Euskaldunok euskaraz bizitzeko eskubidea dugu Getxon; hala aitortzen digu legeak, baina eskubide hori urratua ikusten dugu egunerokoan. Aldaketak bultzatzeko eta behingoz euskaraz bizitzeko trabak ezabatzeko, herritarrok gure esku dagoena egiten jarraitu beharko dugu. Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, bi eskaera egin nahi dizkizuegu Bizarra Lepoan elkartetik Getxoko euskaldunoi. Egunerokoan zuen hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, salatu. #euskarazbizigetxon, Behatokia eta Elebide erabili horretarako. Zatozte Portu Zaharrera igande honetan, abenduaren 1ean, 12:00etan. Korrontearen kontra ari garela pentsa genezakeen arren, inori kontra egin gabe ari gara gurearen alde egiten.
Abenduaren 1ean, Elanchove lurrunontziaren hondoratze misteriotsua erakusketa inauguratuko dute Plasentia de Butron Museoan. Erakusketa Idoia Ibañez Espainiako Merkataritza Itsasketako lehen emakume kapitainak komisariatuko du, eta Merkataritza Itsasketako Kapitainen Bizkaiko Elkartearen laguntza izan du. Erakusketak enigma historiko bat argitzea ez ezik, kaltetutako familiei omenaldia egitea ere bilatzen du, erantzunen zain dauden galderez betetako iraganari leiho bat irekitzeko xedeagaz.
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak bat egingo du abenduaren 3an ospatuko den Nazioarteko Euskararen Egunagaz, eta, horretarako, eskualdeko zazpi udalerritan hainbat jarduera egingo dituzte.
Lemoizko Udalak herritarrei irekitako hiru bilera antolatu ditu datozen asteetarako, bat auzo bakoitzean. Topaketa horien helburua da legegintzaldi honetan egin diren aurrerapenak aurkeztea eta denon artean herriarentzat etorkizun hobea sortzea ahalbidetuko duten lankidetza-moduak aztertzea, betiere fokua auzo bakoitzean jarriz.