Gazteok 2014-01-28 11:56

Itzubaltzeta gaztetxea botatzea eskatuko dute udal batzarrean Getxoko PPk eta PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Berriro ere Itzubaltzeta / Romoko Errekagane kalean zutik geratzen diren pabioiak botatzearen "beharrezkotasuna" defendatuko du Getxoko PPk, gaurko udal batzarrean aurkeztutako mozio baten bitartez. Marisa Arrue tokiko popularren bozeramailearen hitzetan, beste behin ere Imanol Landa EAJren alkatearen "hanka sartzea" agerian utzi nahi dute, aipatu eraikinak "botatzeko Gobela ibaiko lanak aprobetxatu beharrean, gaztetxe polemiko bat kokatzen den pabilioiak zutik mantentzea erabakitzeagatik". "Auzoaren irudiari kalte egiten diote horiek. Gainera, auzokideak penatuta daude bota beharrean, pabiloiak berriro zabaltzeko asmoa daukatelako", adierazi du Arruek. Izan ere, "auzokideek plataforma bat osatu" dutela aipatu du Getxoko PPren buruak. "Errekagane kale osoan zehar erreka estaltzea eskatzen dute. Sinadura bilketa ere abiatu dute", gaineratu du popularrak. Bitartean, auzokideena ez ezik, bertatik igarotzen diren "oinezkoen kezka" ere mahaigaineratu du Getxoko PSE-EEk, "eror daitezkeen zatiez babesteko bisera jarri baldin badute ere", Horiek ere mozioa aurkeztu dute Errekaganeko pabiloiak botatzea eskatzeko. Luis Almansa sozialisten tokiko buruak izenpetutako idatzia, ordea, ez dute bertan gaztetxe bat dagoenik aipatzen. Hirigintza Plangintza eta Lurzoruaren Legea aipatzen dituzte. Argazkian, Itzubaltzeta gaztetxea itxita Gobelako lanen ondorioz, artxiboko irudian.

  Jendartea 2013-12-02 15:03

Gobelako metro geltoki ondoan zubia jartzeari ekingo diote bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Uraren Euskal Agentziak (URA) Itzubaltzeta / Romoko Gobelako metro geltokirako zubia berriro jartzeko lanak hasi ditu Errekagane kalean. Gobela ibaiko ibilguaren zabalera handitzeko ibaiertzetan pantailak eraikitzen bukatu ondoren Plentzia Hiria etxaldea eta Errekagane kalea artean. Pantaila horiek ibilguaren zabalera oraingo sei metrotik 11 metrora zabaltzea ahalbidetuko dute. Zubia berriro jartzeak bi lan nagusi ditu: ibaiertzak konektatuko dituen zeharkako habeak jartzea eta hauen gainean zubi berriaren taula jartzea. Aurreikusten da urtearen amaierarako taula hori porlanez finkatzea, URA agentziak jakinarazi duenez. Lan horiek egiteko, Plentzia Hiriako aparkalekuetarako sarrera eta irteeraren arteko oinezkoentzako bidea aldi baterako moztuko dute bihar, asteartean, goizeko 8etatik arratsaldeko 6etara. Bitartean, oinezkoek karrerapetik pasa ahal izango dira, eta lanen zuzendaritzak egoki deritzonean, ohizko pasabidea lehengoratuko da. Argazkian, zubia berriz jartzeko estaliko den eremuaz gain, auzokideek lehen estalita zegoen ibai zati osoan parkea berregiteko eskatzen dute, balkoietan pankartak jarrita / © URA.

