Jendartea 2008-02-11 22:45

Itsas mundua "maitatzen" erakutsi nahi die eskola umeei Getxo Aquariumek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo Aquariumek bi helburu nagusi jarri dizkio bere buruari 2008rako: alde batetik, itsas-mundua eskola umeei hurbiltzea; eta bestetik, behin-behineko erakusketak antolatzea, akuarioko bisita kopurua handitzeko asmoz. Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak ostiraleko prentsaurrekoan adierazi zuen neska-mutilei itsas hondoak duen garrantziaz kontzientziatzea "oso garrantzitsua" dela: "azken finean, itsas mundua erakutsi nahi diegu eskola umeei, ezagutu eta disfrutatu ondoren maitatzea lortuko dutelako”, gaineratu zuenez. Getxo Aquariumek urte honetan garatuko duen beste helburua hauxe da: bisitarien interesa piztu nahian, behin-behineko erakusketak antolatuko dituzte. Horiei buruz ere mintzatu zen Eiguren: “pertsonen interesa piztu nahi dugu, eta horretarako hauen ezagutza maila handituko dugu”. Argazkian, bost marrazoetako bat / Imanol Landa
  Jendartea 2008-02-11 22:03

Palestinako errefuxiatuen egoerari buruzko argazkiak daude ikusgai Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Otsailaren 22ra bitartean, Biladi palestinar kultur zentroak antolatutako argazki erakusketa egongo da ikusgai Leioa eta Erandioko campuseko liburutegi nagusian, 11:00etatik 15:00etara. Errefuxiatu palestinarren egoera bizkaitarrei hurbiltzea da ekimenaren helburua, hau da, Bizkaiko herritarrak sentikor bihurtzea Palestinako errefuxiatuen errealitatearekiko eta egin duten ibilbide historikoarekiko. Bestalde, UNRWA (Nazio Batuen Erakundeak Ekialde Hurbilean Palestinako Errefuxiatuentzako duen Agentzia) duela 57 urte baino gehiagotik errefuxiatu palestinarrekin egiten ari den lana eta etorkizunerako dituen asmoak aurkeztu nahi dituzte. Argazkietan ikus daitekeen bezala, 5 lan-ildo jorratzen ditu UNRWAk: hezkuntza, osasungintza, larrialdiak, garapen ekonomikoa eta babes soziala. Biladi hitzak "nire lurra" esan nahi du arabieraz, okupatutako lurraldeetan eta errefuxiatu-eremuetan banatuta dauden 8 milioi palestinarren lurra alegia. “Egoera penagarria bizi dute herritarrek, deserrotze dramatikoa jasan arren, atsekabez eta itxaropenez etorkizun bidezkoagoa lortzeko borrokan dihardute”, azaldu dute elkarteko kideek. Argazkian, urtarrilean Sopelan jarri zuten erakusketa.
  Jendartea 2008-02-11 21:50

Sahararrentzat 3,5 tona premiazko gai batu du Nuyum elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sahararen Aldeko IV. Euskal Karabanarako 3.500 kilo azukre, arroz, atuna oliotan, dilista eta konpresa batu ditu Sopelako Nuyum elkarteak. Besteak beste, Zipiriñe eta Iberre ikastetxe eta Ander Deuna ikastola sopeloztarren laguntza izan dute; baita Berangoko Eroski merkataritza gunea eta Plentziako ikastetxearena ere. Horretaz gain, Sopelako udaletxean hainbat emari jaso dira. Aurten Urdulizko Udalak ere lagundu du ekimenean. Lortutako emaitzekin oso gustora azaldu da elkartea: nahiz eta "aurten bilketa aurreko urteetan baino urriagoa izan Euskal Autonomia Erkidegoan, Sopelan orohar kopurua mantendu egin da eta agian handitu ere bai", Iñaki Calle Nuyumeko kideak adierazi duenez. Jakiez gain, hainbat auzokidek jantzi berriak, sendagaiak, oheak, X izpien tresna bat eta liburutegi medikoa ere eman dituzte. Hori guztia, larunbat honetan, otsailak 16, abiatuko da, hamairu trailer handitan, Aljerian dauden saharar errefuxiatuen kanpamentuetara. Argazkian, Moreaga Ugerzaleak eta Nuyum elkarteetako kideak 2006ko maiatzean egin zuten igeriketa maratoi solidarioaren aurkezpenean.
  Jendartea 2008-02-11 21:24

