Urduliztik eta Santa Marina ingurutik oinezko ibilbidea egingo dute ekainaren 2an, domekan. Bidean zehar, ingurua garbitu, bildutako hondakin motak aztertu eta horrek guztiak naturan sortzen duen inpaktuaz eta balizko konponbideez hitz egingo dute Tantak elkarteko antolatzaileek. Hala, tokiko jardunaren bidez inpaktu globala jorratzea da asmoa.
Produktu ekologikoak, arropa, musika zuzenean eta kriston giroa!
Erandiogoikoko jai nagusiak dira Gorpuzti jaiak, eta aurten maiatzaren azken egunetan eta ekaineko lehen aste-akabuan ospatuko dituzte, berritasun eta guzti.
Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra bitartean izango dira Lamikoko San Maximo jaiak, Leioan. Urtero legez, Lamiako Maskarada ikusgarriagaz hasiko dituzte festak barikuan, eta domeka arratsaldera bitartean, jaiak zukutzeko hamaika proposamen prestatuko dituzte auzoko jai-batzordeko kideek.
Bueltan da Barrikako Itsas Merkatua, gastronomia eta artearen erakusketa. Bertan, animazio musikalak, produktuen dastaketak, artisautza, erakusketak eta haurrentzako guneak izango dira, doako ohe elastiko eta guzti. Itsaskiak, ostrak, bertan egindako mojitoak, olio dastaketak egiteko salmahaiak egongo dira, beste askoren artean.
Tokiko toponimia ezagutzeko ibilbideak abiatuko dituzte bihar, martitzenean, Getxon. Urtero bezala, udalerriko auzoak eta txokoak, eta euren izenak hobe ezagutzeko egitasmoa Bizarra Lepoan elkarteagaz elkarlanean antolatu ditu Udalak. Horietan, parte hartzaileek udalerriko toponimia eta historia, ondare kulturala, paisaia, geologia, fauna eta abar ezagutuko dituzte. Azalpenak euskaraz izango dira, eta norbaitek ulertzeko arazorik izango balu, bere mailara egokituko lirateke azalpenak.
Erandioko Musikaren hilabeteak estilo eta gustu askotako 25 kontzertu ekarriko ditu ekainean zehar. Udalerriko kaleak doinuz beteko dituzten emanaldiak Astrabuduako Josu Murueta plazan, Altzagako Irailaren 23a plazan, Erandiogoikoan, Faoetan eta Martiartun egingo dituzte.
Udaberri bete-betean gaudela, eguraldi ona aprobetxatuta, aire zabaleko arte eszenikoen programazioari hasiera emango diote zapatuan, hilaren 4an, Getxon. Hala, aste honetatik aurrera, eta urriaren amaiera bitartean, adin guztiei zuzendutako antzerki, dantza, zirku eta askotariko generoez gozatzeko aukera egongo da Areetako Xake plazako anfiteatro berrian. Zapatu honetan Cía Maite Guevararen Susto zirku-clown saioa egongo da gozagai, 21:00etatik aurrera.