  Gazteok 2013-10-16 16:55

Kalean ospatuko dute Itzubaltzeta gaztetxearen 9. urtemuga

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Pasa den irailaren 30an, zortzi urte bete ziren ehunka gaztek Errekagane kalean utzita zegoen ebanisterian sartu eta egungo Itzubaltzeta gaztetxea okupatu zutenetik. Aurretik zeukaten izen bereko zentro soziala Ertzaintzak indarrez hustu eta Getxoko Udalak eraitsi eta hiru egunera egin zuten okupazioa. Egun, oraingo gaztetxeak berdin amaituko ez duela ezin dute ziurtatu gazteek. Izan ere, Gobela ibaian egiten ari diren lanak errazteko Getxoko Udalarekin negoziazioak zabaldu zituzten gazteek eta Getxoko Udalak. Horren emaitza izan zen Imanol Landa Getxoko alkateak azpiegitura mantentzeko asmoa agertu izana eta pasa den otsailaren 14an gazteak Ezekiel Agirre kaleko udal lokaletan, Etxe Merkean, instalatu izana. Halere, elkarrekiko mesfidantzak hor dira eta oraindik orain ez dago argi zer gertatuko den Errekaganeko higiezinarekin URAk bi urte barru lanak amaitu ondoren. Gaztetxearen etorkizuna bulegoetan eta kalean erabakitzen den bitartean, bost eguneko egitarau zabala prestatu dute Itzubaltzetako neska-mutilek, bederatzi urteurrena ospatu eta hamaika gehiago bete nahi dituztela aldarrikatzeko. Horretarako, gainera, karpa jarri dute gaur goizean herriko Santa Eugenia plazan. Argazkian, Izenik Ez Itzubaltzeta / Romoko talde beteranoak kontzertua emango du ostiralean, Striknina eta Atadxs a Nada taldeekin batera.

  Gazteok 2013-02-01 17:39

"Gero arte" esango diote bihar Itzubaltzeta gaztetxeari jaialdi baten bidez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Urtarrilaren 21ean abiatu ziren Gobela ibaiko lanak Errekaganen, uholdeak saihesteko asmoz. Bi urte eta erdi iraungo dute URA Uraren Euskal Agentziaren obrek. Hurrengo egunean, berriz, Itzubaltzeta gaztetxearekin hitzarmena adostu duela iragarri zuen Udalak, eta bertoko neska-mutilak hasi dira pixkanaka erreka ondoko pabilioiak husten. Akordioari jarraituz, Ezequiel Agirre kaleko “etxe merkeetako” bat lagako die Udalak Itzubaltzeta gaztetxeko kideei, obrak iraun bitartean, bere jarduera aurrera eraman ahal izateko. Hala ere, egoitza berrian ezin izango dituzte hurrengoak egin: musika kontzertuak, musika taldeen entseguak, jaiak, ospakizunak, azokak, taberna edo jatetxe bezala erabili, ezta bazkariak prestatu ere. Ordutegiei dagokienez, hitzarmenak ezartzen du jarduerak Getxoko Kultur Etxearen ordutegi berberak izango dituela, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara. Gauzak horrela, larunbat honetarako, otsailak 2, "Agurrik ez... gero arte!" lelopeko jaia antolatu du Itzubaltzeta / Romoko Gazte Asanbladak. Besteak beste, azkeneko herri-lanak (10:00), triki-poteoa herritik (14:00), herri bazkaria (15:30) eta bideo-proiekzioa (17:30). Gauean, berriz, doako kontzertua (19:00) izango da gaztetxean, Tois, Atadxs a Nada, Striknina eta Uttima Neurona taldeen eskutik; eta beste ezusteko batzuk. Azkenik, gauerditik aurrera azken gau-pasa egingo dute. Bazkarirako txartelak gaztetxean salgai daude, 6 eurotan. Argazkian, kontzertua Itzubaltzeta gaztetxean, artxiboko irudian.

  Gazteok 2013-01-30 19:34

Itzubaltzeta gaztetxeko neska-mutilei "faborezko tratua ematea" egotzi dio Getxoko PSE-EEk Udalari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Itzubaltzeta gaztetxeko kideei lagatako Ezequiel Agirre kaleko 14. zenbakiko "etxe merkea" etxegabetzea edo "muturreko bestelako arazoren bat" jasan duten lagunentzako "aldi baterako etxebizitza" bezala erabiltzea eskatu dio Getxoko PSE-EEk Udalari. "Edo bestela, zergaitik ez, Berdintasun Planean jaso bezala, udalerrian halabeharrez izan behar dugun harrera pisua bezala", Luis Almansa tokiko sozialisten buruak gaineratu duenez. Urtarrilaren 21ean abiatu ziren Gobela ibaiko lanak Errekaganen, uholdeak saihesteko asmoz. Bi urte eta erdi iraungo dute URA Uraren Euskal Agentziaren obrek. Hurrengo egunean, berriz, Itzubaltzeta gaztetxearekin hitzarmena adostu duela iragarri zuen Udalak, eta bertoko neska-mutilak hasi dira pixkanaka erreka ondoko pabilioiak husten. Akordioari jarraituz, Ezequiel Agirre kaleko “etxe merkeetako” bat lagako die Udalak Itzubaltzeta gaztetxeko kideei, "bere jarduera soziokulturala aurrera eraman ahal izateko", Getxoko PPren arbuioa tarteko. PSE-EEkoentzat, ordea, prozedura hori "irregulartasunez beterik dago, legezkotasun eza ez aipatzearren". Are gehiago, Itzubaltzeta gaztetxeko neska-mutilei "faborezko tratua ematea" egotzi dio Almansak tokiko Gobernuari; "lehen baimenik eskatu gabe Errekaganen egiten zituzten legez kanpoko jarduerak emandako etxean egiten jarraituko dutelako, hori lagatzeko Legeak exijitzen duen lehia erregimena errespetatu barik". Argazkian, Luis Almansa Getxoko PSE-EEren bozeramailea.

