Irailaren 20an, 10:00etan, Lemoizko eskolan.
Bi hamarkada bete ditu Lemoizko herri-eskola txikiak eta, urtemuga hori ospatu guran, egitarau berezia prestatu dute biharko, eguaztenerako, 10:00etatik aurrera. Ekitaldi ofiziala egingo dute ordu horretan, elizaren ondoko plazan; ondoren, 10:45ean, hamaiketakoa jan eta diskofestari ekingo diote 11:15ean. Azkenik, 12:45ean, ume, irakasle eta gainontzeko denak mugimenduan jartzeko zazpi jauziak dantzatuko dituzte.
Udako jaien azken txanpa ospatuko dute Urdulizen irailaren 7tik 17ra bitartean. Egun horietan Andra Mari jaiak ospatuko dituzte, lehen aste-akabuan Landa inguruan eta Elortzan hurrengoan. Bertan, adin guztietako urduliztarrentzako jarduerak egingo dituzte, hala nola kuadrillen lehiaketak, kontzertuak, umeentzako ekintzak... Gainera, urtero legez, hilaren 23an eta 30ean Herri Ibilaldia eta plater tiro lehiaketa egingo dituzte, hurrenez hurren.
Irailetik aurrera eta ikasturte berriaren hasieragaz, ingurugiro eta birziklapenari buruzko Inguru Minguru tailerrak bueltatuko dira Barrika, Berango, Lemoiz, Plentzia, Urduliz eta Gorlizko udalerrietara. Tailerrak 4 urtetik gorago umeentzat zuzenduta daude, eta iraila eta urria arteko bariku orotan tailer bat emango dute Mankomunitateko herri bakoitzean, arrastiko 17:00etatik 19:00etara. Helburua da haurrei erakustea ingurugiroarekiko errespetua, besteak beste: baliabide naturalak modu egokian erabiltzearen arduraz sentsibilizatzea, hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz jabearaztea, baita birziklatzea eta berrerabilpena bultzatzea ere.
Garazi Basterretxea idazleak eta Maite Mentxaka ilustratzaileak osatutako Aitite Magikoa ipuin ilustratuan oinarritutako erakusketa egongo da ikusgai Abian Kultur Elkartean (bidebarri 2 behea, Algorta). Garaziren aititerentzako urtebetetze opari gisa osatutako lanak doluaren eta memoriaren inguruan dihardu, pertsona maitatu baten galeraren ondorengo prozesua azaltzeko. Liburuak jasotzen dituen ipuinekin egin genuen bezala, argitalpenean erabilitako ilustrazio-teknika ezberdinez gozatzeko aukera izango dugu oraingoan, irailaren 7tik urriaren 7ra bitarte. Lana 2022an argitaratu zuten, eta garai hartan Hirukak elkarrizketatu zituen bi sortzaileak.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.
"Uztartu eta mugitu!" lelopean, Europako Mugikortasun Astea hartuko du Getxok irailaren 16tik 22ra. Tarte horretan, doako askotariko jarduerak egingo dituzte udalerrian, tartean bizikletan ibiltzen ikastekoa edota ibilgailu horiek elektriko bihurtzekoa. Ohiko ekimenez gainera, aurten hurrengoak nabarmendu dituzte: BAT puntua, ibilbidea uretako bizikletaz”, skate tailerra edo Eskola Bideak Lehiaketa, besteak beste. Domekan, gainera, europar ekimen honen jatorria den Autorik gabeko Eguna ospatuko dute.
Bihartik, eguaztenetik, zapatura bitartean, Getxoko saltokiek euren produktuak aterako dituzte kalera berriro ere. Hala ere, euria eginez gero, irailaren 25era (astelehena) eta 26ra (asteartea) luzatuko lukete azoka. Aurrekoetan bezala, ekimen honen helburua da tokiko merkataritza sustatzea eta erakustea merkataritza-sektoreak herritarrei eskaintzen dizkien produktu guztiak. Parte hartuko duten enpresek getxoztarrei eta bisitariei askotariko produktuak eskainiko dizkiete, "oso prezio onean".