Udaberri bete-betean gaudela, eguraldi ona aprobetxatuta, aire zabaleko arte eszenikoen programazioari hasiera emango diote zapatuan, hilaren 4an, Getxon. Hala, aste honetatik aurrera, eta urriaren amaiera bitartean, adin guztiei zuzendutako antzerki, dantza, zirku eta askotariko generoez gozatzeko aukera egongo da Areetako Xake plazako anfiteatro berrian. Zapatu honetan Cía Maite Guevararen Susto zirku-clown saioa egongo da gozagai, 21:00etatik aurrera.
Ikasturte berriagaz batera, berriro ere hasiko dituzte ingurumenarekiko errespetua lantzen duten Inguru Minguru tailerrak. Zehazki, iraila eta urriko barikuetan egingo dituzte, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerrietan. Hala, 4 urtetik gorako umeei zuzendutako tailer desberdinak egingo dituzte, eta parte hartzaile kopurua irekia da. Lehenengo saioa irailaren 6an izango da, Berangoko Moreaga parkean.
Bizkaiko Foru Aldundiak 200 ibilbide, bisita gidatu, tailer eta hitzaldi baino gehiago antolatu ditu urrian, Ondarearen Europako Jardunaldien 24. edizioan. Ekimen kultural horren barruan Uribe Kostako udalerrietako hainbat altxorrak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere egongo da.
Gorlizeko Dastatu Urria ekitaldia bueltan dago, udazkeneko egutegian mikologia, gastronomia eta artisau-garagardoa gustuko dituztenentzat ezinbesteko topaketa. Hiru egunetan zehar, urriaren 25etik 27ra, herritarrek zein bisitariek herriko eta eskualdeko sukaldaritza eta kultur aberastasuna balioan jartzen duten jarduerez gozatzeko aukera izango dute, bertoko produktuetan eta perretxikoen munduan sakonduz. Azken egunaren zati handi bat helburu solidarioetara bideratu dute, hala nola herriko saltokiek Martinari FIRES sindromearen aurkako borrokan laguntzeko oparitutako produktuen zozketa.