Kultura 2004-11-05 21:59

Gaur zabaldu dituzte haurrentzako kale ludotekak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 18ra arte, ludoteka egongo da ostiral eta larunbatean Algortako Telletxe eta Areetako Xake plazetan, 5 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat. "Hezten jolastu, jolasean hezi" lelopean, umeek aisialdirako alternatiba bat izatea du helburu Getxo Udalako Gazte Sailak antolatutako ekimenak. Besteak beste, "hezkuntza bultzatu nahi da balore eta harreman pertsonalen bitartez, harremanak umeekin eta pertsona helduekin", Imanol Landa Presidentzia arloko zinegotziak azaldutakoaren arabera.
  Kultura 2004-11-05 21:58

Leioako Artisautza Azokan 9.000 mila bisitari espero dira asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan 12:00etan irekiko ditu ateak Leioako Artisautza azokak eta igandera bitartean egongo da zabalik. Guztira, 42 eskulangilek parte hartuko dute bertan, igaz baino zortzi gutxiagok. Izan ere, tokiz aldatu dute azoka 25 urte betetzen dituen honetan eta saltoki gutxirentzako lekua dago bertan. Hala ere, Karmelo Sainz de la Maza alkateak adierazi duenez, "kalitatearen onerako" izan da murrizketa.
  Kultura 2004-11-04 16:53

EHEko hiru talde egiten dute lan Uribe Kostan erakundearen 25. urteurrenean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak 25 urte bete ditu gaur. Elkarteak bost herrialdetan jarduten du, 300 bat militanteren lanari esker. Uribe Kostan, hiru taldek osatzen dute eskualdeko lan taldea.
  Kultura 2004-11-04 15:58

Del Olmo epaileak "Egunkaria"ren kontrako jazarpenari segida eman dio

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak "Egunkaria auzia" dela-eta itxitako hedabidearen zortzi arduradun ohi auzipetzea erabaki du, 1993an hildako Joxemi Zumalabe barne. Auziperatuak Joxemi Zumalabe zena, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Xabier Alegria, Pello Zubiria, Xabier Oleaga eta Martxelo Otamendi dira. Aldiz, auzi berean inputatuta zeuden Fermin Lazkano, Inma Gomila, Luis Goya eta Martin Ugalde zena ez auzipetzea erabaki du Espainiako epaileak.
  Kultura 2004-11-02 22:43

Euskaraz epaitua izateko eskubidea aitortu diote EHEko kideari hiru epailek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kidea den Gabi Basañez sopeloztarra gustura agertu da Bilboko Zigor Auzitegiko Lehen Aretoko hiru epaileek itzultzailerik gabe eta euskaraz epaitua izateko eskubidea duela esan diotelako Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. Euskara erabili gura duenari eskubide hori ukatzeak eta itzultzaileak erabili behar izateak Espainiako Konstituzioa urratzen duen edo ez argitzeko eskaera ofiziala egin zuten, joan den hilean, Ruth Alonsok, Nekane San Miguelek eta Edorta Herrerak. Besteak beste, herritarrek euskaraz eta itzultzaile gabe epaituak izateko eskubidea dutela esatea, eta hori aitortzeko eskatzen diote Auzitegi Konstituzionalari. Hala ere, Basañezek ez du konfiantza handirik hartuko duten erabakian. Argazkian, Gabi Basañez EHEko kidea.
  Kultura 2004-11-02 22:08

"Ikastetxean Euskaraz Jolasten" ekimena onetsi du Leioako Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri EAJ-EA, PSE-EE eta EB-Berdeak alderdi politikoen aldeko botuekin onartu zen, joan den osteguneko osoko bilkuran, Leioako ikastetxe publikoetan abian jarri nahi duten "Ikastetxean Euskaraz Jolasten" egitasmoa. PPk, aldiz, aurka bozkatu zuen, aipatu ekimenak "eskola-umeen eskubideak urratzen" dituela uste duelako. Azken hilabetean ugariak izan dira popularren kritikak eta salaketak. Besteak beste, Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuari hainbat galdera aurkeztu zizkion Leioako zinegotzia ezezik legebiltzarkidea ere den Iñaki Gamerok. Eta Josu Jon Imaz EAJko EBBko presidenteak ere esku hartu zuen eztabaidan. Gogoratu behar da gainera, nahiz eta oraingoan alde bozkatu, PSE-EEk ere egitasmoa kritikatu zuela. "Ikastetxean Euskaraz Jolasten" ekimenaren bidez, jolas orduetan eta jantokian euskararen erabilera sustatu nahi dute. Horretarako begiraleak jarriko dituzte zentroetan.
  Kultura 2004-10-27 21:37

