Elkarrizketak

Iban Rodriguez: "Gure bizilagun guztiekin hitz egiteko prest gagoz, Udaleko ateak eta nire bulegokoak beti irekita aurkituko dabez"

Ander Zarraga 2024ko ots. 14a, 09:00

Iban Rodriguez Leioako alkatea da 2019tik. © LEIOAKO UDALA

Lehen hezkuntzako irakaslea izan arren, Iban Rodriguez Etxebarriak (Leioa, 1978) 2013tik darama Leioako Udalean, EAJ alderdian. Lehen Alkateordea eta Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzia izan zen bi agintaldiz, 2019an alkate izendatu zuten arte, eta 2023an, bigarren agintaldirako berrautatua ere izan zen. Beragaz egon gara agintaldi honetan Leioak dituen hainbat erronka eta egitasmoren inguruan berba egiteko.

Duela gutxi, 2027ra bitarterako Agintaldi Plan berria aurkeztu duzue. Zeintzuk izango dira hurrengo lau urteetarako aurreikusi dituzuen egitasmo nagusiak?

Pasaden abenduan Leioako 2023-2027 Agintaldi Plana aurkeztu genduan, guretzat une garrantzitsua benetan, gogoeta sakona egin ondoren, gure herriko beharrak identifikatzen dauazan dokumentua dalako, atzean ez geratzeko lehentasunezkotzat jotzen doguzan eremuak garatu ahal izateko.

Gure Agintaldi Planak hiru eremu estrategiko ezartzen dauz: Leioa Irekia, Leioa Bizi  eta Leioak Zaindu Egiten Zaitu. Eremu hauek funtsezko hiru helburu orokorrak dituzte: alde batetik, kudeaketa berritzaileagoa, hurbilagoa eta parte-hartzaileagoa izatea; beste aldetik, Leioa bizitzeko, bisitatzeko eta ekiteko erakargarriagoa izatea, eta azkenik, gure herria ekitatiboagoa izatea, pertsona guztiak zainduak senti daitezen. Hiru eremu estrategiko horiei aurre egiteko, 15 erronka eta 70 proiektu ezarri doguz.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira zure ustez Leioak dituen erronka nagusiak? Nola egingo diezue aurre?

Agintaldi Planaren dokumentuan ezarri doguzanak. Dokumentua egiteko benetako hausnarketa zabala egin genduan, gure eremuen, gure ildo nagusien, baita gure erronken inguruan.

Batetik, Leioa Irekia eremuari dagokionez, komunitate parte-hartzailea sustatuko dogu eta komunitatearen garapena bultzatuko dauan ingurunearen alde jokatuko dogu. Gainera, gure gobernantza eta gardentasunarekiko konpromisoa helarazi nahi dogu eremu honetan, Udal hurbilagoa, kudeaketa gardena eta herritarrekin lan-espazioak sortzeko, hain zuzen ere. Leioa Hub delako erronka ere badugu, kultura eta gizarte arloetan Leioa berrikuntzako laborategi bihurtzeko beharrezko baldintzak bideratzeko eta lankidetza-jarduerak sustatzeko egitasmoa.

Bestetik, Leioa Bizi eremua kontuan hartuta, erronka garrantzitsuak dekoguz; adibidez, Torresolo Kiroldegia, mugikortasun iraunkorra sustatzea, auzoen birgaitzea, lurralde-orekatua izateko hiri-garapena bultzatzea eta jarduera ekonomikoa eta tokiko merkataritza sortzeko gune erakargarri modura promozionatzea. Baita klima-aldaketak dakartzan erronkei ekitea ere, bertan bizitzeko erakargarritasuna sustatzea eta Leioa turismo-helmuga moduan sustatzeko.

Azkenik, Leioak Zaindu Egiten Zaitu eremua dekogu. Komunitate irekia, elkarlaneko, feminista, solidarioa, askotarikoa eta inklusiboa sortzen jarraituko doguna. Leioa osasuntsua, kulturala eta hezitzailea izatea ere nahi dogulako, eta horretarako hainbeste proiektutan arituko gara.

