2023an 10 urte bete dira euskarazko 76 toki komunikabide batzen dituen Tokikom taldea eratu zenetik, eta urteurrena ospatzeko gertuko kazetaritzaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu taldeak. Jardunaldiak martxoaren 24an izango dira, Getxoko ‘Olatua’ gurutzontzien terminalean. Jardunaldiotan lekua erreserbatzeko epea zabalik dago jadanik, eta martxoaren 17an itxiko da.
Koldo Tellituk, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak, liburuak bi zati nagusi dituela dio. Lehenengoan Jugoslaviarko esperientzia autogestionario sozialistari begiratzen dio. Bigarrena jugonostalgikoentzako bidaia gida moduko bat dela dio egileak, non Jugoslaviara egindako bidaiak eta bertako leku esanguratsuen errepasoa egiten dituen, arreta berezia jarriz esperientzia sozialistagaz eta partisanoakaz lotutakoetan.
Olaia Inziartek bere lehen diskoa, Lehengo Lepotikan Burua, kaleratu du, sonoritate tradizionalena abangoardistarenagaz harilkatuz. Nafarroan gero eta indar handiagoa hartzen ari den energiaz eta jakin-minez betetako artisten belaunaldi berriaren parte da. Kokatuta dagoen soinu-espazioaren adierazpena dugu disko hau, eta, oro har, pop ilun baten baitan dabilen arren, Nafarroako kantutegi tradizionalari erreferentzia etengabeak daude bertan. Melodia gogoraerraz eta alternatiboetan oinarritutako eraginen bilduma bat dela erran genezake, etxearen eta sustraien baitan ari dena, modu intimoan beti ere. Sarrera: 3 euro
Leioako campuseko Hezkuntza eta Arte Ederretako fakultateetan musika aztergai izango duten jardunaldiak egingo dituzte bihartik barikura bitartean, martxoaren 22, 23 eta 24an. Bertan, musikaren ikasketa soziala lantzen duten hainbat diziplina akademiko eta esperimentazio ikertuko dituzte, hemengo zein nazioarteko profesional eta adituk. Gainera, egun horietan zehar hainbat kontzertu ere eskainiko dituzte.
Garazi Basterretxea Bareak gidatutako idazketa tailer honetan, partaideek euren testu propioak sortuko dituzte euskal literaturako testuetatik abiatuta eta dinamika ludiko parte-hartzaileen bidez. Partaideei fikziozko lanak sortzeko tresnak emango zaizkie, gura dutenari buruz idatz dezaten. Besteak beste, poemak, ipuinak, eta narrazio laburrak landuko dira. Txokoa mistoa izango da eta testuak eta dinamikak ikuspegi feministatik hautatuko dira. Tailerra hilean behin egingo da, eguenetan 19:30etik 21:00etara, Azebarri Kultura Elkartean (Euskal Herria Kalea, 14, 48991 Getxo, Bizkaia). Hurrengo saioak honakoak dira: martxoaren 2an, apirilaren 20an, maiatzaren 4an, eta ekainaren 1ean. Izen-emateko: 619 93 55 41 / egizugetxo@gmail.com