Yogako 12 zentro inguruko, Getxo Kirolak erakundeagaz batera, topaketa irekia antolatu dute zapatu honetarako, hilaren 24rako, Algortako Fadura kiroldegian. Programa horren bitartez, tokiko akademiek bat egingo dute Yogaren Nazioarteko Egunagaz, eta 23 tailer eta berbaldi eskainiko dituzte herritar guztientzat, hala nola yoga terapeutikoa, haurrentzako, familientzako, hasi gabeentzako, meditazioa eta arnasketak.
Bizkaiko igeri zeharkaldirik zaharrena egingo dute berriro ere Getxoko uretan. Aurten, ekainaren 24an egingo dute ur irekien proba hori, Swim Camp Getxok antolatuta, eta izaera solidarioagaz. Izan ere, batutako diru guztia Leukodistrofien aurkako Europako elkarteari bideratuko diote. Gaixotasun hori duen gaitxo bat da probaren antolatzaile eta parte-hartzaileetako bat.
Leioan dena dago prest San Juan jaiak handikiro ospatzeko. Solstizioagaz udari ongietorria eman aurretik, ekainaren 16an abiatuko dute jaietako egitaraua eta 17an Antzina Egunagaz hasiko dituzte ospakizunak. Hemen duzue, besteak beste, ekainaren 26ra bitartean Leioako Udalak eta Txosna Batzordeak prestatu duten egitaraua.
Erandioko hainbat klubek eta elkartek erakustaldiak egingo dituzte eta herritarrek hainbat kirol-mota probatzeko aukera izango dute gaurtik domekara bitartean egingo duten Kirol Astean. Guztira 30 jarduera inguru egingo dituzte eta batzuetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da.
"Jaietarako prest!" lelopean, jaietan ematen den indarkeria matxistaren aurkako prebentzio kanpaina abiatuko du Uribe Kostako Mankomunitateak. Zehazki, tailerrak eskainiko dituzte ekainaren 13, 15, 19, 20 eta 26an Sopelan, Plentzian eta Urdulizen, 18:00etatik 21:00etara. Helburua da hausnartzea jaietan ematen den indarkeria matxistaren ikuspegiaren eta tratamenduaren inguruan, baita jai aske eta seguru batzuk bermatzeko protokoloak sortzeko gakoak ematea ere. Mintegi guztiak doakoak dira. Izena emateko, interesatuek email bat bidali beharko dute helbide elektroniko hauetako batera: prebentzioa@uribekosta.eus edota berdintasuna@uribekosta.eus
XX. mendetik gaur egunera arteko azterlanak eta ikerketak ezagutarazteko asmoagaz, ekainerako bi ekintza antolatu dituzte Sopelako Eraztun Berdeak, Kiribilek eta Edestiaurre elkarteek: ekainaren 10ean, zapatuan, Iñaki Libanok hitzaldi bat emango du Kurtzio Kultur Etxean, arratsaldeko 18:30ean. Bestalde, ekainaren 24an, zapatuan, bisita gidatu bat antolatu dute Zabaletxeko indusketara (Meñakotz) Atxabiribilko aparkalekutik hasita, goizeko 11:00etan.
Egunotan, musika kalera aterako dute Erandion. Auzoetako plazak eta kaleak doinuz beteko dituzte Erandioko Musika Eskolako ikasleek eta beste hainbat taldek hilaren 30era bitartean: bandak, rock taldeak, umeentzako musika, musika klasikoa... Hemen duzue hurrengo egunetarako egitaraua.
Aurten, Leioako Mendi Taldeak urtero antolatzen duen eskalatzaileen topeketa San Juan festakaz batera egitea erabaki dute, parte-hartzaile gehiago erakarriko dituztelakoan. Era beran, aurreko edizioetan bezala, kamisetak eta hainbat sari banatuko dituzte eskalatzaileen artean.
Bilbao Bizkaia HARROren ortzadarra ekainaren 16tik 29ra zabalduko dute Bizkaian. Besteak beste, Plentzian publiko guztientzako hainbat jarduera egingo dituzte hilaren 24an eta 25ean elizako plazan.