Vicrilako langileek kolokan ikusten dute 125 urteko historia. Hartzekodunen konkurtsoan dago Lamiakoko beirategia, eta langile-batzordeak iragarri du mobilizazioak egingo dituztela Vicrilak (Vidrios y Cristales de Lamiaco) "etorkizun duin bat" izan dezan. Hala, martitzen honetan, azaroak 8, 10:00etan abiatuko dira lantegitik, 11:00etan Leioako udaletxera iristeko. Zuzeneko 300 lanpostu dauzka Vicrilak, eta beste horrenbeste zeharkakoak.
Erandioko Quirón ospitaleko 250 bat langileek mobilizazioei ekin diete lan-balditzen hobekuntza aldarrikatzeko. Pasa den eguaztenean pankartak ipini zituzten lantokian. Gaur, martitzena, berriz, auto-karabana egingo dute Akarlanda parketik abiatuta, ospitalearen inguruan, 17.00etatik 18:00etara. Etzi, eguenean, esku-orriak banatuko dizkiete gaixoei eta bisitariei.
Azaroaren lehenengo bi aste-akabuetan izango da VII. GetxOnegin pintxo lehiaketa; aurten 58 ostalaritzako establezimenduk hartuko dute parte. Ekimena udalerriaren irudi gastronomikoa indartzeko eta euskararen erabilera sustatzeko helburua du, ostalaritzaren eskaintzan kalitatezko gehigarri gisa.
Pasa den irailaren 30etik, bueltan da Leioan Barikuetan Jai!, ume eta familientzako jolas, tailer eta ikuskizunen programa euskalduna. Hurrengo jarduera zirku-tailerra izango da, urriaren 14an, barikuan, jakina. Ohi legez, hitzordua Kultur Leioako arkupeetan ipini dute, 17:30ean.
Laugarren urtez, Leioako Udal Liburutegiak antolatuko du Euskara Irakurle Kluba. Aurreko urteetako mekanika jarraituz, literaturazaleak hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean bilduko dira Kultur Leioako lehenengo solairuko hemerotekan, 19:30ean. Urriaren 19an izango da lehenengo saioa, Alaine Agirreren "X hil da" liburuaren gainean berba egiteko.
Azaroaren 4an eta 12an, hainbat jarduera egingo ditu Kalezulo gaztetxeak, 5. urteurrena ospatzeko.
Zentsura adierazpen denak salatzea helburu duen ekimena da Zentsuraren Aurkako Jaialdia. Serrano Produkzioak ekoiztetxeak antolatuta, azaroaren 8tik 12ra arte, dokumentalen proiekzioak, antzerkia, kontzertuak eta eztabaida-mahaiak egongo dira sei kokagunetan: Algortako kultur etxea, Areetako Andrés Isasi musika-eskola, Bilboko Ondare zein BBK aretoak, Kafe Antzokia eta Andoaingo Bastero Kulturgunea.
Sopelako Kultur Etxeak Udazkeneko Musika-zikloa antolatu du: Musikaldia. Aste-akabu bitan banatu dute egitaraua: lehenengoan, azaroaren 4an eta 6an izango dira emanaldiak, barikuan eta domekan; hurrengo aste-akabuan, berriz, barikuan hasi eta domekara bitartean, hilaren 11n, 12an eta 13an, beren-beregi. Hala, abesbatzen topaketa batek abiatuko du Musikaldia gaur; horretan parte hartuko duten abesbatzak hauek dira: Sopelako Lagun Artea, Barrikako Aita Gotzon eta Bilboko Asparbi. Sarrera, 3 euroan.