Leioan 75 emakumek jaso dute aholkularitza juridikoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Emakumearen Aholkularitza Zerbitzu Juridikoaren gaineko txostena plazaratu berri du Leioako Udalaren Gizartekintza Sailak. Bertan jasotzen denez, 2007an 75 andreri eman zieten arreta: horietatik 44 udalerrikoak edota Bizkaia aldekoak, eta gainontzeko 31ak etorkinak ziren. Informazio eskaera gehien sortarazi zituzten gaiak familia zuzenbideari buruzko arazoak izan ziren, eta honekin batera zuzenbidearekin harremandutako gatazka konponbideen gainekoak. Udal iturrien arabera, "oso egoera zehatzak aurkitzen ditugu: falta epaiketak, adizkidetza ekintzak edota maizter-kaleratzeak. Horrelako zerbitzurik eduki ezean, emakumeei babes falta sumatzea eragin diezaiekete horiek". Bestalde, umeen zaintza, elikatzeko eskubidea eta horrelakoak izaten dira kezka gehien sortarazten dituzten gaiak zerbitzu. Izatezko bikote erregimenean bizi diren emakumezkoen bisitak ere gero eta gehiago dira. Argazkian, Leioako udaletxea.
  Jendartea 2008-02-11 21:20

Pinosolon eta Txorierrin hainbat herri lan egingo ditu Leioako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioako Udalak Construcciones Cantabricas elkarte anonimoari eman dizkio auzo ezberdinetan egingo diren hainbat berrikuntza lan. Batetik, 248.000 euroko aurrekontua izango du enpresak Txorierrin euri-bilketa sarea jartzeko. Bestalde, Pinosoloko eraberritze obren bigarren faseari helduz, 212.000 euro jasoko ditu bidegorriaren jarraipena eta oinezkoentzako bidea egiteko. Tokiko iturriek jakinarazi dutenez, dagoeneko prest dago Elexalde eta Pinosolo parkeak lotzen dituen zatia. Oraingoan, berriz, Artatza parkeraino luzatuko dute bidegorria. Azken zati hori egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza jasoko du Udalak. Eneko Arruabarrena alkateak adierazitakoaren arabera, "Pinueta Leioako erdigunearekin lotzea da gure helburua, dena oinezkoentzat zein txirrindularientzat pentsatutako bide seguru baten bitartez". Hori aurten amaitzea aurreikusten dute. 2009rako, berriz, Getxo udalerriraino luzatu nahi dute bidegorria. Argazkian, Eneko Arruebarrena Magdalena Alvarez Espainiako Herrilanetarako ministroarekin Kultur Leioaren finantziazioari buruzko akordioa sinatzeko ekitaldian.
  Jendartea 2008-02-11 17:40

Ertzaintzak 15 urteko mutiko bat atxilotu du Algortan beste gazte bati begian zauriak sor zizkiolakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak 15 urteko mutiko bat atxilotu zuen pasa den larunbatean beste adingabe bati eraso egin ziola egotzita. Herrizaingo Sailak zabaldutako informazioaren arabera, "antza denez, kate batekin egin zion erasoa eta zauriak sortu zizkion begi batean". Zauritutako mutikoa ospitalera eraman behar izan zuten anbulantziaz. Bertsio horren arabera, 20:25ak aldera Ertzaintzari jakinarazi zioten gazte bati erasoa egin ziotela eta zaurituta zegoela, Algortako Arrigunaga hondartzan. Patruila batek egiaztatu zuen adingabeak hainbat zauri zituela begi batean, eta anbulantziaz Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Poliziek, inguruan ikertzen aritu ostean, adingabe bat atxilotu zuten, erasoaren ustezko egile izatea leporatuta. Zenbait lekukok emandako datuen arabera, erasotzaileak kate batekin jo zion biktimari aurpegian borrokan ari zirela. Atzemandako laguna Adingabeen Fiskaltzaren aurrean agertu beharko da laster.
  Jendartea 2008-02-08 20:57

Paulino Mendibil kaleko antena martxan jartzeko lanak geldiarazi ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Areetako Paulino Mendibil eta Andres Larrazabal kaleen artean jarritako telefonia antenako erregistro-kutxa zigilatu zuten, joan den urtarrilaren 24an, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak gaur jakinarazi duenez. "Horrek nabarmentzen du Getxoko Udalak ez duela jarduera-baimenik eman, operadorak ez zuelako Espainiako Industria Ministerioak egiten duen igortze-baimena aurkeztu eta hori gabe ezin delako martxan jarri", adierazi du tokiko arduradunak. Arregik gogoratu du abenduan agindu zutela antena jartzeko lanak geldiaraztea. Argazkian, hilaren 4ean Paulino Mendibil kaleko antenari hartutako irudia, Antena Ez elkartearen hitzetan. Bi langile ikusten dira bertan.
  Jendartea 2008-02-08 18:43

