Espainiako Auzitegi Nazionalak hamabost urteko kartzela-zigorra ipini zion Saioa Sanchez Iturregi preso politiko berangoztarrari. Apirilean estraditatu zuten Sanchez Frantziatik Espainiara, eta ekainaren 6an epaitu zuten Madrilen, Bilboko Inemeko leherketaren auziagatik.
Bigarren aldia izan zen berangoztarra horregatik epaitu zutena, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuelako Sanchez, Etxeberria eta Zapirainen aurka egindako lehenengo epaiketa, Etxeberriak eta Zapirainek salatutako torturak ikertu ez zirelako. Aurretik, 2014an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen, Etxebarriaren tortura salaketa nahikoa ez ikertzeagatik. Halere, epai berrian berretsi egin dituzte lehenengo epaiketaren sententziako zigor berberak, "nazioartean onartuta dagoen torturari buruzko Istanbulgo txostenari muzin eginez eta torturaren eta bere arduradunen zigorgabetasunari ateak irekiz", AAEAMren arabera.
Hala, epaiketaren epaia aterata, Estatu espainiarrak Administrazio frantsesaren esku utzi du berriro ere Sanchez, Parisko Auzitegian ezarri zioten 28 urteko espetxe-zigorra betetzen segi dezan. Azken hiru hilabeteotan, Brieva eta Soto del Realeko kartzeletan egon da.
Saioa Sanchez 2007ko abendutik dago kartzelan; Versailles, Fleury, Poitiers-Vivonne, Nantes, Roanne, Estremera, Rennes, Brieva eta Soto del Realgo kartzeletatik igaro da. AAEAMk zabaldu duenez, honako hau da Saioa Sanchezen helbide berria:
Saioa Sanchez Iturregi
- Centre Pénitentiaire Pour Femmes
- 18 bis Rue de Châtillon
- 35.031 Rennes-Cédex