Kultura 2009-03-26 20:21

Bigarren urtez antolatu dute film laburren lehiaketa Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urdulizko Basartena tabernak bigarren urtez antolatu du film laburren lehiaketa. Lanak apirilaren 30era bitartean entregatu beharko dira. Aipatu Elortza kaleko 19. zenbakiko ostalaritza establezimenduan proeiktatuko dituzte maiatzeko ostegun guztietan. Finalerako aukeratutako hamabi film laburrak, berriz, Urdulizko Kultur Etxean egongo dira ikusgai, ekainaren 26 eta 27an. Koldo Serra, Borja Crespo, Patxi Urkijo, Amaya Nerekan eta Aitor Elorriaga zinegileek aukeratuko dituzte horiek. Aipatu azken egun horretan jakinaraziko dituzte irabazleen izenak. Sariei dagokienez, fikziozko lanik onenak 600 euro eta garaikurra jasoko ditu, animaziokoak 400 euro eta garaikurra eta zine eskoletako lanik onenak 200 euro eta garaikurra. Lehiaketaren oinarriak www.basartena.com webgunean daude ikusgai. Argazkian, Urdulizko Basartena taberna.
  Kultura 2009-03-26 19:48

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute larunbatean Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Izatez, maiatzaren 27an ospatzen da Antzerkiaren Nazioarteko Eguna. Hala ere, Barrikako Kultur Etxeak larunbaterako antolatu du ekitaldia. Gauzak horrela, eguerdiko 12etatik aurrera, “Birusak erasoan” antzezlana eskainiko du Toni La Salek, udaletxean. Ikuskizun hori familia osoari zuzendua dago eta aipatu aktoreak eta txotxongiloek parte hartzen dute. “Birusak erasoan” lanaren iraupena 45 minutukoa da eta, denbora horretan, birusak zer diren azaltzen ahalegintzen da La Sal: nondik datozen, nola bizi diren edota zergatik diren horren txikiak. Bitartean, alde batetik bestera ibiltzen da taula gainean aktorea, garbiketarako orga batez birusak garbitzen. "Ez da ohiko antzezlana, ezta umorezko bakarrizketa edo txotxongiloen ohiko obra ere. Antzezlana ikustera doazen pertsonek bere garapenean parte hartuko dute", tokiko kultur iturriek aipatu dutenez. Argazkian, antzezlana iragartzeko kartela.
  Kultura 2009-03-26 19:07

Korrikaren hasiera kantu kantari ospatuko dute Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostiral honetarako, martxoak 27, Betiko ikastolan antolatutako afarian izenemateko betarik ez dago jada. Hala ere, kanpoan gelditu direnek aurretik antolatu duten kanta poteoan edukiko dute Korrika 16 euskararen aldeko lasterketaren hasiera ospatzeko aukera. Horretarako hitzordua 19:00etan jarri dute, Leioako Xcaret tabernan. Bentazaharreko mutiko alaiak izango du ekitaldia girotzeko ardura. Besteak beste, Txakurzulo Gazte Asanbladak, Berbalamiñe euskara taldeak, AEKk, Lamiako Maskaradak, Txomin Aresti ikastetxeko gurasoen elkarteak, Kafe Huts emakumeen taldeak, San Bartolome eta Lamiakoko jai batzordeek, Maritxu Teilagorri txosna batzordeak, Txikia eta Gure Ohiturak dantza taldeek eta udal euskaltegiak antolatu dituzte biharko ospakizunak. Argazkian, leioaztarrak kantu kantari Bebalamiñek antolatutako bertso afari batean.
  Kultura 2009-03-26 18:25

Korrika igaro aurretik eta ondoren ospakizunak izango dira Algortan eta Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur Tuteratik abiatuko den Korrika 16 apirilaren 3an, ostiralarekin, helduko da Getxo udalerrira -Berangotik etorri eta Salsidu kaletik sartuko da Algortara-, 16:10ak aldera. Hori dela eta, arratsalde horretan jaia egingo dute Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, AEKk, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa igaro ostean. Besteak beste, umeentzako euskaraokea izango da bertan, 18:00etatik aurrera, Txatxilipurdi taldearen eskutik. Ordu eta erdi beranduago, berriz, Tor magoak eskainiko du ikuskizuna. Eta 20:30etik aurrera, Lisker taldeak girotutako dantzaldia egingo dute. Bestalde, Korrika kulturala dela eta, udalerrian antolatutako ekitaldiei dagokienez, ostegunean, apirilak 2, "Hudaltzainak" ikuskizuna izango da Algortako The Piper´s taberna irlandarrean, 20:00etan. Ekitaldiotarako 6.000 euroko diru laguntza eman du Getxoko Udalak. Argazkian, Asier Hormaza bera The Piper's-en ikusgai egongo den "Looking for Mister X" film laburrean.
  Kultura 2009-03-24 19:03

