Ekin Bidaia gazteekintzailetzako programa abiarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak Uribe Kostan eskualdeko Udalakaz duen Gaztedi Uribe Kosta hitzarmenaren bidez. Programa horrek ideia batetik abiatutako proiektu ekintzaileei laguntza ematen die, kontzeptu horretan sakonduz eta abian jartzeagaz lotutako alderdi guztiak landuz. Horretarako, bidaiaren analogia erabiliko dute: irteeratik (ideia) helmugaraino (azken proiektua), geldialdi desberdinez osatutako ibilbidea egingo dute. Parte hartzeko ondorengo inprimakia bete daiteke urriaren 19a baino lehen: izen-ematea hemen.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.
Urriaren 28an eta 31n Euskal Herriko gaurik ilunena ospatuko dute Berangon. Horretarako, askotariko jarduerak egingo dituzte, hala nola txokolate-dastaketa, mozorro-lehiaketa eta -desfilea, eta kontzertua. Hala, adin guztietarako eskaintza egongo da udalerrian bi egunotan.
Urrian hainbat ekimen antolatu ditu Gorlizko Udalak Ondarearen Europako Jardunaldien barnean. Besteak beste, hilaren 20an, Latsariak dokumentala proiektatuko dute Gorlizko udaletxean, arrastiko 19:00etan. Hala, herriko emakumeen bizipenen eta testigantzen lekuko izan zen gunea oroitu gura dute, izan ere, emakumeen harreman sozialerako topagune izan ziren horiek. Halaber, Sertutxena eraikinean Mitologia pertsonaiak erakusketa egongo da ikusgai hil osoan zehar. Bertan, Aritza Bergara idazleak egindako deskribapenak eta kondairak egongo dira. Bukatzeko, urriaren 31n, Gau Beltza ospatuko dute: arrastiko 17:00etatik aurrera Ibarreta plazan, musika, dantza tradizionalak eta jatekoa eskainiko dituzte. Hala, Gorlizko bizilagunek herriko euskal kultura eta mitologia ezagutzeko aukera izango dute gau ahaztezin batez gozatzen duten bitartean.