Auziperatuek iazko abuztuaren 22an zabaldutako oharra
Auzitegi Nazionalak 15 euskal herritar prozesatu berri gaitu
Ohar honen bidez 2010. urteko irailean eta 2011. urteko urtarrilean Grande Marlaska epailearen aginduz sarekada ezberdin bitan atxilotuak, torturatuak eta kartzelaratuak izan ginen 15 euskal herritarrok hurrengoa esan nahi dugu:
Egunotan Gomez Bermudez epaile instruktorearen aginduz prozesamendu autoa jasotzen ari gara. Gure atxiloketa eta espetxeratzetik lau urte igaro direnean zentzurik gabeko auziak aurrera darrai.
Gure aurka irekiak dauden bi prozesuen faltsutasuna azpimarratu nahi dugu. Tortura saio luzeetan oinarrituriko salaketa polizialei bide eman zaie berriz ere Auzitegi Nazional espainiarrean. Modu honetan berme juridiko zein demokratiko minimorik egonen ez den epaiketa bidean kokatu gaituzte.
Euskal Herriaren ukazioan, euskal herritarren eskubideen zanpaketan eta salbuespen egoeren mantentzean oinarritzen den Auzitegi honi ez diogu inongo zilegitasunik ematen. Ozen aldarrikatu nahi dugu politika egitea ez dela delitu.
Epaiketa politikoak bukatzeko garaia da. Errepresioaren gurpil zoroa eten dezatela exijitzen diegu Estatu espainiar zein Auzitegi Nazionalari. Euskal herritarron borondatea ezin da errepresioarekin kamustu. Gure herrian ireki den aroa zapuztea helburu dutenek jakin dezatela konponbide demokratikoaren ikurra altxatzen jarraituko dugula.
Amaitzeko, apaltasun osoz, Euskal Herriak dituen eskubideen alde lanean jarraitzeko deia luzatu nahi diegu euskal eragile zein herritarrei. Etorkizuna dugu jokoan. Epaiketa politikoen etetea guztion artean lortuko delako soilik. Ez genuke bukatu nahi aste gutxitan Madrilen epaituak izanen diren 28 gazteei gure babes osoa adierazi gabe.
Egoitz Garmendia, Aniaiz Ariznabarreta, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Urko Asier Ayerbe, Sandra Barrenetxea, Jose Aldasoro eta Rosa Iriarte (369/2008 sumariokoak, 2010-IX-13an atxilotuak) zein Gorka Zabala, Iker Moreno, Iñigo Gonzalez, Patxi Arratibel eta Gorka Mayo (285/2010 sumariokoak, 2011-I-18an atxilotuak).