Jendartea 2006-03-05 23:26

Lehenengo Itzubaltzeta gaztetxea bota zuten lekuan eraikitako egoitza hilabete honetan zabalduko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Bizkaiko Foru Aldundiaren iturriak aipatuz, Vocento taldeko agentziak jakinarazi du Itzubaltzeta / Erromoko izen bereko kalean dagoen Santa Eugenia egoitza hilabete honetan zehar zabalduko dutela. 2004ko irailaren 27an Ertzaintzak bortizki hustu eta gero eraitsitako Itzubaltzeta gaztetxearen lurzoruan adimen ezintasunak pairatzen dituzten pertsonentzako egoitza eraikitzen hasi ziren. Egoitza horrek 20 pertsona hartuko ditu eta Gorabide elkarteak kudeatuko du. Egoitza guztiz hornituta dago eta irekiera gauzatzeko Getxoko Udalak eman behar dituen zabaltzeko lizentzia eta beste baimenak baino ez omen dira falta. Beheko solairuan areto komunak daude, tartean sukaldea eta jantokia. Beste lau solairuetan, bizitzeko eremuak daude, guztira bertako bizilagunek zortzi logela bikoitz, lau logela arrunt, zortzi komun eta lau "office" edo sukalde txiki erabiliko dituztela. Argazkian, Itzubaltzeta gaztetxea hustu zuteneko irudi bat.

  Jendartea 2006-02-13 22:05

Ostegunean lan baldintzei buruzko bideo foruma eskainiko du Itzubaltzeta gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

"Se entera o no se entera la clase obrera?" titulupean, bideo foruma izango da ostegun honetan Itzubaltzeta gaztetxean, arratsaldeko 7etan. Horretarako, 1985ean ekoiztu zen "La batalla de Euskalduna" 36 minutuko laburmetraia proiektatuko da. Horrezkero, eztabaida zabalduko da. Filmean kontatzen da Euskalduna ontzioletako langileen borroka, Madrilgo Gobernu "sozialistak" enpresa itxi ez zezan. Garai haietan, Europako Batasunak klub komunitarioan sartzeko Espainiako Estatua behartu zuen ontziolen ekoizpena erdira murrizten eta sektore gehienetan langileen eskubideak sano murrizten. Gaur egun, Abenduaren 14ko greba arrakastatsua ekarri zuen "Gazteriarentzako Lan Kontratua" Ipar Euskal Herrian ezarri dute eta zerbitzuen sektorean lan baldintzen behin-behinekotasuna ekarriko lukeen Bolkestein araua eztabaidagai dago Europako Batasuneko Kontseiluan, Espainia eta beste estatu batzuen oniritziarekin. Bestalde, Aldi Baterako Lan Enpresek (ABLE) hor jarraitzen dute... Argazkian, Euskaldunako langile bat ontziolako gatazkan / Diez palabras.

  Jendartea 2005-10-13 23:06

Itzubaltzeta gaztetxearen urteurrena ospatzeko, jai eta kultur egitarau zabala prestatu dute astebururako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Urriaren 14tik 16ra bitartean guztientzat dibertigarria izango den kultur eskaintza oparituko dio bere buruari urte bat bete berri duen Itzubaltzeta gaztetxeak. Asteburu horretako egitarauari dagokionez, txupin baten bidez emango diote hasiera ostiral honetan, arratsaldeko 20:00etan. Ondoren, mokadu bat hartzeko eta zintzurra bustitzeko parada izango da. 22:00etan, berriz, antzezkizunen zaleen ordua izango da, gaztetxean bertan antzez emankizuna izango baitute. Eta egunari amaiera emateko, ordu bat beranduago oholtza irekia izango da, guztiok barruan daramagun artista plazaratzeko. (Argazkian, Itzubaltzetan burutu izandako UKGAKen aurkezpena).