Eta hori guztia, gure sustraiak ahaztu gabe, gure identitatea, tradizioa eta euskal kultura mantenduz.

"Leioaztarrentzat ez da ona batzuek osoko bilkurak gaitzespenak soilik egiteko erabiltzea, gainera gaitzespen horiek askotan pertsonalak dira, errespetu faltaren ingurukoak eta errealitatearekiko leialak ez diranak"

Aurreko udal-hauteskundeetan gobernu-taldea osatzen duzuen alderdiek, EAJ eta PSE-EEk, zinegotzi bana eta hainbat boto galdu zenituzten, zergatik uste duzu gertatu zela hori?

Joan den maiatzeko hauteskundeetan, EAJ-PNV alderdi politiko bozkatuena izan zan berriro ere, leioaztarren babes handiena lortu ebana. Leioan lehen indar politikoa gara, bigarrenetik oso urrun, EAJ-PNVk zortzi zinegotzi ditu eta bederatzigarrena bozka gitxi batzuengatik ez genduan lortu; bigarren indarrak bost zinegotzi daukaz eta guk baino 2500 bozka gutxiago.

Herritarrek berriro ere gugan konfiantza izan eben, eta une hartan alkategaia nintzanez, berriro sentitu neban nire auzokideen babesa. Harro egoteko modukoa da, baina, baita erantzukizuna betetzekoa ere.

Hori horrela izanda, emaitza batzuen ostean hausnarketak egin behar dira eta egin doguz. Hala eta guztiz ere, aurreko lau urteak zelakoak izan diran kontutan izanda, pandemia medio… uste dot jendea gugan jarritako konfiantza nabarmentzekoa dala oso.

Nolakoa da Udalbatza osatzen duzuen alderdien arteko giroa?

Gu beste alderdi politikoekin lankidetzan aritzeko prest gaude, zer esaten daben entzuteko prest beti, guk adostasuna eta akordioa lehenesten doguz, liskar politikoaren gainetik. Baina, lankidetza hori errespetuan oinarritu behar da.

Leioaztarrentzat ez da ona batzuek osoko bilkurak gaitzespenak soilik egiteko erabiltzea, gainera gaitzespen horiek askotan pertsonalak dira, errespetu faltaren ingurukoak eta errealitatearekiko leialak ez diranak. Ezin da osoko bilkura batera, batzorde batera edo daukagun edozein solasean aritzeko kanalera joan, eta kritika suntsitzaileak egin helburu bakarrarekin. Kritika eraikitzailea izan beharko zan, horrela balitz askoz hobe izango litzatekeelako guztiontzat, baita leioaztarrentzat ere.

Baina esan beharra dago kameratik kanpo, alderdi gehienekaz harremana zuzena eta adeitsua dala.

Herritarren parte-hartzea sustatzeko hainbat bide eta jarduera jorratzen dira Leioan. Zeintzuk dira egitasmo horietatik ateratzen dituzun ondorio nagusiak? Politika egiteko bide berriak zabaltzen ari direla esango zenuke?

Hau ez da barria Leioan. Urte asko daramatzaguz bide horretatik. Hainbat kasutan gainera, bai Euskal Herrian zein kanpoan erreferente izaten.

Komunitate parte-hartzailea sustatzea eta komunitatearen garapena bultzatuko duen ingurunearen alde egitea da, hain zuzen ere, 2023/2027 Agintaldi Planean ezarri dogun erronketako bat. Konpromiso hori betetzen lagunduko deuskuen parte-hartze eta entzute aktiborako proiektuetako batzuk duela gutxi jarri doguz martxan.