Korrikaren hasiera ospatuko dute etzi Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko Korrika Batzordeak antolatutako afarira joan nahi dutenek bihar, asteazkena, izango dute txartela erosteko azken eguna. Altzagako La Plaza, Astrabuduako Egoki eta Primera Linea; eta Erandio Landako ohiko tabernetan daude salgai horiek. Larunbatean, martxoak 28, Altzaga ikastolan, arrain zopa, ahuntza eta tarta izango dira dastagarri, 20 eurotan. Horretaz gain, giro ederra, zozketak, musika, dantzak... egongo direla iragarri dute. Bitartean, ostegun honetan, hilak 26, Erandion ere ospatuko dute Korrikaren hasiera. Etzirako Kantagunea antolatu dute, 19:30ean Altzagako La Plaza tabernatik abiatuta. Korrikaren petoa jantzita eramatea ere eskatu dute. Hala ere, ez daukanak bertan izango du erosteko aukera. Bestela, aurreko urtetakoa eraman daitekeela aipatu dute. Argazkian, orain bi urte ere kantu kantari ibili ziren Erandion, euskararen aldeko lasterketaren etorrera ospatzeko.
  Kultura 2009-03-20 16:49

Asteburuan Animabasauri zinemaldiaren zenbait proiekzio izango dira Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar eta etzi, martxoak 21 eta 22, Animabasauri-Animabasque 2009 (Basauriko Nazioarteko Animazio-Zinemaldia) dela eta, zenbait proiekzio izango dira Areetan, lehenengo aldiz. Japoniako bost animazio film eskainiko dira asteburuan, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Sarrerek 2 euroko prezioa izango dute saioko. Larunbatean, zine zaleek "X, la pelicula", etorkizuneko animazio filmaz gozatu ahal izango dute, 20:00etatik aurrera. Rin Taro artista ospetsuak zuzendu du luzemetraia, "Captain Herlock" eta "Metropolis" lan ezagunen sortzailea, hain zuzen ere. 22:00etan "Ghost in the Shell 2" proiektatuko da, Mamoru Oshii zuzendariaren zientzia-fikzio filma, hain zuzen ere. Igandean, proiekzioak eguerdiko 12:00etan hasiko dira "La princesa Mononoke" film ezagunaren eskutik. 17:00etan "El castillo ambulante" proiektatuko da. Bi filmak Hayao Miyazaki zuzendutakoak dira, gaur egun nazioartean zuzendari ospetsuenetariko bat dena eta hainbat luzemetrai eta telesail zuzendu dituena. Azkenik, 20:00etan eskainiko da azken filma: "Evangelion 1.0". hain zuzen ere. Aipatutako proiekzioez gain, 23an eta 24an goizeko proiekzioak egongo dira Getxoko ikastetxeentzako ikasleentzat. Argazkian, proiekzioak iragartzeko kartela.
  Kultura 2009-03-18 21:03

Umeentzako ipuinak eta zinea izango dira asteburuan Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorlizko Kultur Etxeak antolatuta, larunbat honetan, martxoak 21, ipuin kontalari saioa eskainiko du Ixabel Millet-ek. Ekitaldia 18:30etik aurrera izango da, Gorlizko herri ikastetxean, 4 urtetik gorako ume eta gazteei zuzenduta. Saioa dohainik izango da. Hala ere, orduan agertzea eskatu dute tokiko kultur arduradunek, ateak 18:40ean itxiko baitira. Bestalde, igandean, hilak 22, "Hiru mosketariak" marrazki bizidun filma ikusteko aukera edukiko dute neska-mutil gorliztarrek. Proiekzioa arratsaldeko 5etatik Eloisa Artaza kaleko erakusketa gelan. Argazkian, "Hiru mosketariak" filma.
  Kultura 2009-03-18 20:40

