Euskal Herriko hiri eta herriak zeharkatuko ditu udan zehar Iker Galartza aktorea, gidoilaria eta sortzailea buru duen euskal artisten karpa ibiltariak. Amezketan hasi zuen lehen bira, eta Aiatik, Zumaiatik, Ordiziatik eta Ondarroatik igaro ostean, Gorlizen egingo du geldialdia Gure Zirkuak. Abuztuaren 9tik 19ra arte izango dira saioak, eguenetik domekara: sarrerak 12 eurotan daude, www.ticketea.com webgunean.
Joan den urtean sortu zuten jazz-musikaren jaialdia lehenengoz Plentzian, Udalak antolatutako Plentzia Kulturaz ekimenaren barruan. Iazko esperientziaren ostean, aurten Agorrijazz berriro antolatzea erabaki dute. Aste-akabu honetan emakumeak izango dira protagonista.
Azken asteotan Bizkaira heldu diren errefuxiatuei eta pertsona migratzaileei laguntzeko materiala batzea erabaki dute Astrabuduan eta Altzagan. Barikutik domekara zenbait gai bilduko dituzte Egoki eta Hegoalde tabernetan.
Erandio eta Leioa arteko Santimami auzoko jaietan hainbat aldaketa aurreikusita zeuden aurton. Jai-batzorde berriak iaz hartu zuen jaien ardura, eta ohiko programari eutsi zion; aurten, berriz, egitaraua berraztertzen ahalegindu zen, baina emaitza iazkoaren oso hur egon da.