Bihar, barikua, Begoñako galerien proiektuaren barruan, "Lurralde antolamendua eta globalizazioa: geure nortasunari euts diezaiokegu?" izeneko jardunaldia egingo da, Agustín Azkarate EHUko Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedraren zuzendariak koordinatuta. Jardunaldia doakoa izango da, baina, aurrez izena eman behar da bertaratzeko www.jakiunde.eus webgunean.
Getxophotoko lantaldeak zabaldu duenez, aurten ospakizunetan dabil Getxo udalerria eta argazkilaritza lotu dituen festibala; besteak beste, bere 10. edizioan, irudi berria erakutsiko du. Balorazio laburra egin dute Getxophotoko kideek egindako ibilbideaz: "hamar urte argazkilaritza jorratzen" izan dira, "adierazpide, ezagutza eta gozamen estetikorako tresna bezala ulertuta". Hala, atzera begira hasi diren seinale-edo, aurten jaialdia "denboraren joanaz arituko da", "Denbora" erakustaldiaren bitartez. Urriaren 2ra arte udalerriko kale eta gune publikoak hartuko ditu.
Fadurako udal kiroldegian egingo da hil honen 17 eta 18an lehen eta bigarren mailako Espainiako Ultimate Frisbee Txapelketa, modalitate mistoan. Espainiako Estatuko hainbat tokitako 20 bat talde gerturatuko da Getxo udalerrira; Fadurako Kirolarien Egoitzan hartuko dute ostatu. Diskolaris Ultimate Bizkaia Klubak antolatutako txapelketa da, Getxo Kirolak erakundearen laguntzagaz. 400 bat parte-hartzaile bilduko dira, lehiatzeko.
Getxoko Udalak eta EHUk Begoñako galeriak ezagutarazteko bisita gidatuen ibilbide berria aurkeztu dute gaur goizean. Galeriak bihar, eguenean, irekiko dira berriro, eta urriaren amaiera arte egongo dira zabalik. Hala, EHUk 2015ean egindako ikerketa eta berreskuratze lanen ondoren, galerien eremu berria eta haiek balioan jartzeko prozesuan aurreikusitako ekintzak ezagutu daitezke.
Urriaren 2ra arte, Getxo udalerriko kale eta gune publikoak beteko ditu Getxophoto Argazkigintza Jaialdiak; hogei erakusketa eta hainbat jarduera programatu dituzte. Oraingo honetan, Denbora edukiko du ardatz jaialdiak: zelan erakusten, aditzera ematen eta komunikatzen duen denboraren espazioa argazkigintzak. Begihandi elkarteak antolatuta, Getxoko Udalaren eta "hainbat txoko-kide, dendari, ostalari eta zaleen laguntza dauka" jaialdiak, Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendari eta komisarioak adierazi duenez.
Jatorri eta herrialde oso ezberdinetatik heldutako musika-bandak entzungai egongo dira irailaren 16tik 18ra Altzagan eta Astrabuduan. Izan ere, Leioa, Basauri eta Sestaoko udalek ez bezala, Musikaleri eustea erabaki zuten 2013an Erandioko agintariek; jaialdiak 16 urte beteko ditu aurten.
Irailaren 22ra arte iraungo duen Europako Mugikortasunaren Asteari emango diote gaur, barikuan, "Mugikortasun adimentsua. Ekonomia sendoa" lemapean. Edizio honetan ekimen bi aurkeztuko dira: aparkalekua eta autoa partekatzekoa. Gainera, jarduera-programa oparoa eskainiko da; besteak beste, ohi den moduan, "Autorik gabeko eguna", domekan, hilak 18, egingo da.
Irailean behingoz helduko da jaiez gosetutako urduliztarren txanda; hala, hilaren 5ean andramarien ospakizunak abiatuko dituzte, areto-futbol txapelketagaz; edozelan ere, txupina jaurtiko dute irailaren 7an, eguaztena, udaletxeko balkoitik, Sabin Merino bertoko Athleticeko jokalariak pregoia irakurri ostean; ordutik aurrera, udalerria jai-giroan murgilduko da.