  Jendartea 2005-10-08 03:01

Lehenengo aldiz Getxoko udalerrian urte oso bat bete egin du gaztetxe batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Itzubaltzeta gaztetxea, Itzubaltzetan (Erromo) kokatuta dagoen gaztetxea, izan da Getxoko udalerrian urteurrena ospatu ahal izan duen lehenengo gazteen topagune okupatua. Ertzaintzak pasa den urtean Itzubaltzetako gaztetxe zaharra desalojatu eta hiru egunetara, 2004ko irailaren 30ean, alegia, Errekagane kaleko aroztegian Itzubaltzeta gaztetxe berria ireki zuten herriko gazteek. Ordutik hona eta lehenengo hilabeteetan garbiketa lan gogorrak igarota, makina bat jarduera burutu dituzte Itzubaltzeta gaztetxeko lagunek: mota guztietako tailerrak, bideo emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak, gaztetxeko egitura hobetzeko auzolanak... eta era berean hainbat talde ezberdinei beren azpiegitura utzi diete jarduerak egiteko. Horren lekuko izan dira jai batzordeak, antzerki taldeak, musikariak, kultur eta gazte mugimenduak, euskalgintza, internazionalistak, software askearen aldekoak, sindikatuak, kirolzaleak, presoen aldekoak, pertsonen laguntzarako elkarteak eta abar luze bat. Ibilbide hori gogoratzeko, hobetzeko eta saritzeko bi asteburuko programa jarri du abian zentro okupatuak. Argazkian, Itzubaltzetan burutu izandako UKGAKen aurkezpena.

  Jendartea 2005-06-24 18:06

Itzubaltzeta proiektuak urte bat bete du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Gobelix eta Erromoko Gaztetxea gogoan, 2004ko ekainean Itzubaltzeta / Erromoko gazteek Santa Eugenia kaleko etxe bat okupatu zuten, Erromoko Gaztetxea zegoen lurzorutik hogei metrotara. Urte bereko irailaren 27an, Ertzaintzak bertan batu ziren dozenaka lagun gogor sakabanatu ostean eta eraikinaren barruan zeuden kideak atera ondoren, gaztetxea eraitsi zuten (argazkian). Baina, hiru egun beranduago herriko heunka gaztek Errekagane kaleko haroztegi zaharra okupatu zuten, eraikinari berrriro ere, Itzubaltzeta gaztetxea izena emanez. Itzubaltzeta gaztetxekoek azaldu dutenez, "gauza asko bizi izan ditugu eta asteburu honetan astean zehar hasitako ekitaldiei bukaera emango diegu". Tartean, larunbatean ospatuko duten egun osoko jaia.

  Jendartea 2005-06-17 18:14

Zerua buru gainean erortzeko beldurrik ez Itzubaltzeta gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Asterix, Obelix eta beste bretainiarrak ez bezala –dakienak badaki galoak inoiz ez direla izan–, Itzubaltzeta / Erromoko Itzubaltzeta gaztetxearen kideak zerua beren buruen gainean inoiz eroriko ez delakoan daude. Baina bada ez bada ere, edo zortea apur bat laguntzearren, orain dela pare bat aste hasi zituzten teilazko teilatu osoa aldatze lanekin jarraituko dute asteburu honetan. Hitzordua larunbatean eta igandean jarri dute, eguerdiko 15:00etan eta, batzuen arabera, jende mordo eta lan gogoekin hurbiltzekotan lana asteburuan amaituko dute. Bitartean, uralita xafla pila zain daukate gaztetxe ondoan. Euria egonez gero, auzolanak mantenduko dira eta barruko kontu batzuk moldatuko dituzte. Argazkian, Itzubaltzetako gaztetxeko kide batzuk teilatuan lanean.

