Hauek izan dira 2024an hiruka.eus atariko hamar edukirik ikusienak

Erredakzioa 2025ko urt. 2a, 10:06

Daborduko 2025ean sartuta egon arren, atzera begira jarri eta iaz hiruka.eus webgunean gehien ikusitako albisteen zerrenda egin dugu. Jaien egitarauak izan dira ikusienak, zalantza barik, baina horiekaz batera, bereziki polemikoak izan diren gaiak, elkarrizketak eta sorpresaren bat ere azaldu da.

Uztailaren 27tik 31ra ospatu ziren Algortako jaien egitaraua izan zen iaz bisita gehien jaso zituen albistean; eskualdean parrandazale asko dagoelako izango ote da? Festa horien hasierak irudi ederrok utzi zizkigun.

Jaiakaz jarraituta, Erandioko Astrabuduko jaien egitaraua izan zen bisita gehien jaso zituen bigarren albistea. Horien hasierako jaitsieran ere izan ginen, hemen emaitza.

Getxo Arraun Elkartearen inguruan hainbat kirolarik egindako salaketak ere interes handia piztu zuen urteko azken asteetan; ikusteke dago gaiak nola jarraitzen duen.

Maiatzaren 26an, San Nikolas Ikastolak antolatu zuen iazko Bizkaiko ikastolen jaialdia. Hainbat herritarrek parte hartu zuten Algortako kaleak hartu zituen ekitaldi erraldoi horretan, eta ikusienen artean sartu da horren egitarauko albistea ere.  

Otsailean, Sopelako BHIko irakasleek salatu zuten hainbat ikasleren gurasoek irakasle bati eraso egin ziotela, ikasle batzuei irekitako bizikidetzaren aurkako jokabideengatiko ezohiko prozeduraren ondorioz.

Algortako jaiak aipatu ditugu, baina horiekaz batera, bereziki ospetsuak dira Portu Zaharreko jaiak ere, eta horien egitaraua ere sartu da zerrenda honetan. Horietan ere izan zen HIRUKA; hemen bertan aterako argazkien galeria.

Hiru saiakera behar izan zituen Ertzaintzak Berangon okupatutako Otxandategi dorretxea eta horren inguruko lursailak husteko. Maiatzean gertatu zen hori eta proiektua babesteko bertan batu ziren hainbat gazte indarrez atera zituzten 15 furgonetetan bertaratutako ertzainek. Tartean, atxilotu bat eta zauritu bat izan ziren, eta kazetarion lana ere oztopatu zuten.

Kirolen inguruko albisteen artean, Antzarrak taldeko emakumeek martxoan eskuratu zuten garaipena nabarmendu da. Horren harira, elkarrizketa ere egin genien, beraien esperientzia azaltzeko.

Iaz, eskualdeko udalerrietako tokiko komertzioak ezagutzera ematearen bitartez horiek hauspotzeko #0KM proiektua abiatu genuen, beraz, pozgarria da irakurrien arten horietako bat ere azaltzea. Aurten ere bere horretan jarraitzeko asmoa dugu, gurean ere tokiko komertzioei lekua egiteko.

Ikasturte berriagaz batera, harrabots handia eragin zituen irakasle batek sare sozialetan egindako iruzkin faxistak, sexistak eta xenofoboak. Hainbat ikaslek bere gaitzespena adierazi zioten eta, azkenik, ordezkapena egiten ari zen irakaslea EHUtik kaleratu zuten. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun