Gaztetxoen artean euskararen erabilera bultzatzeko helburua duen Lemoizko Etzandarri mendi-taldeak beste irteera bat prestatu du domeka honetarako, hilaren 17rako. Txangoa Armintzako autobus-geltokitik irtengo da goizeko 09:30ean, Legarmandi/Aramotz mendigunea ezagutzeko asmoz. Ibilbide zirkular bat egingo dute hurrengo gailurretatik: Pagasarri (838m), Askorri (812m), Pagofin ( 814m), Aixebelarri (824m), Erdiko Mendia (842m) eta Atzoker (858m).
Adin guztietako korrikalariek hitzordua dute domeka honetan Astrabuduan egingo den Herri Krosaren bigarren edizioan. Pausarik Gabe Kirol Elkarteak antolatutako ekitaldia 10:00etan hasiko da, eta probaren erdigunea Josu Muruetan plaza izango da.
Klasiko bat da hau Eureka Domeka! ekimenean, hirugarren urtez errepikatuko dena. Paper zuriaren krisiari zuzen-zuzenean eta guztion begien aurrean egingo diote aurre Axpik eta Aritz Irigoien marrazkilariek. Izen ezagunak dira bienak Euskal Herriko komikigintza eta ilustraziogintzan. Hamaika libururen ilustratzailea izan da Axpi, esaterako, eta Maialen Lujanbioren bertsoak oinarri hartuta sortutako Utzi Azalari liburua da haren azken argitalpenetako bat. Aritz Irigoien ere marrazkilari ezaguna da, besteak beste, Xabiroi aldizkarian egiten dituen lanengatik, eta udan Berria egunkarian Zaldieroari txanda hartzen diolako (to!). Eta, kasu honetan, bat-batean erantzun beharko diete publikoaren aurrean, Unai Iturriaga Gara egunkariko marrazkilari eta bertsolariak proposatutako gaiei, eta hark ezarritako egitekoei. Ez dugu ezagutu inor, aurreko bi saioetan (gutxienez) irribarre egin ez duenik, eta hortik gora.
Bizkaiko LXI. aurresku txapelketa.XIV. emakumezkoen aurresku txapelketa.
Udako jaien azken txanpa ospatuko dute Urdulizen irailaren 7tik 17ra bitartean. Egun horietan Andra Mari jaiak ospatuko dituzte, lehen aste-akabuan Landa inguruan eta Elortzan hurrengoan. Bertan, adin guztietako urduliztarrentzako jarduerak egingo dituzte, hala nola kuadrillen lehiaketak, kontzertuak, umeentzako ekintzak... Gainera, urtero legez, hilaren 23an eta 30ean Herri Ibilaldia eta plater tiro lehiaketa egingo dituzte, hurrenez hurren.
Barikutik aurrera Ondiz auzoak hartuko du Leioako jaien lekukoa, eta egitarau zabala eta askotarikoa antolatuko dute horretarako. Hasteko, lehen egunean, hilaren 8an, erromeriagaz eta mozorro-lehiaketagaz hasiko dute festa; irailaren 9an, zapatuan, berriz, LV. Bizkaiko Bakailao Lehiaketa eta kontzertu bi izango dira, besteak beste.
Irailetik aurrera eta ikasturte berriaren hasieragaz, ingurugiro eta birziklapenari buruzko Inguru Minguru tailerrak bueltatuko dira Barrika, Berango, Lemoiz, Plentzia, Urduliz eta Gorlizko udalerrietara. Tailerrak 4 urtetik gorago umeentzat zuzenduta daude, eta iraila eta urria arteko bariku orotan tailer bat emango dute Mankomunitateko herri bakoitzean, arrastiko 17:00etatik 19:00etara. Helburua da haurrei erakustea ingurugiroarekiko errespetua, besteak beste: baliabide naturalak modu egokian erabiltzearen arduraz sentsibilizatzea, hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz jabearaztea, baita birziklatzea eta berrerabilpena bultzatzea ere.
Garazi Basterretxea idazleak eta Maite Mentxaka ilustratzaileak osatutako Aitite Magikoa ipuin ilustratuan oinarritutako erakusketa egongo da ikusgai Abian Kultur Elkartean (bidebarri 2 behea, Algorta). Garaziren aititerentzako urtebetetze opari gisa osatutako lanak doluaren eta memoriaren inguruan dihardu, pertsona maitatu baten galeraren ondorengo prozesua azaltzeko. Liburuak jasotzen dituen ipuinekin egin genuen bezala, argitalpenean erabilitako ilustrazio-teknika ezberdinez gozatzeko aukera izango dugu oraingoan, irailaren 7tik urriaren 7ra bitarte. Lana 2022an argitaratu zuten, eta garai hartan Hirukak elkarrizketatu zituen bi sortzaileak.
Irailaren 11tik 18ra bitartean 36 irudik osatzen duten BBK Artearen Ibilbidea erakusketa Erandion egongo da, lurraldeko hainbat udalerri bisitatu ostean. Egitasmo horrek Arte Ederretako museoaren hainbat margolan, argazki eta collage dakartza, historian zehar Bizkaiak izan duen bilakaera erakusteko.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.
Irailak 13, eguaztena 20:00 HAUsPOZ, Kepa Junkeraren omenezko kontzertua, Muxikebarrin. Sarrera, 24 euro. Irailak 14, eguena 20:00 Valérie Ekoumé, Muxikebarrin. Sarrera 20 euro. Irailak 15, barikua 13:00 Moonshine Wagon, Xake plazan, doan. 17:00 Odaiko, Xake plazan. Doan. 20:00 Hevia, Muxikebarrin. Sarrera, 20 euro. 21:00 Ars Amandi, Xake plazan. Doan. 22:00 Mago de Oz, Ereagako aparkalekuan. Doan. Irailak 16, zapatua 10:00-14:00 eta 16:00-20:00 Orquestronia, Xake plazan. 13:00 Berriketan: Arima, Xake plazan. Doan. 18:00 Baskery, Xake plazan. Doan. 20:00 Las Migas, Muxikebarrin. Sarrera, 15 euro. 21:00 Faltriqueira, Xake plazan. Doan. 22:00 La Pegatina, Ereagako aparkalekuan. Doan. Irailak 17, domeka 10:00-14:00 Orquestronia, Xake plazan. 13:00 SES, Xake plazan. Doan. 17:00 Labarretan, Zelako kultur ideiak. Xake plazan. 18:00 La Karanba, Xake plazan. Doan. 20:00 Silvia Peres, Muxikebarrin. Sarrera, 20 euro.
"Uztartu eta mugitu!" lelopean, Europako Mugikortasun Astea hartuko du Getxok irailaren 16tik 22ra. Tarte horretan, doako askotariko jarduerak egingo dituzte udalerrian, tartean bizikletan ibiltzen ikastekoa edota ibilgailu horiek elektriko bihurtzekoa. Ohiko ekimenez gainera, aurten hurrengoak nabarmendu dituzte: BAT puntua, ibilbidea uretako bizikletaz”, skate tailerra edo Eskola Bideak Lehiaketa, besteak beste. Domekan, gainera, europar ekimen honen jatorria den Autorik gabeko Eguna ospatuko dute.