Euskararen Nazioarteko Eguna eta XXXIV. Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka egingo dituzte aste-akabuan Leioan, euskal ohituretan eta kulturetan oinarritutako jarduerak izango dituen programazio zabalagaz. Besteak besten, kaleak herri kirolez, bertsolariz, dantzariz, musikaz eta euskal gastronomiaz beteko dute abenduaren 2an eta 3an.
Domeka honetako arrastirako programatuta zegoen Kantu Kolore ikuskizuna bertan behera gelditu da Barrikako Udalagaz zerikusirik ez duten arrazoiengatik, udal-iturriek jakinarazi dutenez. Ekitaldi hori Kulturaldia 2023 programaren barruan kokatuta zegoen eta, horren ordez, Tomaxen Abenturak ikuskizuna eskainiko dute, 18:00etan, udaletxeko plazan.
Astebete barru, abenduaren 3an, Dibertsitate Funtzionalaren edota Desgaitasunaren Eguna dela-eta, Getxoko Udaleko Gazteria eta Zahartze Aktibo zerbitzuek jardunaldi berezi bat egingo dute Romo Kultur Etxean, 12:00etatik aurrera.
Abenduaren 3an, domekan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da Euskal Herri osoan. Euskara ospatzeko eguna da, eta, horregatik, Barrikak zenbait jarduera antolatu ditu, hala nola dantza plaza bat eta indarrak berreskuratzeko hamaiketako bat.
Jon Plazaola bere sorlekura, bere sehaskara itzuli da Tu-Tum, Platz! umorezko ikuskizun berriagaz. Taula gainean bere lehen agerraldia egin zuenetik 23 urte pasa diren honetan berriz ere Stand Up formatuko bakarrizketari heldu dio, hori bai; 23 urte zaharrago, 23 urte jakintsuago eta 23 urte kabroiago. Ordubete izango dugu, umorez betetako kolpez-kolpe baten ondoren ardo ona bezala urteen poderioz hobera egin duen ala ardo txarra bezala ozpindu den jakiteko.
Swim Camp Getxo igeriketa elkarteak 24 orduz euskaltzalez beteko du Algortako Fadurako igerilekua euskararen alde. IgeriBizi egitasmo sozialaren pean, Euskararen Nazioarteko Egunari begirako ekimen hori antolatu du abenduaren 2-3rako, eta ekitaldian jasotako diru guztia EuskarAbentura elkarteari bideratuko diote, "egiten duten lan bikaina urte luzez egiten jarrai dezaten", antolatzaileen berbetan.
Ekin Bidaia gazteekintzailetzako programa abiarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak Uribe Kostan eskualdeko Udalakaz duen Gaztedi Uribe Kosta hitzarmenaren bidez. Programa horrek ideia batetik abiatutako proiektu ekintzaileei laguntza ematen die, kontzeptu horretan sakonduz eta abian jartzeagaz lotutako alderdi guztiak landuz. Horretarako, bidaiaren analogia erabiliko dute: irteeratik (ideia) helmugaraino (azken proiektua), geldialdi desberdinez osatutako ibilbidea egingo dute. Parte hartzeko ondorengo inprimakia bete daiteke urriaren 19a baino lehen: izen-ematea hemen.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.
Abenduaren 3an Euskaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Leioan bost eguneko egitaraua izango dute zeregin horretarako, azaroaren 30etik abenduaren 4ra bitartean. Egun horietan, musika, zinema, nekazaritza azoka eta umeentzako jarduerak antolatuko dituzte, besteak beste.