Areetako metro geltokiko langilearen ustezko erasotzailea atxilotu dute Getxoko udaltzainek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaltzaingoak Ertzaintzaren esku utzi du, gaur goizean, J.A.L.C. 19 urteko gazte leioaztarra, joan den asteburuan metroko langile bat erasotu izana egotzita. Metro Bilbao garraio enpresak zabaldutako bertsioaren arabera, larunbat goizeko 7:30ak aldera, "pijamaz jantzita agertu zen Areetako geltokian mutila, makila handi bat eskuan eta Bull Terrier txakurra ondoan baina aske eta muturrekorik gabe zuela". "Beharginari bi hortz eta ezpaina hautsi zizkion", Rafael Sarria konpainiako zuzendariaren hitzetan. Tokiko poliziek istiluen grabazioak ikusi ahal izan zituzten, balizko erasotzailea identifikatu eta atxilotzeko asmoz. Gauzak horrela, Sarriak berak zein Imanol Landa alkate getxoztarrak, atzematea, "Metro Bilbaok, Getxoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hitzartutako lankidetza protokoloari esker" izan dela azpimarratu dute.
  Jendartea 2008-02-08 18:29

Sutea izan da Leioako Luis Bilbao Libano kaleko etxebizitza batean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sutea jazo da gaur goizean Leioako Luis Bilbao Libano kaleko 19. atarian, kalte ekonomikoak eragiten baina inolako zauriturik suertatu gabe. Alarma goizeko 9:45ak aldera piztu da, eraikin horretako hainbat auzokidek plastiko errearen usaina nabaritu eta etxean zehar nondik irten den bilatu ostean, lehenengo solairuko ate batean topatu dutenean iturburua. "Hor bakarrik dagoen andra bat bizi da, iaz arte ahizparekin bizi zen baina hori hil zen" azaldu digu kalera batan irten behar izan den auzokideak. Udaltzainei abisua emanda, beraiekin hurbildu dira suhiltzaileak eta medikuak, azken horien beharra ez dela izan. Inguruko pisuak hustu ostean, atea "filmetan bezala, plastiko zati batez" ireki dute eta gela batean aurkitu duten sua itzali eta pisua aireratu dute. Geroago udaltzainek azaldu dutenez, piztutako kandelaren bat bideo zinta kutxa baten gainera erortzean sortu ei da sua.
  Jendartea 2008-02-08 17:43

Metroko langileek elkarretaratzea egingo dute astelehenean Areetako geltokian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Metro Bilbaoko enpresa batzordeak (ELA, CIM, CCOO, UGT, LAB eta ESK) elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako, otsailak 11, Areetako geltokian, pasa den asteburuan toki horretan bertan eta orain dela aste bat Zazpi Kaleetan, "metroko langileek jasandako azken erasoak" salatzeko. Herritarrei dei ezberdinak egin arren, enpresa batzordeak prentsa ohar batean salatu du "erasoek aurrera darraitela". Hori dela eta, sindikatuek berriro esan dute "segurtasun gehiago eta kontzientziazio gehiago" behar direla. Sindikatuek Metro Bilbaoko langile guztiei luzatu diete enpresa batzordeak deituriko mobilizazioekin bat egin dezaten eta astelehenean, 10:30ean, Areetako geltokian egingo duten elkarretaratzean egon daitezen. Rafael Sarria Metro Bilbao enpresako zuzendariak atzo jakinarazi zuen, salaketa jarrita, asteburuko ustezko erasotzailearen aurka bide penaletik jo dutela. Argazkian, guardia txakurrarekin metro geltoki batean / Sare Antifaxista.
  Jendartea 2008-02-07 16:24

Getxo udalerriko 64 urteko gizona da Abra kirol portuan itotako laguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Abra kirol portuan gaur itota agertu den laguna udalerriko bizilaguna den 64 urteko gizonezko bat izan da. Dirudienez istripu baten ondorioz uretara erori ondoren hil da biktima, portuko iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez. Aipatu iturrien arabera, portuko langileek 11:00etan aurkitu dute gorpua, uretan flotatzen, 1 zenbakidun moila inguruan. Ertzaintza ohartarazi eta Gurutze Gorriko langileak bertara joan ondoren, ordu laurden geroago erreskatatu dute gorpua; Europa Pressek hasieran ordu batetan oraindik erreskatatu gabe jarraitzen zutela adierazi duen arren. Ezbeharraren tokira joan den ordezkaritza judizialak gizonezkoaren heriotza baieztatu du. Gainean zeraman dokumentazioari esker identifikatu ahal izan dute hildakoa. Heriotzaren zergatia segurtasunez oraindik ez dakiten arren, zantzu guztien arabera gizona labandu egin da kaian, eta korronteak portuaren barrualdera eraman du gorpua. Argazkian, Uribealdeko Gurutze Gorriko Arriluze III erreskate ontzia.
  Jendartea 2008-02-07 14:53