"Alkatearekin Partekatzen" programa garatzen hasi gara. Herritarrei irekitako bederatzi topaketa dira, eta Leioako bizilagunekin udalerrirako dauzkien kezkak, beharrak edo lehentasunak partekatzeko aukera izango dot. Erantzunkidetasuneko, lankidetzako eta partaidetzako proiektu bat da, benetan erabilgarria eta interesgarria.

Horrez gain, aurreko urtarrilaren 24tik, herritarrekin zuzenean komunikatzeko tresna berri bat dogu: LeioApp. Aplikazio erraz eta intuitibo bat da, herritarrek gure kale, plaza edo parkeetan ikusten dituzten intzidentzien berri berehala eman diezaguten.

Eta datozen egunetan, Aurrekontu Irekien edizio berria hasiko dogu, gure bizilagunen proiektuak eta ideiak Leioa 2025eko Udal Aurrekontuetan sartu ahal izango dira.

Leioan garatzen ditugun politikek herritarren beharrei eta eskarei dagokie, beraiek azaltzen, eskatzen, jakinarazten deuskuenen arabera.

Politika egitean herritarrak dira nagusi, bestela politikak ez luke zentzurik izango. Guk ez dogu politika egiteko beste modurik ulertzen, herritarren zerbitzura ez bada. Eta horrela daroagu egiten betidanik. Emoten dau asmatutako gauza barria dala baina hori ezta holan.

"Avanzada estaltzea mugarri izango da Leioarentzat eta bizilagunentzat. Gaur egungo herriko argazkia guztiz aldatuko baita"

Avanzada estaltzeko lanak martxan daude. Nola uste duzu geratuko dela Leioa horiek bukatzen dituztenean?

Avanzada estaltzea mugarri izango da Leioarentzat eta bizilagunentzat. Gaur egungo herriko argazkia guztiz aldatuko baita. Daukagun arrakala, neurri handi baten, desagertuko da hirigune berri bihurtuz, Boulevard berri bat sortuz.

Leioako bizi-kalitateak jauzi handia egingo dau. Udalerriko azken urteotan obrarik garrantzitsuenetako bat da eta gero eta gertuago dago hori gozatu ahal izateko.

Une honetan, gutxien gustatzen zaigun fasean gauz, eragozpenen fasean, baina, edozein obratan bezala, ezinbestekoa da eta gure bizilagunak primeran ulertzen eta onartzen ari dira, beraien jarrera benetan eskertzekoa izaten ari da.

Itsasadarreko tunelak trafikoa % 33 areagotu eta Artatza parkearen zati bat desagertaraziko duela aurreratu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Uste duzu egitasmoa egokitu beharko litzatekeela kalteak ekiditeko?

Itsasadarreko tunela Bizkairako proiekturik garrantzitsuenetako bat da, eta funtsezko tresna ere bada, trafikoa arinduko daualako eta lurraldeko gaitasun handiko bideetako puntu gatazkatsuenetan, Avanzadan, besteak beste, trafikoa arintzen lagunduko daualako. Horrez gain, tunelak gehiago hurbilduko dauz Eskuinaldea eta Ezkerraldea.

Dana dan honen inguruan arintasun handiz berba egiten dala uste dot. Txostenen alde txarrak soilik nabarmenduz eta askotan irakurketa partzialak bakarrik egiten. Esate baterako, Artatza parkea zelan geldituko danaren harira, nik dekodazan informazioak ez dira alde batzuetatik aipatzen eta zabaltzen ari diranak.

"Udalerri berdea garela; izan ere, 20 metro koadro baino gehiagoko inguru berdegune publiko dauzkagu biztanle bakoitzeko. OMEk biztanle bakoitzeko 10-15 metro koadro berdegune gomendatzen dauazanean"

Entzun dugu Leioan eraztun berde bat osatzeko nahia azaldu dutela hainbat herritarrek, egingarria dela uste duzu?

Gure aginte-programan, Leioa gero eta udalerri atseginagoa egiteko proiektuetako bat da, naturaz gozatzeko, aisialdirako eta gune berdeekin. Leioa Bizi.

