Riace, "normaltasunaren utopia", Calabriaren bihotzean

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres eta Iker Rincon 2018ko uzt. 25a, 14:24

Calabria eskualdeko Riace herrian eman zioten amaiera Mugak Zabalduz karabanako ekintzaileek Italiako ibilbideari. Joan den zapatuan, hilaren 21ean, bertakoek duten harrera-esperientzien nondik norakoak ezagutzera hurbildu ziren herri horretara.

Riaceko sarreran, galtzada-harrizko zoladuraz egindako bide baten ostean, ortzadarraren koloreak dituen kartel batek ondoetorria egiten die bertaratutakoei, zazpi hizkuntzatan. Horren azpian, beste kartel batek herrian bizi direnen 20 nazionalitateak aurkezten ditu. Azken hogei urteotan, pertsona migratzaileak hartzeko eta horiek herriko egunerokotasunean murgiltzeko aurrera eroandako politikek ezagutarazi dute Riace. Domenico Lucano bertako alkateak azaldutakoaren arabera, esperientzia 1998an hasi zen, "kasualitatez, Iraketik eta Turkiatik zetozen Kurdistango 200 errefuxiatu zeroatzan itsasontzi baten etorrera izan zela eta: "Horiek gurean hartu genituen herri honek sentsibilitate hori duelako".

Gaur egun, 1.800 pertsona inguru bizi dira Calabriako herri horretan, 20 nazionalitatekoak. Etorritako migratzaile eta errefuxiatuei esker, bertako ekonomia berpiztea lortu dute, baita herria biziberritu ere; hala ere, alkateak aitortu zuenez, azken urteotan bizi duten egoera ez da lehengoa bezalakoa, eta proiektua kolokan gera daiteke une batean zein bestean, diru-arazoengatik. Italiako Gobernu eskuindarrak mota horretako proiektuen kontra egin du, eta diru-laguntzak gero eta txikiagoak ematen dabilela deitoratu du Gianmichele Bosco zinegotziak; Cambiavento herri-hautagaitzako ordezkaria da bera, Catanzaron, alegia, Calabriako hiriburuan. "Autogestio arazo larriak bizi ditugu azkenaldian. Migratzaileak laguntzeko edozein proiekturen kontra egiten dabiltza", kexu da Bosco. Bizi duten sistema "arrazistan" autosufizienteak izan ahal izateko irtenbide bakarra sistematik irtetea dela ondorioztatu du Lucanok. Hori dela eta, Riacen bertako moneta darabilte proiektua aurrera eroan ahal izateko.

Harrera egiteko bestelako eredu bat

Riace atzean utzita, alde egin zutenen etxebizitzak erabili dituzte Italiatik kanpotik etorritakoak hartzeko eta bizitza hobe baten bilaketan laguntzeko. "Itxaropena sortu dugu, baina ez bakarrik Riacerentzat, baizik eta gizadiarentzat", nabarmendu du Lucanok. 1998an Kurdistango errefuxiatuei harrera egin eta hurrengo urtera, Lucanok eskaera egin zuen Riace Italiako Asilorako Programa Nazionalean sartzeko. Sistema horrek diru-laguntzak ematen dizkie asilo-eskatzaileak hartzen dituzten proiektuei. "Harrera-zentroek leku itxiak izan behar ez zutela esan zuen lehena izan nintzen ni; ateak beti zabalik izan behar dituzte mota horretako lekuek", nabarmendu du alkateak. Hala, eskaera hori onartu ondoren, Italiako Gobernuko eta Europar Batasuneko diru-laguntzei esker, Riace biziberritu egin zen eta mundu osotik etorritako beste 400 pertsona bizi dira gaur egun bertan: Palestinakoak, Kurdistangoak, Siriakoak, Etiopiakoak, Somaliakoak...

Italiako Gobernuak berak bidaltzen ditu pertsona migratzaileak Riacera, bertako harrera-proiektuan parte har dezaten. Bertan, beharrezkoak zaizkien lege-dokumentuak eskuratzeko prozesua abiatzen dute. Hala ere, arduradunek aitortu zutenez, bide hori ez da laburra izaten. Bitartean, udalerri horretan askatasun osoz bizi daitezke migratzaileak, herriko egunerokotasunean parte hartuz, bestelako zentro batzuetan ez bezala. "Hemen migratzaile denak pertsona gisa hartzen dituzte hasiera-hasieratik", nabarmendu zuen Boscok.

