2008ko krisialdiak gogor kolpatu zuen higiezinen merkatua, eta horrek etxebizitzen eraikuntzari eragin zion batez ere. Hala ere, etxebizitza-parkea areagotu egin da eskualdean azken hamarkadan, 2013tik 2023ra, baina modu irregularrean udalerri batetik bestera. Higiezinen garapenean, nabarmendu behar dira Getxo eta Leioa, besteak beste. Izan ere, horiek izan dira igoeraren liderrak termino absolutuetan, 1.802 eta 1.748 etxebizitza gehiagogaz, hurrenez hurren. Getxok du etxebizitza-parkerik handiena (34.678 etxebizitza), baina Urduliz da liderra ehuneko-hazkunderik handienagaz: % 45,5 hazi da udalerria. Kontrara, Barrika eta Lemoiz udalerriek hazkunde apalagoa izan dute, % 6,7 eta % 7,2, hurrenez hurren, Eustaten datuen arabera.
10 pertsonatik bat alokairuan bizi da
Azken hamarkadotan bizi izandakoek zuzeneko eragina izan dute jabetzako eta alokairuko etxebizitzen proportzioan. Joera orokorra izan da jabetzak behera egin duela ia udalerri guztietan, hala nola Getxon ( % 86tik % 81,3ra) eta Berangon ( % 88,1etik % 84,5era). Aitzitik, alokairuko etxebizitzen proportzioak nabarmen egin du gora udalerri guztietan 2013tik 2023ra, Barrikan, Berangon, Getxon eta Urdulizen batez ere. Alokairuaren igoera horrek biztanleen lehentasunetan aldaketa bat iradoki dezake, ziurrenik hainbat faktorek bultzatuta, hala nola salmenta-prezioen igoerak.
Alokairu-eskaeraren hazkundeagaz batera, prezioek ere % 17,7 egin dute gora batez bestekoan Uribe Kostan. Zehazki, alokairuaren batez besteko prezioa 789,6 €/hileko izan zen 2016an Getxon, eta 941,8 €/hileko 2023an. Hartara, zazpi urtean % 19,3 garestitu da alokairua udalerri horretan. Hala ere, Getxokoa errentarik garestiena izan arren, Urdulizen da denbora-tarte horretan alokairuek gehien gora egin duten udalerria, % 26,7ko hazkundeagaz: 2016an, 676,5 €/hileko errenta zen batez bestekoa, eskualdeko bigarren merkeena, Erandioren ostean; iaz, aldiz, hirugarren garestiena izan zen, Getxo eta Leioaren atzetik, 856,9 €/hileko eskaerakaz.
Higiezinen merkatuan gorabeherak
Eskualdeko higiezinen merkatuak gorabehera esanguratsuak izan ditu azken hamarkadetan, 2008ko krisiaren eragin nabarmenagaz, 2022rako susperraldiagaz eta 2023rako dezelerazio txikiagaz. 2013an, doikuntza ekonomiko betean, salerosketa-transakzioak asko murriztu ziren udalerri gehienetan, hala nola Getxon, 2007ko 780 salmentetatik 2013ko 299 salmentetara igaro baitzen, eta Leioan, 846tik 137ra. Hala ere, merkatuak nabarmen egin zuen gora 2022an: Getxok 951 transakzio izan zituen, eta beste udalerri batzuek, Sopelak eta Erandiok, esaterako, gora egin zuten salmentetan. Susperraldi horrek, nahiz eta handia izan, moteltzeko zantzuak erakutsi zituen 2023an, ziur asko interes-tasen gorakadaren eta, nolabait, eskaintzaren eskasiaren ondorioz; besteak beste, Getxo eta Leioa bezalako udalerrietako salmentek behera egin zuten aurreko urteagaz alderatuta. Hala ere, zenbait udalerrik, hala nola Berangok, Erandiok eta Sopelak, hazten jarraitu dute, eta aldi horretako mailarik altuenetara iritsi dira, baita Urdulizek ere, 2023an beherakada nabarmena izan arren, 2022an krisialdiaren aurretiko salerosketak zazpikoiztu baitzituen.
Egoerak gorabehera, gurean etxebizitza bat erosi gura dutenek duela 10 urte baino esfortzu handiagoa egin behar dute, bai banketxeek ezarritako interes-tasengatik, baita merkatuak bizi izan duen garestitzea dela eta. Izan ere, azken datuen arabera, metro koadroa % 20 inguru garestitu da Uribe Kostan, eta Hego Euskal Herriko udalerririk garestienak bihurtu dira, besteak beste, Getxo eta Leioa, 3.966 €/m² eta 3.249 €/m²-ko prezioakaz. Hartara, uneotan, udalerri bi horietako etxebizitzaren bat erosi gura duenak, demagun, 60 metro koadrokoa, 237.960 euro eta 194.940 euro ordaindu beharko lituzke, hurrenez hurren.