Udaberriari ongi etorria emango diote larunbatean Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udaberriaren etorrerarekin batera, hirugarren urtez, jaia antolatu du Sopelako Udalaren Kultura Sailak. Aurten larunbat honetan, martxoak 21, ospatuko dute Udaberri Jaia. Horrenbestez, etzidamu, goizeko 11etatik 14:30era bitartean, ludoteka eta birziklapen jolasak izango dituzte neska-mutilek. Eguerdiko 12etan, berriz, loreak banatuko dituzte udaletxeko plazan. Eta ordu bete beranduago animazio ikuskizuna izango da bertan. Bestalde, arratsalderako, disko festa, karaokea eta animazioa prestatu dituzte. Horiek guztiak udal pilotalekuan egingo dituzte, 19:00etatik aurrera. Udal iturriek adierazi dutenez, euria egitekotan frontoian egingo dira jarduera guztiak.
  Kultura 2009-03-18 19:39

Finalean izango dira Ipar Uribeko bertsolari gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkaiko Bertsolari Gazteen Sariketaren bigarren eta azken finalaurrekoan, erraz gailendu zaizkie Ipar Uribeko ordezkariak Arratia aldekoei. Derioko Txorierri BHI institutuan eguerdian jokatutako saioan, Inazio Vidalen ordez, Peio Arondok osatu du hirukotea Maialen Markaida eta Imanol Uriarekin, 18 urte bitartekoetan. 19 eta 24 urte artekoetan, berriz, Peru Vidalek hartu du Itxaso Payaren lekua, Arrate Illaro eta Jone Uriarekin batera abesteko. BBKren sariketarako ordezkari mordoa dauka Ipar Uribek eta guztiei eman nahi diete parte hartzeko aukera. Finala Lea Artibaiko bertsolari gazteen kontra jokatuko dute eskualdekoek, martxoaren 27an, ostirala, Bilboko Kafe Antzokian, iluntzeko zazpietan. Egun berean, bertso afaria izango da Algortako San Nikolas plaza ondoko txinatar jatetxean, Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta. Xabi Payak eta Jon Maiak abestuko dute bertan. Afaria 20 eurotan egongo da eta albegetxo[abildua]gmail.com e-posta helbidean egin behar da izenematea. Argazkian, Maialen Markaida aurrean eta Pello Arondo eta Arrate Illaro atzean, Olentzero batzordeak Areetan antolatutako bertso saioan.
  Kultura 2009-03-17 20:17

Finalerako txartela dute jokoan bihar Ipar Uribeko bertsolari gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzo jokatu zen Bilboko Txurdinaga auzoko Gabriel Aresti institutuan Bizkaiko Bertsolari Gazteen Sariketaren lehen finalaurrekoa. Berrehun bat ikasle bertan zirela, Lea Artibaiko ordezkariek gailendu zitzaizkien Bilboaldekoei, 16 puntuko alde aterata. Gauzak horrela, martxoaren 27an Bilboko Kafe Antzokian izango den finalera heltzekotan Lea Artibai aldekoak izango dituzte aurkari Ipar Uribeko bertsolari gazteek. Etxekoek asteazken honetan, hilak 18, daukate finalaurrekoa Arratiako lagunen aurka, Derioko Txorierri BHI institutuan, eguerdiko 12:15ean. Argazkian, Itxaso Payaren ordez kantatuko du bihar Peru Vidalek.
  Kultura 2009-03-17 20:02

Getxoko Jazzaldiaren talde lehiaketako parte hartzaileak aukeratu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Dagoeneko aukeratu dituzte aurtengo Getxoko Jazzaldiaren talde lehiaketan parte hartuko duten bandak. Aurten 53 taldek parte hartu dute aurreneko fasean eta, horien artean, honako lau hauek hautatu ditu epai-mahaiak: Tobias Meinhart Quartet (Suitza), Vitale-Magatelli-Winfield Trio (Italia-Danimarka), Points (Txekiar Errepublika) eta Biotone (Polonia). Aukeratutako taldeak uztailaren 1etik 4ra arituko dira lehiaketako lehen saria eskuratzeko. Bakoitzak jaialdiaren lehen lau egunetako batean joko du eta irabazlea berriro arituko da azken egunean. Kontzertuak Algortako Biotz Alai plazan izan ohi dira. Argazkian, Suediako Kristian Brink Quartet, iazko irabazleak.
  Kultura 2009-03-16 21:19