Mafiaren esku-hartzea

Calabrian harrerako beste hainbat proiektu aurki daitezke, baina ez Riacekoak bezalakoak. Catanzaroko zinegotziak azaldu duenez, Lucanok pauso bat harago eman du proiektuagaz, eta borroka politiko bilakatu du: "Riace berezia da, bakarra da bere ereduan. Inguruan badaude harrera egiten duten beste hainbat herri, baina, ez hemen legez. Riaceren eredua duela 20 urte jaio zen, eta, ordutik, harrera egiteaz gainera, gizarteratzeko aukera ere eskaintzen die migratzaileei".

Harrera egiten duten inguruko herriek migratzaileak hartzen dituzte, eta Gobernuak diru-laguntzak ematen dizkiete horregatik. Ostera, proiektu horiek horretan bakarrik oinarritzen dira, harrera soilean. Gainera, Boscok deitoratu duenez, bertako mafia egoera horretaz baliatzen hasi da. Askotan, harrera egiten dutenak mafiakoak dira, eta eurak izaten dira diruagaz geratzen direnak. Beste batzuetan, gainera, hartutako pertsona migratzaileez baliatzen dira egoera ez duinean eta abusuzko jardunaldietan lan egin dezaten: "Euro bana ordaintzen diete ordu bakoitzeko, modu ilegalean behar egiteko".

Riaceren harrera-proiektua kolokan dago gaur egun, arrazoi ekonomikoak direla eta. Egitasmoa martxan ipini zenean, oso harrera ona izan zuen, auzokideen eta pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen artean. "Harrerako eta bizikidetzako utopia bat izan zen", auzokideen berbetan. Hala ere, duela zenbait urte, arazoak hasi ziren, Gobernuak Lucanoren eta berak abiatutako proiektuaren inguruko ikerketak abiatu zituenean, bere sona kendu guran. Administrazio publikoan akatsak egin izanaz akusatu zuen Gobernuak Lucano; hala eta guztiz ere, ikerketek dena ondo zegoela ondorioztatu zuten.  Alabaina, orain dela urte bi, diru-laguntzak murrizteari ekin zion Gobernuak eta, bertako ekonomia asko garatu ez denez, baliabide barik gelditzear da Riace, proiektuaren etorkizuna kolokan ipiniz.

"Normaltasunaren utopia"

Riaceko biztanleen ia erdia kanpotik etorritakoek osatzen dute. Herrian harrera egiteaz gainera, bertan gelditzen diren herritarrakaz integratzeko eta modu "normalean" bizi ahal izateko aukera dute. Ohikoa da parkean futbol-partidak ikustea, ondoko terrazan adinekoak kartetan jolasten dabiltzan bitartean. Beste batzuek, bitartean, herriko hainbat proiektutan parte hartzeko aukera ere izaten dute, hala nola tailerretan, dendatan eta ortutan. Modu berean, askatasun osoa dute ondoko herrietara joateko. Hala ere, hainbat migratzaile kexu da askatasun horrek "muga" bat duelakoan: "autobus gutxi dago mugikortasunerako, ematen dizkiguten laguntzak ez dira nahikoak eta ez dago lanik".

Boluntarioen lana, beharrezkoa

Daniella izeneko emakume batek etxe bat erosi zuen Riacen aspaldi, eraikin hori zentro kulturala izan zedin. Bertan, hainbat boluntario hartzen ditu udan, bertako biztanleentzako, migratzaileentzako zein autoktonoentzako proiektuak garatu ahal izateko. Egunotan, hiru gazte dabiltza bertan beharrean: Fabia, Antonella eta Aldo. Udako hilabeteak emango dituzte bertan, umeak jagoten, eskolaz kanpokoak ematen eta laguntzen orokorrean. Emandako azalpenen arabera, orain dela gutxi emakumeentzako zenbait jarduera egin zituzten, eta horma-irudi batzuk egin dituzte herrian. "Pertsonak integratzeko lan egiten dugu, eta askotan kultura eta artea erabiltzen ditugu zeregin horretan", argitu zuten boluntarioek, "Afrikako eta Italiako kulturak batzen ditugu, integrazio hori ahalik eta hoberen egin ahal izateko".

Argazki-galeria (HODEI TORRES)

Mugak Zabalduz Riace herrian

Erlazionatuak

Domenico Guarini: “Migratzaile hauek ez dira hil, hil egin dituzte”

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018 uzt 18 Uribe Kosta

Europako politika "xenofoboak" salatu dituzte Palermon

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018 uzt 17 Uribe Kosta

Giza eskubideek mugarik ez dutela aldarrikatu du Mugak Zabalduz Karabanak

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018 uzt 14 Uribe Kosta

Abian da Mugak Zabalduz Karabana

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018 uzt 13 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun