Getxoarteren eskutik itzuliko da udalerrira arte garaikideekiko hitzordua, otsailaren 2tik martxoaren 10era. Programaren 21. edizio honetan, ohi bezala, jarduera eta tokiko sorkuntza sustatu gura dira. Getxoartek askotariko jarduerak hartuko ditu Romo Kultur Etxean eta beste leku batzuetan; horietan, besteak beste, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak eta topaketak izango dira. Horregaz guztiagaz batera, «Artista bat auzoan» ekimenaren edizio berri bat egingo dute aldez aurretik. Horren bitartez, tokiko zortzi sortzaileren sormen prozesuak zabalduko dituzte, urtarrilaren 31ra bitartean Getxo Kulturako sare sozialetan argitaratuko diren bideoen bidez.
Otsailetik apirilera 10 sesio egingo dituzte antsietatea kudeatzen ikasteko Urdulizko Kultur Etxean, martitzenero, 16:45etik 19:45era. Antsietatea edo depresioa jasaten duten emakumeei zuzenduta dago, baita zeharka egoera hori bizi duten senitartekoei ere. Hala, izen-ematea otsailaren 5era arte eman daiteke prebentzioa@uribekosta.eus helbidean edota 688 699 454 eta 946 859 611 zenbakietan. Helburua da emakumeen bizitzan ondo sentiarazten dituzten faktoreak eraikitzen laguntzea, hala nola autonomia osasun mentalaren kudeaketan eta autozaintza eta ahalduntzea sustatzea psikofarmakoen erabileraren ordez.
Mendizale ezagunen berbaldiak, euskal emakume alpinisten erakusketa eta Mendi Film Festivaleko atal ofizialeko filmen proiekzioak dakartza Leioa Mendi Taldeak. Jarduerak Kultur Leioan egingo dituzte eta berbaldietarako eta erakusketarako sarrera doakoa izango dira. Hemen programazio guztia.