Herriko merkataritza bultzatzeko eta udalerrian dagoen eskaintza ikusarazteko, irailaren 21etik 24ra, Izakinen Amaierako Merkatuaren beste edizio bat egingo dute Getxon. Aurrekoetan bezala, udalerriko saltokiek askotariko produktuak eskainiko dizkiete bezeroei, "arrazoizko prezioetan".
Irailaren 23tik 25era surfagaz, musikagaz eta naturagaz zerikusia duten hainbat jardueraren erdigunea izango da Sopela, aste-akabu horretan ospatuko baitute Sopela Kosta Fest jaialdiaren bederatzigarren edizioa. Kontzertuak, inguruko ondarea ezagutzeko bisita gidatuak, surf-lehiaketak, parapentea eta irristatze-kirolakaz zerikusia duten hainbat jarduera egingo dituzte egun horietan. Ekintzetan izena emateko epea irailaren 20an itxiko dute.
Mesedeetako Andra Mariaren jaiak ospatuko dituzte barikutik domekara bitartean, Areetan. Ohi den legez, askotariko jarduerak egongo dira denen gozatzeko.
Zazpi ikuskizun eskainiko dituzte barikuan eta zapatuan Plentzian egingo den Artekale jaialdiaren bosgarren edizioan. Dantza, antzerkia eta musika emanaldiak ikusteko sarrera librea izango da honako lau guneetan: Ontziola plazan, Eliz enparantzan, Plazatxoan eta portuan.