Erakusketaren izenburuari hasiera ematen dion "kaos" hitza unibertsoaren jatorrizko egoeran zegoen desordenarekin lotzen da, eta, ondorioz, kosmosaren eraketaren aurreko hutsunearekin.
Kaosetik kosmosera: unibertsoko paisaiak zikloko erakusketa Kultur Leioako erakusketa-gelan egongo da urtarrilaren 6ra arte. Iñigo Sarriugartek komisariatu María Alonso Páez, Gorka Gondra eta Víctor Arrizabalagaren artelanen erakusketa ibiltari honek azken geldialdia egingo du Leioan, Bizkaiko hainbat udalerri bisitatu ondoren.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.
Gabon garaia gertu dago eta horregatik Urdulizko Gaztelekuan hainbat jarduera antolatu dituzte urtea ondo bukatzeko asmoagaz. Hala, abenduaren 16an gustoko sukaldaritza tailerra egingo dute eta abenduaren 21ean lagun ezkutua. Gainera, hil hasieran Gaztelekua apaindu dute eta karaoke lehiaketak ere antolatu dituzte. Ordutegia hurrengoa da: bariku eta zapatuetan 17:00etatik 21:00etara eta domeketan 17:00etatik 20:00etara.