Egia da oso udalerri berdea garela; izan ere, 20 metro koadro baino gehiagoko inguru berdegune publiko dauzkagu biztanle bakoitzeko. OMEk biztanle bakoitzeko 10-15 metro koadro berdegune gomendatzen dauazanean. Parke handiak daukaguz, hala nola Artatza edo Pinosolo, azken hau orain erakargarritasun natural berri batekin, Basajaun, baina, herritarrek hain ondo baloratzen dabezan gune horiek zabaltzen eta lotzen jarraitu nahi dogu.

Iaz, Leioako hainbat elkartek Leioa Bizigarri koordinakundea osatu zuten. Zer iruditzen beraien aldarrikapenak? Beraiekin batzeko aukera izan duzu, edo aurreikusten duzu elkartzea?

Herritarrek batzeko eta aldarrikapenak egiteko eskubide osoa dute, nola ez.

Oposizioko alderdiei buruz lehen esan dodan bezala, gu gure bizilagun guztiei hitz egiteko eta beraiek entzuteko prest gagoz, haien zerbitzura gagoz eta Udaleko eta nire bulegoko ateak beti irekita aurkituko dabez.

Eurekaz batzartu gara edo behintzat bertan batuta dauden elkarte guztiekaz. Horrek ez dau esan nahi amen egin behar deutsagunik eurek esaten daben guztiari. Hauteskundetara proiektu bategaz aurkeztu ginan eta horren arabera jokatuko dogu. Ateak beti zabalik baina beti markatutako lerro estrategikoetatik abiatzeko.

Kuriosoa dana da hauteskunde garaian koordinadora horrek izandako lan-karga eta behin hauteskundeak pasata gertatutakoa. Ikusiko dogu oin berriro hauteskundeak datozala zein dan bidea.

"Plataforma honek administrazio errekurtsoa jartzeko aukera eta eskubidea du, hori aspaldi esan dogu"

SOS Kurkudi plataformak epaitegietara eraman du Domingotarren komentuaren HAPO aldaketa. Proiektua geldiarazi dezakete?

Hori horrela izateko epaile batek esan beharko du. Aurrera eramateko Udalbatzarrean onartutako aldaketak erakunde ezberdinetako –Udala, Bizkaiako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza– txosten juridiko zein teknikoen babesa du eta gure erabakia horietan oinarritu dogu.

Plataforma honek administrazio errekurtsoa jartzeko aukera eta eskubidea du, hori aspaldi esan dogu.

Kiroldegiez ari garela… Nola ari da garatzen Torresoloko kiroldegiko proiektua?

Agintaldi honetarako gure proiektuetako bat ere bada. Leioarako beharrezkoa den azpiegitura da, gure bizilagunek merezi daben mailako kalitatezko kirol-gune eta gune osasungarria izango delako.

Bidea ez da laburra izaten ari. Bere momentuan, kluben beharrak jaso, behar ziran txostenak egin, proiektua nork egingo eban erabakitzeko lehiaketa martxan jarri, irabazlea nor izango zan erabaki eta proiektua bera egitea kontratatu genituen. Jadanik proiektuaren azken fasean gauz eta behin proiektua eukinda, obraren lizitazioa egin behar dogu obra lehen bai lehen hasteko.

Pinuetan TAO zerbitzuak hiru hilabete baino gehiago bete ditu. Emaitza esperotakoa izan da? Udalerriko beste tokietara zabaltzea aurreikusi duzue?

Emaitza momentuz oso ona izan dala esango nuke. Inguruko bizilagunekin hitz egiteko aukera izan dogu eta esan deuskuena da lehen arazoa zana orain konpondu dala. Merkatariek ere pozik daudela jakinarazi deuskue. TAOri esker, inguruko biztanle askok beren ibilgailuak etxebizitzetatik gertu aparkatu ahal izan dabez, beraien bizi-kalitatea areagotu egin dogu eta bertako trafikoa nabarmen txikitu.

