Gaztetxoen artean euskararen erabilera bultzatzeko helburua duen Lemoizko Etzandarri mendi-taldeak beste irteera bat prestatu du zapatu honetarako, hilaren 9rako. Txangoa Armintzako skate pistatik irtengo da goizeko 10:00etan, Martzagako auzora joateko. Atxebagi, Atxausi eta Anparrantxi puntetatik pasa eta momategi eta Merdeka erreketatik barrena joango dira. Aitzinean, Basordan festa handia egiten zuten Andramariaren jaiotza dela eta (irailaren 8an). Halaber, aurten erromeria egingo dute Artaitz baserri inguruan.
Algortako metro-geltokiaren ondoko Telletxe plazak Bio Getxo Nekazaritza Ekologikoaren Azokaren 17. edizioa hartuko du zapatuan, hilaren 9an, goizez, 10:00etatik 15:00etara. Azokaren helburua da produktu ekologikoen ekoizpen eta kontsumo arduratsu eta osasungarria sustatzea. Horregatik, hainbat produktu ekologiko jarriko dituzte salgai, hala nola frutak, barazkiak, gaztak, marmeladak, ogia eta kontserbak, besteak beste.
Suizidioa Prebenitzeko Mundu Egunagaz bat eginez, herritarrak inplikatu gura dituen Getxo ZUrt! egitasmoaren berri emango dute irailaren 9an. Horretan, besteak beste, iritziak partekatuko dituzten gaiaren inguruko hainbat aditu egongo dira.
Udako jaien azken txanpa ospatuko dute Urdulizen irailaren 7tik 17ra bitartean. Egun horietan Andra Mari jaiak ospatuko dituzte, lehen aste-akabuan Landa inguruan eta Elortzan hurrengoan. Bertan, adin guztietako urduliztarrentzako jarduerak egingo dituzte, hala nola kuadrillen lehiaketak, kontzertuak, umeentzako ekintzak... Gainera, urtero legez, hilaren 23an eta 30ean Herri Ibilaldia eta plater tiro lehiaketa egingo dituzte, hurrenez hurren.
Barikutik aurrera Ondiz auzoak hartuko du Leioako jaien lekukoa, eta egitarau zabala eta askotarikoa antolatuko dute horretarako. Hasteko, lehen egunean, hilaren 8an, erromeriagaz eta mozorro-lehiaketagaz hasiko dute festa; irailaren 9an, zapatuan, berriz, LV. Bizkaiko Bakailao Lehiaketa eta kontzertu bi izango dira, besteak beste.
Irailetik aurrera eta ikasturte berriaren hasieragaz, ingurugiro eta birziklapenari buruzko Inguru Minguru tailerrak bueltatuko dira Barrika, Berango, Lemoiz, Plentzia, Urduliz eta Gorlizko udalerrietara. Tailerrak 4 urtetik gorago umeentzat zuzenduta daude, eta iraila eta urria arteko bariku orotan tailer bat emango dute Mankomunitateko herri bakoitzean, arrastiko 17:00etatik 19:00etara. Helburua da haurrei erakustea ingurugiroarekiko errespetua, besteak beste: baliabide naturalak modu egokian erabiltzearen arduraz sentsibilizatzea, hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz jabearaztea, baita birziklatzea eta berrerabilpena bultzatzea ere.
Garazi Basterretxea idazleak eta Maite Mentxaka ilustratzaileak osatutako Aitite Magikoa ipuin ilustratuan oinarritutako erakusketa egongo da ikusgai Abian Kultur Elkartean (bidebarri 2 behea, Algorta). Garaziren aititerentzako urtebetetze opari gisa osatutako lanak doluaren eta memoriaren inguruan dihardu, pertsona maitatu baten galeraren ondorengo prozesua azaltzeko. Liburuak jasotzen dituen ipuinekin egin genuen bezala, argitalpenean erabilitako ilustrazio-teknika ezberdinez gozatzeko aukera izango dugu oraingoan, irailaren 7tik urriaren 7ra bitarte. Lana 2022an argitaratu zuten, eta garai hartan Hirukak elkarrizketatu zituen bi sortzaileak.
Aurten ere Sopelako udaletxeko inguruak eta udalerriko gainontzeko kaleak euskal kulturaren erdigune bilakatuko dira irailaren 8tik 10era ospatuko den Euskal Jaiaren eskutik. Euskal Jaia 1924. urtean turisten egonaldia udalerrian luzatzeko xedez sortu zen, eta, geroztik, garrantzi eta herri-errotze handia lortu du, izan ere, euskal jaietako tradizio gehienak biltzen ditu. Programazio oparoa antolatu dute hurrengo aste akaburako: herri kirolak, nekazaritza azoka, ikuskizunak, kalejirak, euskal dantzak, etab.
Irailaren 8tik 10era bitartean Enekuri auzoko jaiak ospatuko dituzte Erandion. Egun horietan ume zein helduentzako hainbat jarduera antolatuko dituzte; ez dira faltako ohiko ikuskizunak eta lehiaketak, hala nola gastronomia edo karta-joko txapelketak. Hemen duzue egun horietarako prestatu duten egitaraua.