Abuztuaren 17an, pertsona guztiak erroldatzeko eskubidea bermatzeko protokoloa eskatuko du Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeak, urtero Plentzia eta Gorlizen egiten duen Marea Horia ekimenean. Beste behin, lurretik zein itsasotik badia horiz tindatuko dute, Astondon hasi eta Ontziola plazan bukatuko den giza-kateagaz. 12:00etan abiatuko dute errefuxiatuen eskubideen aldeko ekimen jendetsua.
Udaberri bete-betean gaudela, eguraldi ona aprobetxatuta, aire zabaleko arte eszenikoen programazioari hasiera emango diote zapatuan, hilaren 4an, Getxon. Hala, aste honetatik aurrera, eta urriaren amaiera bitartean, adin guztiei zuzendutako antzerki, dantza, zirku eta askotariko generoez gozatzeko aukera egongo da Areetako Xake plazako anfiteatro berrian. Zapatu honetan Cía Maite Guevararen Susto zirku-clown saioa egongo da gozagai, 21:00etatik aurrera.