Hala ere, gure asmoa ez da izan inongo momentuan herriko beste esparru batzuetara eroatekoa. Dana dan, esan beharra dago auzokideren baten batek bai eskatu deuskula. Baina esan bezala ez da daukagun lehentasun bat eta etorkizunean erabakiren bat hartu beharko balitz, patxadaz aztertu beharreko kontu bat dala uste dot.

Leioa udalerri dinamikoa da, hainbat kultur jarduera, kirol-talde eta hamaika proposamen daude urte osoan zehar. Udalak arlo horietako jarduerak antolatzen dituenean zer da bilatzen duzuena?

Askotan entzun izan dogu Leioa lo egiteko herria dala baina zuk esan bezala, Leioak badu bizi handia. Elkarte eta klub asko daukan herria da eta horrek bizitasun berezia emoten deutso. Publiko ezberdinetara bideratzen doguzan jarduera ugari antolatzen doguz urtean zehar, gazte, familia, heldu, edota umeentzat zuzenduak, batzuetan euskaraz bestetan erdaraz.... Zer bilatzen dogun programa zabal honekin? Lehenengo eta behin, leioaztarrak urteko edozein sasoian gure aisialdia herritik irten gabe aprobetxatu eta gozatzeko proposamenak izatea, kalitatekoak eta anitzak.

Beste aldetik, herria eta sektorea bera dinamizatzea ere bilatzen dogu. Umore Azokaren adibidea dekogu hor, urtero estatuko eta nazioarteko mapan kokatzen gaituena. Kaleko arte eszeniko onenen erakusleiho bihurtzen gara eta Euskal Herriko konpainientzako erakusleiho itzela da baita. Horrez gain, hainbeste bisitari erakartzen ditu Leioara; ezagutzen gaituztenak, gure ostalaritzan jaten dabenak eta gure herriko dendetan erosten dabenak, hori da herri bat dinamizatzea, eta harrotasuna sortzea ere bai.

Hori guztiaz gain, ikastea da ere helburu bat. Kulturaz gozatzeaz aparte, ikasi ere egin ahal dogu. Eta gurea propio dan kultura ez galtzeko, irakatsi egin behar da baloratzen eta maitatzen. Horretan ere ahalegintzen gara.

Astez aste hainbat ekitalditan ikusten zaitugu. Nola uztartzen dituzu bizitza pertsonala eta betebehar politikoak?

Nik ustez lan politikoak edo beste edozein lanak eduki ditzakeen beharretik ez dagoala alde handirik. Askotan zaila izateaz baino, ezinezkoa izaten da guztira heltzea, baina argi daukat dana uztartzen saiatu behar nazala. Alkate moduan nire eginkizunei aurre egiten deutsiet gogoz eta nire aita lanari bebai. Horrek askotan suposatzen dauana da asteburuan deskantsatu beharrean oso nekatuta amaitzen dodala. Gehienetan, alboratu egin beharrekoak koadrilako planak izaten dira, nahiz eta ahal danean aprobetxatu behar dira baita.

"Leioa herria ikusi daikezu handik hala nola itsasadarra eta Serantes eta bere inguruko mendiak ere. Benetan lasaitzeko eta zoriontsu sentitzeko lekua dala niretzat"

Leioako lekuren bat zuretzat berezia dena? Zergatik?

Zalantza barik Monte Ikea auzoa. Bertan hazi nintzalako eta txikitako oroimen politak daukadazalako. Handik instituturako bidean, oinez egiten genduala, badago zelai baten plataforma txikitxo bat zeinetik paraje zoragarria ikusten dan. Leioa herria ikusi daikezu handik hala nola itsasadarra eta Serantes eta bere inguruko mendiak ere. Benetan lasaitzeko eta zoriontsu sentitzeko lekua dala niretzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun