Bederatzigarrenez, abenduaren 9tik 15era familia eta hezkuntza jardunaldiak antolatu ditu Uribe Kostako Mankomunitateak. Esku-hartze sozio-edukatiboko taldeak daborduko izena emateko epea ireki du eta hemen inskribatu daitezke interesatuak. Oraingo honetan, programatutako saioak emozionalki zailak diren egoerei eta autolesioei aurre egiteko moduari buruzkoak izango dira.
Ekin Bidaia gazteekintzailetzako programa abiarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak Uribe Kostan eskualdeko Udalakaz duen Gaztedi Uribe Kosta hitzarmenaren bidez. Programa horrek ideia batetik abiatutako proiektu ekintzaileei laguntza ematen die, kontzeptu horretan sakonduz eta abian jartzeagaz lotutako alderdi guztiak landuz. Horretarako, bidaiaren analogia erabiliko dute: irteeratik (ideia) helmugaraino (azken proiektua), geldialdi desberdinez osatutako ibilbidea egingo dute. Parte hartzeko ondorengo inprimakia bete daiteke urriaren 19a baino lehen: izen-ematea hemen.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.