Lagun bat ito da Getxoko kirol portuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez, Getxoko Abra kirol portuan pertsona bat hil da gaur goizean itota. Ertzaintza eta Gurutze Gorriko langileak ezbeharraren tokira abiatu dira baina oraindik, eguerdiko ordu batetan, gorpua erreskatatu gabe jarraitzen zuten eta bilaka ari ziren lehenengo moilan. Oraindik ez dute ezbeharraren arrazoien berri eman, ezta hildakoaren izenik ere. Argazkian, Uribealdeko Gurutze Gorriko Bilbao erreskate ontzia.
  Jendartea 2008-02-07 13:04

Navacel enpresaren industria pabiloi berria eraikitzeko lanak "berehala" gelditzea eskatu du Erandioko PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Juan Otermin Erandioko PSE-EEko bozeramaileak azaldutakoaren arabera, abenduaren 12an egindako Hirigintza, Obra eta Zerbitzu batzar informatiboan "harrituta" azaldu ziren Asier San Nicolas zinegotzi jelkidea eta udal arkitektoa, prentsan agertutako informazioaren aurrean. "Esan zutenez, ez ziren jakitun obretan hasiak zirenik; hain zuzen ere, Navacelek horretarako baimenik ez duelako, enpresak aurkeztutako dokumentazioa ez baita nahikoa", gaineratu du zinegotzi sozialistak. "Arauz kontrako" egoera horren aurrean, idatzia bidali zioten Mikel Arieta-Araunabeña alkateari, "Navacelek baimena eskuratu bitartean, obrak geldi zitzala" eta "presazko" bozeramaileen batzarra dei zezala eskatuz. Argazkian, Otermin, eskuinean, aurreko udal hauteskunde kanpainan.
  Jendartea 2008-02-06 22:46

Zuzeneko diru-laguntza jasoko dute familia ugari getxoztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udal Gobernu Taldeak aste honetan onartu du udalerriko familia ugariei 80.000 euro ematea diru-laguntzen bidez, gaur goizean Imanol Landa alkateak aurreratu duenez. "Diru kopuru hori egun udal tasa eta zergetan aurreikusitako 36.000 euroko hobariei gehitzen zaie. Modu honetan, guztira, 2008an 116.000 eurorekin sustatuko ditu familia ugariak Getxoko Udalak", gaineratu duenez. Tokiko arduradunanen hitzetan, Getxo da Euskal Autonomia Erkidegoan ezaugarri horietako zuzeneko diru-laguntzak indarrean ipiniko dituen lehenengo udalerria. Landak esan duenez, "joan den urrian hartutako konpromisoarekin dago lotuta erabakia, hau da, udalerriko familia ugariak sustatzeko erabakiarekin eta horretarako Hirukide, Kide Ugariko Familien Elkarteetako Euskadiko Federazioarekin egin dugu lan". Argazkian, udaletxea.
  Jendartea 2008-02-06 21:08

Getxoko telefonia antenek legeak mugatutakoa baino gutxiago kutsatzen dutela diote

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtarrilaren 30ean bildu zen bigarrengoz Getxo udalerrian telefonia antenen eta Interneten instalazioa arautzeko lan-taldea. Batzar horretan, telefonia estazioen igorpenak legalki ezarritako mailaren azpitik daudela onartu zuten partaide guztiek, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak jakitera emandakoaren arabera. "Erakunde bakoitzak dituen eskumenak argitu eta egitura mota horiek jartzea beharrezkoa dela baietsi ere" egin zela gaineratu du udal arduradunak. Antena Ez elkarteak, baina, "aho batez onartu egin zen gauza bakarra" lehenengoa izan zela adierazi du. "Guk aurkeztutako proposamen ugari atzera bota zituen Hirigintza zinegotziak, eskumenik ez dutela, gaizki planteatuta daudela (azterketa epidemiologikoa, adibidez) edo ezinezkoak direla (auzokoei antenen berri ematea) argudiatuta. Bada, prebentzio neurririk hartzea beharrezkoa ez dela dio Udalak, guztia legediaren barruan dagoelako; txosten zientifikoen (Bioinitiative) alarma-hotsek ez dute deus ere inporta", auzokide taldeak zehaztu duenez. Argazkian, hilaren 4ean Paulino Mendibil kaleko antenari hartutako irudia, Antena Ez elkartearen hitzetan. Bi langile ikusten dira bertan.