  Jendartea 2005-06-14 16:54

Alkoholismoaren arazoari arreta jarriko dio gaur Itzubaltzeta gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Gaur, asteartea, arratsaldeko 20:00etan, Itzubaltzeta / Erromoko Itzubaltzeta gaztetxean Alcoholicos Anonimos izeneko drogomenpekotasunaren kontrako elkarteak hitzaldi bat emango du. Argibide gehiagorako elkarteko ordezkariek Getxo udalerrian duten telefonoetara dei daiteke: 699 586 002 edo 944 605 257. Gaur egun, elkarteak talde bakarra dauka Uribe Kostan, Itzubaltzeta / Erromoko Gobelaurre parkean dagoen Getxoko Udaleko Gizarte Arloaren lokaletan biltzen dena. Bilerak astelehenero, asteazkenero eta ostiralero egiten dira, arratsaldeko 19:00etan.

  Kultura 2005-05-23 19:43

Jaialdi asturiarra egingo dute larunbat honetan Itzubaltzeta gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

"Oficialidá, agora!" (Ofizialtasuna orain!) lelopean, asturiar hizkuntzaren egoeraren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte, maiatzaren 28rako, Itzubaltzeta gaztetxean. Arratsaldeko bostetan emango zaie hasiera ekitaldiei; jardunaldien aurkezpena eta "Aida" laburmetraiaren proiekzioa izango dira, ordu horretan, Pablo Quirogaren eskutik. Ordu bete beranduago, berriz, "La llingua asturiana, la llucha pola normalización d'un idioma vivu en pelligru d'estinción" (Asturiera, desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza bizi baten ofizialtasunaren aldeko borroka) izenburuko hitzaldia eskainiko du Miguel Fernandi Andecha Astur alderdi politikoko kideak. Azkenik, sagardo dastaketa eta gaita eta danboril emanaldia egongo dira 21:00etan, eta ordu bete geroago, Skama la Rede (Ska-punk-folk) eta Oi n'ast(Oi) taldeek emango dute kontzertua. Azken hauetarako sarrera bi eurotan egongo da.

  Jendartea 2005-04-08 19:00

Auzolanaren bitartez gaztetxea aurrera doala frogatu dute Itzubaltzetakoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

“Como alcalde vuestro que soy os debo una explicacion y esa explicacion que os debo ahora os la voy a pagar”. “Bienvenido Mister Marshall” Berlangaren filmaren esaldi horrekin hasi da gaur goizean Itzubaltzeta / Erromoko gaztetxeak ospatu duen ate irekien eguna eta inaugurazio sinbolikoa. Ondoren, hirurogei bat pertsona eta hainbat komunikabideren aurrean herrian egondako lau gaztetxe, Algortan botatako gazte ekimenak, Erromoko Gazte Asanblada ohiaren ingurukoak, auzolanak eta baita Zarraoaren haurtzaroa ere bertsoka ekarri dituzte gogora gaztetxeko kideek. “Itzubaltzeta gaztetxea” idatzita zeukan errotulua agertarazi ostean, auzokideei gaztetxearen bi solairutako areto guztiak erakutsi dizkiete bisita gidatuan. Amaieran, guztientzako luntxa prestatu dute gazteek. Kalera begira, eta burutu ez den Gobela kiroldegiko inauguraziora hurbildutako politikoei zuzenduta “Ongi etorri, Mister Marshall” leloko pankarta zintzilikatu eta pasodoble bat behin eta berriro jarri dute: “americanos, os saludamos, con alegria. Ole tu madre. Ole tu padre y ole tu tia!”.

  Jendartea 2005-04-07 21:45

Auzolanetan lortutako emaitzak ospatuko dituzte Itzubaltzeta gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Ostiral honetan, goizeko hamaiketan hasiko dira Itzubaltzeta gaztetxearen inaugurazio ofizialaren ekitaldiak. Ospakizun horren bidez, auzolanetan hainbat hilabetetan egindako lanen garrantzia azpimarratu nahi dute gaztetxeko kideek, baita "hurrengo urratsetarako indarrak" hartu ere. Era berean, emandako laguntza eskertu nahi diete auzokideei. Hori dela eta, herritar guztiei zuzendutako ekitaldia izango da. Protokolo ekitaldiaren ostean, luntxa izango da gaztetxe barruan, bertokoek jakinarazi dutenez.