Irailaren 1ean, Stellantisek Urdulizko Mecaner lantokia itxi zuen, eta 148 langile lanik gabe utzi zituen. Harrezkero, enpresarentzako alternatiba ekosozial baten alde borrokan aritu dira. Horregatik, Uribe Kostako eragile sozial guztiei dei egin diete eraldaketa sozial justu eta iraunkor bat diseinatzeko. Lehenengo asanblada maiatzaren 28an izango da, Urdulizko kultur etxean, arrastiko 18:30ean.
Erandiogoikoko jai nagusiak dira Gorpuzti jaiak, eta aurten maiatzaren azken egunetan eta ekaineko lehen aste-akabuan ospatuko dituzte, berritasun eta guzti.
Tokiko toponimia ezagutzeko ibilbideak abiatuko dituzte bihar, martitzenean, Getxon. Urtero bezala, udalerriko auzoak eta txokoak, eta euren izenak hobe ezagutzeko egitasmoa Bizarra Lepoan elkarteagaz elkarlanean antolatu ditu Udalak. Horietan, parte hartzaileek udalerriko toponimia eta historia, ondare kulturala, paisaia, geologia, fauna eta abar ezagutuko dituzte. Azalpenak euskaraz izango dira, eta norbaitek ulertzeko arazorik izango balu, bere mailara egokituko lirateke azalpenak.
Udaberri bete-betean gaudela, eguraldi ona aprobetxatuta, aire zabaleko arte eszenikoen programazioari hasiera emango diote zapatuan, hilaren 4an, Getxon. Hala, aste honetatik aurrera, eta urriaren amaiera bitartean, adin guztiei zuzendutako antzerki, dantza, zirku eta askotariko generoez gozatzeko aukera egongo da Areetako Xake plazako anfiteatro berrian. Zapatu honetan Cía Maite Guevararen Susto zirku-clown saioa egongo da gozagai, 21:00etatik aurrera.