Guraso eta umeen zaintzaileentzako euskara ikastaroak antolatu ditu Uribe Kostako Mankomunitateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aita-amentzako zein umeak zaintzearekin zerikusia duten pertsonentzako euskara ikastaroak antolatu ditu Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, aipatu erakundea osatzen duten udalekin batera. Besteak beste, "Gurasoak Lagunduz" egitasmoa antolatu dute 12 urte edo gutxiago duten umeen gurasoei (edo zaintzaileei) euskarazko prestakuntza berezia emateko, euren seme-alaben etxerako lanak uler ditzaten eta, aldi berean, haiei ikasten laguntzeko. Beste alde batetik, "Hasiberriak" ekimenak hasiera hasieratik hizkuntza ikasteko aukera emango die aita-amei. Azkenik, "Euskal Jolasak" izeneko ikastaroetan hainbat euskal jolas eta kanta erakatsiko zaizkie, umeekin euskaraz jolastu ahal dezaten. Ostiral honera arte (urriak 29) dago izena emateko aukera.
  Kultura 2004-10-25 23:13

Ondarreta Abesbatzak emango dio hasiera Getxoko XXIV. Aste Koralari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko XXIV. Nazioarteko Aste Koralaren edizioa ospatuko da bihartik ostiralera bitartean, Euskal Herriko, Erresuma Batuko, Lituaniako eta Finlandiako lau talderen partaidetzarekin. Bertan, errepertorio polifoniko anitza eskainiko da. Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazi dutenez, jaialdia "guztiz errotuta dago, musika mota horren zaleek oso gustoko baitute". Talde oso ezberdinak dira aurtengoak, kantatzen dituzten piezengatik (klasikoak, garaikideak, herrikoiak edota musika erlijiosoa), baita ahots motengatik ere (koral mistoak, haurren taldeak, emakumezkoak). Emanaldi guztiak Algortako Getxo Antzokian izango dire, 19:30etik aurrera, eta sarrera gonbidapenarekin izango da, Getxoko Kultur Etxean hartu beharrekoa.
  Kultura 2004-10-22 23:33

Uribe Kostako irudiak ikusgai Satistegin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "18 argazkilari, Uribe Kostako 18 argazki" goiburupean Uribe Kostako garai ezberdinetako gai eta lekuak isladatzen dituzten irudi bildumaren erakusketa dago ikusgai Algortako Satistegi Kafetegian. UK aldizkariak antolatu du eta ospe handiko hainbat argazkilarik egindako eta 2004an zehar aldizkari horretan argitaratu diren zuri-beltzezko 18 argazki bildu dira. Erakusketa abenduaren 20ra arte egongo da bertan eta, ondoren, Uribe Kostako beste herri batzuetako kultur etxeetara eramango dute.
  Kultura 2004-10-22 23:07

"Adi Adi!" antzerki-lana estreinatuko du bihar Areetan Deabru Belltzak taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko XXII. Antzerki Jardunaldien barruan, "Adi Adi!" lana estreinatuko du larunbat honetan Deabru Beltzak taldeak. Besteak beste, hiru pertsonaia zentzumenei buruz mintzatuko dira, zentzumenak zergatik eta zertarako ditugun azalduko digute. Hasieran hitzaldi serioa izan behar dena ikuskizun zoro eta dibertigarri bihurtzen da protagonista den Hans txotxongilo handiak begiak, sudurra, eskuak, belarriak eta mingaina hainbat lekutan ahaztu baititu. Honela, umeen aurrean eta umeen laguntzaz berreskuratuko ditu Hansek bost zentzumenak. Jokoen eta abestien bitartez, umeek zentzumenen balioa deskubrituko dute, zentzumenek mundua ikusteko, ukitzeko, entzuteko, usaintzeko eta dastatzeko atea irekitzen baitute. 18:00etatik aurrera izango da saioa, Areetako Musika Eskolan. Sarrera dohainik.
  Kultura 2004-10-22 22:38

