Indaba-usaina barreiatuko da Sopelako kaleetan azaroko lehenengo aste-akabuan. "Pepetxin"-i gorazarre egiteko asmoz, Marmiton Kolektiboak zortzigarrenez antolatuko du Putxera Eguna azaroaren 4an, zapatuan. Goizeko 09:00etatik 11:00etara bitartean egongo da Putxera Egunean izena emateko aukera; doakoa izango da.
Martxan da Errigoraren udagoieneko kanpaina: azaroaren 14ra arte eskatu ahal izango dira Errigoraren otzarak: Nafarroa hegoaldeko uzta, euskarari puzka ere ematen diona. Uribe Kostako hainbat lekutan egin daitezke otzaren eskaerak, baita online ere. Aste-akabu honetan, otzarak eta abarrak prestatzeko herrilana antolatu dute Ablitasen, azaroaren 2tik 4ra bitartean. Saskiak edo otzarak banatzeko epea azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartekoa izango da, eta ordaintzeko tartea abenduaren 4tik 14ra.
Azaroaren 3tik 5era bitartean egingo da Getxoko XVI. Komiki Azoka, Areetako Geltokia plazako karpapean.
Azaroaren 3tik 5era bitartean izango da aurten "Euskadiko outlet azokarik handiena", antolatzaileen esanetan. Stock Euskadi merkatuaren XIII. edizioa izango da aurtengoa, eta Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n (BEC) egingo dute, aurreko urteetan legez. "Pagotxa handien merkatua" 11:00etatik 21:00etara arte zabalik egongo da azaroko lehenengo aste-akabuko hiru egunetan, BECeko 1 pabiloian. Ipiniko dituzten 200 salmahaietan baino gehiagotan, "beherapen handia" izango duten denboraldiz kanpoko produktuak erosi ahal izango dira, hamaika arlotakoak: modakoak, osagarrienak, kiroletakoak, etxekoak, aisialdikoak, elektronikakoak eta abarrekoak. Azokaren APP bat egin dute lehenengoz; doako aplikazio horren bidez, saltzaileen informazioa eskuragarri ipiniko dute, erosketak errazteko, eta beherapen-bonuak ere zozkatuko dituzte erabiltzaileen artean.