  Jendartea 2013-01-26 05:22

Festa feminista hartuko du gaur Itzubaltzeta gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Gaur, larunbata, iluntzeko 20:00etatik aurrera, "jaialdi festminista" izeneko festa hartuko du Itzubaltzeta / Romoko gaztetxeak. Herri horretako emakume asanbladak antolatuta, jaialdia ekitaldi feminista dela medio abiatuko dute. Ondoren, 21:00etan, musikarien txanda helduko da. Oholtzan Barañaingo Afu eta herriko Honat erromeria taldea arituko dira. Haien ostean, bi dj izango dira: DJ Festera eta DJ Dexx-Oreka. Horretaz gain, antolatzaileek queer txokoa eta hainbat ezusteko agindu dituzte. Sarrera 3 eurotan eskuratu ahal izango da gaztetxeko atean bertan. Ekimen horren bidez, Itzubaltzetako Emakume Asanbladak bere ekimenak finantzatzeaz gain, emakumeak ere musikariak direla gogoratuko du. Azkenik, taldeko bi kideri abenduaren 13an egindako epaiketa irabazi dutela ospatu ahal izango dute. Bere neskalagun ohia jipoitzeagatik salatutako gizon bat Getxon jendaurreko elkarretaratze baten bidez seinalatu izanagatik irainak eta kalumniak leporatu zizkien aipatu gizonezkoak. Getxoko 1. instrukzio epaitegiko jujeak, ordea, ez du deliturik ikusi. Halere, Salatzaileak helegitea jarri du Bizkaiko Auzitegian. Argazkian, epaiketaren egunean Negurin egindako kontzentrazioan.

  Gazteok 2013-01-23 15:01

Getxoko PP "suminduta" dago Udalak Itzubaltzeta gaztetxeari eraikin bat lagako diolako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Getxoko PPk "arbuioa eta sumindura" adierazi dio Getxoko Udalak "lehen Errekaganeko pabilioietan zegoen okupa talde bati" eraikin bat lagatzeari. Marisa Arrue tokiko popularren bozeramailearen hitzetan, "alkateak lokala dohainik eman diezaiela, gazteek egin behar duten gauza bakarra okupatzea dela ulertzera ematea baino ez dute lortuko horrela". Getxoko PPren buruaren arabera, horrek adierazten omen du alkatearentzat "lehenengo eta bigarren mailako gazteak" daudela: "Dirudienez, lehenengo mailakoei, Errekaganeko okupei kasu, erraztasun guztiak eskaini eta eraikin bat oparitzen die. Bitartean, gainontzeko gazte getxoztarrek bizimodua atera behar dute eta, jende guztiak bezala, lonjaren alokairua, argia eta elektrizitatea ordaindu". Argazkian, Arrue Itzubaltzeta gaztetxearen aurrean emandako prentsaurrekoa, artxiboko irudian.