"Hire Himalaya" erakusketa egongo da ikusgai datorren astetik aurrera Astrabuduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri BBK Fundazioak antolatuta, "Hire Himalaya" erakusketa egongo da ikusgai, urriaren 25etik azaroaren 5era, Astrabuduko Josu Murueta Kultur Gunean. Erakusketa hau munduko tontorrik garaienetatik hartutako irudiek osatzen dute. Mendietara hurbiltzen gaitu, mendizale orok bete nahi duen amets horretara, hots, oinak planetako gailur gailenetan ipintzea, Iñurrategi anaiek egin zuten bezala. Helburu hori lortzeko, besteak beste, hurrengo hauen laguntza eduki zuten: Juanjo San Sebastián, José Carlos Tamayo, Juanito Oiarzabal, Jon Beloki, eta ez ditzagun ahaztu gainerako laguntzaileak, xerpak, sukaldariak... Ordutegia 10:30etik 14:00etara izango da goizean eta 16:00etik 19:00etara arratsaldean (astelehenetik ostiralera).
  Kultura 2004-10-22 22:23

Futuroscopera bidaia antolatu dute Berangotik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Familia osoarentzat izan daitekeen bidaia antolatu du hurrengo astebururako Berangoko Kultur Etxeak. Besteak beste, Berangoetako aretatik abiatuko dira, urriaren 29an (ostirala), 23:00etan, Poitiersera (Bordeletik hurbil) 9:00ak aldera heltzeko. Salneurrian luxuzko autobusean bidaia, hotelean bina gau eta gosari, Futuroscopeko parkean sartzeko larunbata eta igandeko sarrerak, bidaia asegurua, gida laguntzailea eta igandean Loyrako gazteluetan zehar tourra egiteko aukera. Azaroaren 1ean (astelehena) izango da buelta, bertan gozaldu eta Bordelen bazkaltzeko geldialdia egin eta gero. Datorren astelehenera arte baino ez dago izena emateko aukera.
  Kultura 2004-10-21 23:44

Gameroren adierazpenak "manipulazio lizuntzat" jo ditu Leioako alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioako zinegotzia ere den Iñaki Gamero PPko legebiltzarkideak "Ikastetxean Euskaraz Jolasten" ekimenaren inguruan egindako adierazpenak "larriak eta bidegabeak" iritzi die Karmelo Sainz de la Maza alkateak. Egitasmoaren bidez, jolas-orduetan euskararen erabilera bultzatu nahi dutela aitortu du berak, "baina beti ere gurasoen eta eskola-umeen askatasunean oinarrituz". Hizkuntza ikasteko murgiltze-programak Europa osoan egiten direla adieraztearekin batera, "manipulazio baldarra eta lizuna" egitea leporatu dio PPri Sainz de la Mazak. Izan ere, "ikasketa teorikoak baino haratago joanez", hizkuntza ikasteko horrelako ekimenak "beharrezkoak" direla uste du Leioako alkateak, "ikasleek benetazko egoera komunikatiboak bizi ditzaten".
  Kultura 2004-10-21 22:58

Ikusleak ere partaide izango dira "Ezetz lepoa jarri!" antzerki-lanean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko XXII. Antzerki Jardunaldien barruan, "Ezetz lepoa jarri!" egongo da ikusgai ostiral honetan, 20:00etatik aurrera, Algortako Getxo Antzokian. Kanpingags taldearen azken lanak umorea eta suspesea nahasten ditu. Gainera, ikusleek berebiziko garrantzia izango dute antzerki-lanaren garapenean, eurek izango baitira aukera bat edo beste hartuz istorioaren amaiera erabakiko dutenak. Horrela, obrak izan ditzakeen bukaera anitzen aurrean, ikusleen gaitasuna probatu egingo dute Joseba Apaolazak, Kontxu Odiozolak, Jose Ramon Soroizek, Ainhoa Aierbek, Kiko Jauregik eta algortarra den Asier Hormazak. Txartelak 8,50 eurotan egongo dira, gazteentzat eta erretiratuentzat izan ezik. Azken aurrek bi euroko beherapena izango dute.
  Kultura 2004-10-21 22:58

Herriko hainbat ibilbide eta jokoak batuko ditu CDan Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udalerriko toponimia batuko duen euskarazko CDa egitea aginduko du Getxoko Udalak. Besteak beste, zazpi leku esanguratsuen gaineko hainbat ibilbide eta bost joko elkarreragile jaso eta bi atal izango ditu: bata nagusientzat, eta bestea haurrentzat. Bere egunean udalerriko toponimoen ikerketa egiteko eman zen bekaren lanetik sortutako materiala oinarritzat hartuz, Udalak aurten argitaratutako 1.200 sarreretik gorako liburuari eta azterlanaren gai berezienak batzen dituen mapari gehituko zaizkio euskarri berriak.