Fiskaltzak dio ustezko delitua 2013ko apirilaren 12an egin zuela lutxanarrak. Egun horretan, Javier Lopez Peña "Thierry" ETAko burukidea zenaren gorpuari egindako harrera planifikatzea egozten dio Rodrigori, hiru egun beranduago Guardia Zibilak atxilotu zuena. Fiskaltzaren akusazio idazkietan jasotakoaren arabera, Loiuko aireportuan egindako harreran ETAren aldeko oihuak izan ziren.
Sandovalen ustez, Sortu alderdiak Bizkaiko lurralderako erabiltzen duen Twitter kontu ofizialak eman zuen harreraren berri, aurreko egunean "senideei eta lagunei" Loiura bertaratzeko deia eginez. Fiskaltzaren arabera, mezua alderdiaren 600 bat jarraitzaileri helarazi zitzaien. Teoria horren arabera, Herrirak eta Ernaik ere parte hartu zuten "estrategia komun" horretan.
Zerraldoa Loiuko aireportura heldu zenean, goizeko 08:55ak aldera, 300 bat lagun zeuden, Lopez Peñaren gorpua itxaroten. Haien artean zegoen Iker Rodrigo, polizia-txostenek diotenari jarraiki "parte-hartze aktiboa" izan zuena. Horrela, ekitaldia planifikatzea eta bertaratutakoei zein hileta-autoaren gidariari aginduak ematea egozten dizkiote. Era berean, hainbat pertsonek botatako "Gora ETA" oihuari "gora" erantzun izana; "Eusko gudariak" abestia ukabila gora abestu izana eta "Agur eta ohore, eusko gudariak", "borroka da bide bakarra" eta "Gora ETA militarra" esaldiak oihukatu izana leporatzen diote.
2013ko apirilaren 15ean Guardia Zibilak Rodrigo atxilotu zuen Lamiakon. Lutxanarrak akusazio guztiak ukatu zituen Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, eta askatasunean jarri zuten.
Rodrigoren bertsioa
Iker Rodrigok, berriz, 2013an Sortu eta Ernai ilegalizatzeko balizko saiakeratzat eta "preso eta iheslarien aldeko lanaren kriminalizazioan beste urrats bat" bezala kokatzen ditu Loiukoari buruzko kontakizun ofiziala eta bere atxiloketa HIRUKArako Mikel Moreno “Peyejo” Ernaiko militante auziperatuagaz batera idatzitako "Libre izateko libre behar ditugu" artikuluan.