  Gazteok 2013-01-23 14:42

Baldintzak baldintza, etxe merkeetako bat laga dio Udalak Itzubaltzeta gaztetxeari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Astelehen goizean abiatu ziren Gobela ibaiko lanak Errekaganen, uholdeak saihesteko asmoz. Bi urte eta erdi iraungo dute URA Uraren Euskal Agentziaren obrek. Atzo, berriz, Itzubaltzeta gaztetxearekin hitzarmena adostu duela iragarri zuen Getxoko Udalak, eta bertoko neska-mutilak hasi dira pixkanaka erreka ondoko pabilioiak husten. Akordioari jarraituz, Ezequiel Agirre kaleko “etxe merkeetako” bat lagako die Udalak Itzubaltzeta gaztetxeko kideei, "bere jarduera soziokulturala aurrera eraman ahal izateko". Hala ere, hainbat baldintza ezarri dizkie. Batetik, lokal horretan ondoko jarduera hauek soilik antolatu ahal izango dituzte: antzerkia, ikastaroak, hitzaldiak eta bilerak. Ezin izango dituzte hurrengoak egin: musika kontzertuak, musika taldeen entseguak, jaiak, ospakizunak, azokak, taberna edo jatetxe bezala erabili, ezta bazkariak prestatu ere. Ordutegiei dagokienez, hitzarmenak ezartzen du jarduerak Getxoko Kultur Etxearen ordutegi berberak izango dituela, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara. Asteburuetarako edo jai egunetarako ordutegia Udalarekin adostu beharko dute aurretik. “Betebehar horiek betetzen ez badituzte gazteek Udalak utzitako lokaletatik irten beharko dute”, zehaztu zuen atzoko prentsaurrekoan Koldo Iturbe Kultura zinegotziak. Argazkian, astelehenean hasi zituzten lanak Errekagane kalean.

  Jendartea 2013-01-22 12:18

Mantso hasi dira Gobelako lanak Errekaganen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Atzo, astelehena, goizean abiatu ziren Gobela ibaiko lanak Errekaganen. Bi beharginak bertako Arenas Futbol Taldea parkean itxiera egitura bat eraikitzeari ekin zioten, lanetan langileek eta makineriak eremu propio izango duten tokia hesituz. Izan ere, ostiralean Imanol Landa Getxoko alkateak eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak iragarri zutenez, lanak hasi eta lehenengo hiru hilabeteetan ez dute makina askorik sartuko eta ez da eragozpen handirik izango auzotarrentzat, estolderia, telefonia sareak, ur eta elektrizitate tutuak zein bestelako azpiegiturak lanek hartuko duten eremutik lekuz aldatzea izango baita lehenengo helburua. Halere, Gobela ibaia Leioako zubia eta Valdes gainezkabidearen arteko 762 metroetan zabaltzeko eta estaldura kentzeko obrak 14 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du, desjabetzeen kostea zenbatu gabe. Bi urte eta erdi iraungo dute URA Uraren Euskal Agentziaren lanek. Bitartean, Getxoko Udalak Itzubaltzeta gaztetxearekin adostutako hitzarmena jakinaraziko du gaur. Argazkian, behargin bat lanean atzo Errekaganen.

  Jendartea 2012-12-26 22:22

Itzubaltzeta gaztetxean lapurtu dute, urtebetean bosgarren aldiz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Itzubaltzeta / Romoko gaztetxean lapurreta egin zuten atzo, Eguberri egunean, hainbat ezezagunek. 2011ko abenduaren 18 eta 19 arteko gauetik hona, bosgarren aldia da eskuluzeek gazte zentroa bisitatzen dutena. Gaur goizean Itzubaltzetako Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, ebasleak ez du gauza handiegirik eraman, aspaldi ez baitute lokalean dirurik uzten. Tabernarako diru xehea baino ez dute faltan bota. Halere, kalte materialak eta sortutako anabasa handia izan da. Dirudienez, gaizkileak bi lonja urrunago dagoen teilapetik sartu ziren, azpiegitura hori pisuaz apurtu zutela. Ondoren, tarteko lonjan sartzeko zuloa egin eta lokala eta gaztetxeko beheko aldea banatzen duen horma txapa metalikoz sendotuta dagoela jakinda edo, parrilla baten gainera igo eta goiko solairuan dagoen ate bateraino eskalatu egin zuten. Bertako egur xafla batzuk ere apurtu zituzten igoeran. Atea igarota, lapurrak tabernara jo eta bertako barra, izotz-makina, biltegia, hozkailua, botikina eta izozkailua nahasi zituen, alde egin baino lehen. Gabon gauean, Dj festa bat eskaini zuen gaztetxeak eta Eguberri-eguneko goizeko 6ak arte izan zen zabalik. Une hori eta gaurko goiza bitartean jaso da lapurreta. Argazkian, gaztetxearen ondoko lonjara ailegatzeko egindako zuloa.