Ipuinekin gozatzeko aukera izango dute bihar ume leioaztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, asteartea, Leioako txikienek esnatuta amets egiteko eta gozatzeko aukera izango dute. Izan ere, bihar bisita ezaguna baina beti berezia dena jasoko dute, Maite Franko ipuin kontalariarena, alegia. Irundarrak istorioez beteriko saioa eskainiko die lau eta bederatzi urte bitarteko umetxoei Haur eta Gazte liburutegian. Hitzordua arratsaldeko 6etan jarri dute eta ipuinak euskaraz kontatuko ditu Frankok. 1971ean jaioa, Maite Frankok eskarmentu handia metatu du dagoeneko. Izan ere, ezagutzen dutenek diote txipiroi-arrantzale eta lehorreko lamia baten zazpigarren alaba dela. Antzerkigintza, bikoizketa, irakaskuntza eta literaturaren ur handietan igeri egindakoa da. Eta hori nahikoa ez eta 2004 urteaz geroztik, ipuinen ozeano barean dabil, harrez geroztik 800 saio baino gehiago eskainiz. Bertan, ahoz aho ibilitako ipuinak zein argitaratu berriak, jolas, asmakizun eta dramatizazioekin nahasten dira, umore, misterio eta “mezu positiboak” barruan daramatzatelarik.
  Kultura 2009-03-13 20:46

Aste Santurako egonaldi irekiak antolatu ditu Bizarra Lepoanek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo udalerriko Bizarra Lepoan euskara elkarteak 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzako egonaldi irekiak antolatu ditu Aste Santurako, Bapiruke egitasmoaren barruan. Guztira, zazpi egun aukeratu dituzte, txangoak txango, Algortako Zabala ikastetxean izango diren ekintzetarako: apirilaren 6tik 8ra eta 14tik 17ra, 9:00etatik 13:30era egingo dituzte jolasak eta tailerrak; hilaren 7an eta 15ean izan ezik, 17:00ak arte egongo direla, hurrenez hurren, Sopuerta abenturara eta mendira joango baitira. Horrenbestez, bazkideek astelehenetik asteazkenera egin ahal izango dute izenematea. Ondoren, martxoaren 23tik 25era bitartean, bazkideak ez direnen txanda izango da. Lehenengoek 40 euro ordaindu beharko dituzte, bigarrenek 60 euro; eta Oinarrizko Errenta jasotzen dutenek 10 euro. Argazkian, Bapirukeko begirale eta umeak jolasean, Zabalan.
  Kultura 2009-03-13 19:38

Salgai daude “Variaciones sobre Rosa Parks” antzezlanerako sarrerak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri “Variaciones sobre Rosa Parks” antzezlana ikusteko sarrerak salgai jarri dituzte jada BBKren Telekaren kutxazainetan eta www.bbk.es webgunearen bidez. Saioa ostegun honetan, martxoak 19, izango da, 19:00etan, Areetako Andres Isasi Udal Musika Eskolan. Antzezlanak Getxoko Udalak antolatutako Aniztasunaren Aldeko eta Diskriminazioaren Kontrako V. Jardunaldiei emango die hasiera. Egunean bertan, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira sarrerak. Argazkian, antzezlanaren pasarte bat / Ecamcito.
  Kultura 2009-03-13 18:19

Korrikaren aldeko diru bilketa egingo dute etzi Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) atzo aurkeztu zuen jendaurrean Korrika 16, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Martxoaren 26an hasiko den euskararen aldeko aurtengo lasterketaren zehetasunak Edurne Brouard arduradunak eman zituen eragileen aurrean eta, besteak beste, Korrika 16ren helburuak azaldu zituen: batetik, kanpotarrak euskarara hurbiltzea, eta bestetik, euskara erabili behar dela azpimarratzea. Aurkezpenean, Joan Maiak zuzendu duen "Bidaia intimoak" dokumentalaren pasarte batzuk ikusteko aukera ere egon zen. Aipatu lana osorik proiektatuko dute gaur, 20:30etik aurrera, Algortako Kasinoan. Bitartean, igande honetan, hilak 15, Korrikaren aldeko diru bilketa egingo dute Erandion. Eguerdiko 12etatik aurrera, Astrabuduako Stop taberna aurrean eta Altzagako metro geltoki ondoan jarriko dituzte mahaiak. Argazkian, Edurne Brouard atzoko aurkezpenean.