

Txakurrek gero eta denbora gehiago pasatzen dute beraien jabeakaz, familiako beste partaide bat izateraino. Ez dago debekatuta konpainiako animaliakaz tabernetan, kafetegietan eta dendetan sartzea, jabeak berariaz debakatzen ez badu, behintzat; hala ere, gero eta gehiago dira maskoten lagunak izatea erabaki eta "pet friendly" etiketa jartzen duten establezimenduak, adierazteko horietan maskotak ongietorriak direla, besteak beste, hotelak eta jatetxeak. Eskualdean erraz aurkitu daitezke halako lekuak, hala ere, zalantzarik izatekotan, gomendagarriena da aldez aurretik deitzea galdetzeko.

Garraio publikoari dagokionez, eskualdera heltzen diren zerbitzuen eskaintza nahiko mugatuta dago oraindino: Bizkaibusen eta Metro Bilbaoren 1. linean zortzi kilo baino gutxiagokoak diren txakurrak bakarrik bidaiatu daitezke; aldiz, aldiriko Renfe trenetan mota guztietako txakurrak daude baimenduta. Hala, gurera etortzeko garraio publikoan, aukera bakarra da Renfeko tren bat hartzea Portugaletera, eta hortik Getxora igarotzea, Bizkaia Zubitik zein gasolino bidez, batean zein bestean baimenduta baitaude lau hankadun maskotak, betiere lotuta.

Txakurrakaz hondartzara

Hondartzei dagokienez, oro har, txakurrak ez daude baimenduta bainu-garaian, hau da: ekainaren 1etik irailaren 30era sorosleak daudenean ezin daitezke hareatzetan sartu. Hala ere, udalerriz udalerri araudia aldatu egiten da eta bainu-ordutik kanpo txakurrak baimenduta daude, adibidez, Getxoko Areeta, Arrigunaga eta Ereaga hondartzetan, 20:00etatik hurrengo eguneko 09:30era arte, baita Sopelako hareatzetan ere.

Plentziaren kasuan, Aste Santutik udagoienera arte 21:00etatik 09:30era da baimendutako ordutegia. Barrikan, maskotak 20:00etatik 06:00etara bakarrik ahal dira sartu; Gorlizen, aldiz, txakurrak ezin dira hondartzara sartu uda-sasoian.

Udalditik kanpo, urriaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean, ez dago inolako ordutegirik, baina badira salbuespen batzuk, adibidez, Getxoko Gorrondatxe eta Balanar/La Bola hondartzak, zeinak ezin izango dira aisialdirako erabili, ingurumenaren babeserako arrazoiengatik.

Txakurrentzako parkeak

Hondartzetatik kanpo, gero eta udalerri gehiago dira txakurrentzako berariaz sortutako parkeak dituztenak, edo ordutegi jakin batean kontrolpean aske uzteko guneak dituztenak. Adibidez, Getxok txakurrak solte baina kontrolpean izateko 22 gune ofizial ditu udalerri osoan banatuta. Leioak ere 16 eremu ditu bere auzoetan, eta Berangon, Erandion, Gorlizen, Sopelan eta Urdulizen halako gune itxiak ere badaude.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun