Jendartea 2006-11-09 22:31

CD eta DVDak birziklatzeko edukiontzia jarri dute Lemoizko udaletxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Birziklatze eta iraunkortasuneko udal politikari jarraiki", balio ez duten CDak eta DVDak birziklatzeko edukiontzia jarri dute Lemoizko udaletxeko lehen solairuan. Horrela, bildutako euskarri optikoak birziklapen-enpresa bateraino eramango dituzte. Enpresa hau bere tratamenduaz arduratuko da polikarbonatoa eskuratzeko. "Izan ere, material honetaz osatuta daude %99an eta, gainera, prestazio handiak ditu. Batez ere oso gardena delako eta ezaugarri mekaniko izugarriak dituelako, bereziki talkarekiko erresistentzia", azaldu du tokiko erakundeak. Horregatik, birziklatutako materiala automozioko sektorean erabiliko da, eskuleku, ate-irekitzea, barneko mekanismoen piezak... bezalako aplikazioetan.
  Kultura 2006-07-14 20:48

Bost talde bilduko ditu larunbat honetan Armintzako Txapel Reggae jaialdiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Armintzako Txapel Reggae 2006 jaialdia ospatuko da larunbat honetan, uztailak 15, Karmen jaiak direla eta. Ikusle ugari biltzen dituen ekimen honek bost talderen emanaldiak eskainiko ditu aurten, Garagardo Gura eta 12 Tribu euskal taldeak tartean. Horrela, 23:00etan, Eclipse Reggae talde tenerifearrak hasiko du jaialdia, eta ondoren joko dute Kisap (Valentzia), Mood Rakers (Madril), 12 Tribu –argazkian– eta Garagardo Gura, Lemoizko Udaleko iturriek gaur jakinarazi dutenez. Hala ere, kontzertuen aurretik jai-giroko beste hainbat jarduera izango dira Armintzan. Horrela, 12:00etatik aurrera haurrentzako tailerrak izango dira; 17:30ean Mus Txapelketa jokatuko da; eta 20:00etan sardinada herrikoia izango da.
  Jendartea 2006-07-10 21:21

Gasituako aparkalekuko lanak amaitzear ditu Lemoizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizek doako aparkaleku berria du Gasituaren aldean; "horrekin asko hobetuko dira herriko azpiegiturak", udal iturriek jakinarazitakoaren arabera. Dagoeneko, erabil daiteke. Guztira, 3.671 metro koadro ditu, eta bertan 31 ibilgailu sartzen dira. Gainera, bateria erako bi aparkaleku‑lerro ditu, bien artean 5 metro zabaleko erreiarekin. Horrez gain, elbarrientzako tokia ere badago. Oinezkoak, zelaigunetik, errekaraino jaitsi daitezke, %7ko arrapala baten bidez. Arrapalak baranda bat du, babes metalikoa eta guzti. Uda pasatutakoan amaituko da behin betiko egokitzapena, zuhaitzak eta kaleko hainbat altzari jarriz.
  Kirolak 2006-07-10 21:07

Umeentzako abentura-jarduerak eskainiko dituzte uztailean Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Kultur Etxeak 7 eta 12 urte bitarteko umeentzat zuzenduak dauden abentura-jarduera ugari eskainiko ditu hilabete osoan zehar. Tokiko iturrien esanetan, interesik dutenek izena emateko "aukera badute oraindik". Uribe Kosta eskualdean "aintzindaria" den ekimen hau datozen hiru ostegunetan burutuko da, hau da, uztailaren 13, 20 eta 27an, goizeko 11etatik eguerdiko 12:30era, inguruneko toki ezberdinetan. Horrela, hilaren 13an umeak Goikomendiko zaldi-eskolara joango dira zaldi gainean ibiltzen ikastera; 20an, Txorropesko hondartzan piraguan jardungo dira; eta azkenik, 27an Urdulizko harkaitzetara eramango dituzte eskaladaz, tirolinaz eta arku-tiroaz goza dezaten. Argazkian, piraguistak Plentzian.
  Hezkuntza 2006-06-15 18:31

Etzi jaia egingo dute Lemoizko eskolan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, ekainak 17, Lemoizko hogeita hamar eskola umeek jaia ospatuko dute Urizarren. Jardunaldia jolas‑girokoa izango da, eta 11:30ean emango zaio hasiera, ikastetxean bertan. Neska-mutilek antzezlan bat egingo dute, eta “aldi berean, zenbait jolas eta puzgarriak jarriko ditugu eskola aurrean”, andereño batek adierazi duenez. 14:00etan, berriz, bazkari herrikoia egingo da elizako arkupeetan, eta 18:00etan mago batek amaiera emango dio jaiari.
  Jendartea 2006-06-14 22:13

Uda igarota mediku-kontsultategia izango du Armintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udala lokal bat (argazkian) prestatzen ari da Armintza auzoan, Atalaia kaleko 5. zenbakian, mediku-kontsultategi berria jartzeko. Horrek Atalaia plazakoa ordezkatuko du. Pedro Jesus Botejara alkateak azaldu duenez, “aurrekoa txiki geratu da. Gainera, herritarrei arreta hobea eman gura diegu; horregatik erabaki dugu inbertsio garrantzitsu hau egitea”. Proiektua beheko solairuaren barnealdea erreformatzeko da, azaldu dutenez, 126,55 metro koadroko azalera erabilgarria eta 3,70 metroko altuera dituena. “Obra bukatutakoan, oraingo lokalean eskaintzen diren osasun-zerbitzu guztiak instalazio berrietara eramango ditugu”, esan du Botejarak. Kontsultategi berria egiteko 133.303 euroko inbertsioa egin du Udalak. Uda ostean amaituko dutelakoan gaude.
  Jendartea 2006-05-25 18:55

Udal agiritegia informatizatuko dute Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak agiritegia sistematizatzeko prozesuari ekin dio, artxiboa erabat kudeatu, antolatu eta bertan teknologia berriak ezarriko dituen sistema bat garatzeko asmoz. Pedro Jesus Botejara alkatearen esanetan, “horri esker, kudeaketak arinago egingo dira, Udalaren ogasuna hobeto kontrolatuko da eta udalerriko agiri historikoak errazago eskuratu ahal izango dira”. Agiritegiak 2.400 agiri baino gehiago du. Hain zuzen, horrexegatik antolatu behar da, agirien funtsak egitura logikoa izan dezan eta, gainera, agiriak errazago aurkitu daitezen. “Horrela agiritegia egoera onean egongo da eta zerbitzua babestu eta udaletxeari buruzko historia gorde egingo da”. Baina ez hori bakarrik, ikerketarako iturri bezala eta kultura zabaltzeko ere erabili ahal izango da.
  Jendartea 2006-05-09 15:55

Armintzekalde hondartza lemoiztarreko sarbideak hobetuko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak Armintzekalde hondartzako hiru sarbideak hobetzeko obrei ekin die. Lan horiek “udako denboraldia hasi baino lehenago hastea aurreikusita dago”, Pedro Jesus Botejara alkateak adierazitakoaren arabera. Hobekuntza-proiektu horrek 10.835 euroko inbertsioa ekarriko du, udal kutxaren kontura. Besteak beste, iparraldean, eskailera maila bat egin eta hormigoi armatuzko betelana egingo dute dutxak dauden aldean. Udalbatzak onartutako egitasmoak, gainera, areatzako sarbidearen alde zaharra berriarekin lotzeko egitura bat eraikitzea aurreikusten du. Hori, 8 milimetroko diametroa duten altzairu uhinduzko baranda ainguratuekin osatuko dute, udal iturriek jakinarazi dutenez.
  Jendartea 2006-05-09 15:37

Armintzan babestutako 52 etxebizitza berri egingo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak eta Neinor enpresa-sustatzaileak sinatutako hitzarmenari esker, 102 etxebizitza –horietako 56 babestuak– egingo dituzte Armintzako portuaren (argazkian) inguruan, udal iturriek jakinarazitakoaren arabera. Pedro Jesus Botejara alkatea pozik agertu da, “proiektu honi esker eragozpen handienak dituzten kolektiboek, esaterako gazteek, etxebizitza errazago eskuratu ahal izango dutelako”. Neinor-ek, bere aldetik, 20 milioi euro inbertituko ditu egitasmoan, eta bozeramaile batek nabarmendu duenez, “akordio honen bidez sendotu egingo da auzoa, hirigintzari dagokioez”. Etxebizitzak portua eta hondartza artean eraikiko dituzte, 20.000 metro koadro dituen orubean, “ingurune horretan hori baita azken lurzoru eraikigarria”. Urbanizatzeko obrak zein merkaturatzea “datorren urteko udan” hasiko dira, sustatzaileak berretsi duenez eta pisuak entregatzeko epea bi urtekoa izango da.
  Jendartea 2006-02-21 13:22

Aparkaleku berria egiten hasi dira Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gasitua aldean doako parking berria eraikitzen ari da Lemoizko Udala. Aparkalekuak 3.671 metro karratuko azalera izango du eta baterian aparkatzeko bi ilara egongo dira, 31 ibilgailurentzat. Erdiko erreiak 5 metroko zabalera izango du. Gainera, elbarrientzat beste ilara bat egingo da eta, zabalgunetik, oinezkoentzako bidea ere, errepide azpitik errekaraino, %7ko malda duen arrapala jarriz, metalezko barandakin. Eremu horretan ere berdegune ugari egongo dira, belar eta zuhaitzekin. Parkingean bi zuhaitz ipiniko dira bi tokitatik batean, autoak eguzkitik babesteko. Era berean, bankuak eta mahaiak jarriko dituzte. Lanak 137.529,62 euroko aurrekontuarekin egingo dira eta uztaila bitartean amaitzea espero dute.
  Jendartea 2006-02-14 14:45

Udalsarea 21eko kide da Lemoiz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Eudelek eta Euskal Autonomi Erkidegoko 66 udalek osatzen duten Iraunkortasunaren Euskal Udalerrien Sarearen (Udalsarea 21) kide egin da Lemoizko Udala. Pedro Botejara alkateak zehaztutakoaren arabera, koordinazio eta elkarlan foro horren bitartez, udalerrian gauzatu nahi diren egitasmo sustatuko dira, "Tokiko Agenda 21 dinamizatuz eta, estrategia amankomuna erabilita, udal gestioan iraunkortasun irizpideak ezarriz". Horretaz gain, "EAEn indarrean dauden garapen iraunkorrari buruzko politiken barruan, Lemoizek egin beharreko lana indartu egingo da", udal agintariaren hitzetan. Argazkian, Armintzako portua.
  Ekonomia 2006-01-16 13:43

Agenda 21 ekintza plana onartu du Lemoizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak iragan den ostegunean, urtarrilak 12, onartu zuen 2020ra arte bere garapen iraunkorrerako iparorratza izango den Agenda 21 ekimenaren tokiko ekintza plana. Planak 57 ekintza zehatzak jasotzen ditu eta Pedro Jesus Botejara alkatearen arabera bere helburu nagusia “2020 urtera arte garapen iraunkorra lortzea da, beti ere ekonomiaren hazkundea eta ingurumenaren garapena elkar lagunduz”. Ekintzarik zailena Atalaya plazaren aldaketa izango dela aurreikusten da. Izan ere, bertan zerbitzu kopurua handitzeko eta lan sorrera bultzatzeko egingo diren hirigintza aldaketak egiteko 4 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin behar izango da.
  Kirolak 2005-12-04 18:45

Surflari bat erreskatatu dute Lemoizko zentralaren ondoko harkaitzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko zentral nuklear zaharraren ondoko Basordas senaian dauden harkaitz arriskutsu batzuetaraino surflari bat eraman zuten atzo, larunbata, olatu bortitzek eta haize boladek, arratsaldeko 17:00ak aldera. Hasieran olatuek itsasorantza bultzatzen bazuten ere, kirolariak itsasertzeratzea lortu zuen, baina sartzeko zailak diren harkaitz batzuetaraino eraman zuen urak, bera bakartuz. Horren lekuko izan zen pertsona batek 112 larrialdietarako telefonora deitu zuen eta Herrizaingo Sailak erreskatea martxan jarri zuen. Lehenengo saiakerak helikopteroak eta itsasontziak erabiliz egin ziren, bilatutako emaitza lortu gabe. Izan ere, ezin izan zuten biktima erreskatatu, olatu bortitzek eta haize boladek oztopatu zutelako. Horrezkero, tokiko arriskugarritasuna ikusita, erreskatea lurretik egin behar zela erabakita zeukaten. Gernikako Talde Higikorraren zenbait ertzain labarrera jaitsi ziren eskalatzeko materiala zutela, suhiltzaileek potentzia handiko fokuak erabiliz lekua argitu zuten bitartean. Azkenik, I.F.A. erreskatatu eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten anbulantziaz, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
  Jendartea 2005-10-26 23:47

Tasatutako salneurrian saltzeko 72 etxebizitza egingo dituzte Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkailur elkarte publikoaren bitartez, Uriza auzoan 72 etxebizitza berri eraikitzea aurrikusten du Lemoizko Udalak, tasatutako salneurrian salduko direnak. Horietako bat eskuratu nahi dutenek 1.950 euro ordaindu beharko dute metro koadroko. Guztira, sei etxebizitza-bloke egingo dira, behekoaz gain, beste hiru solairutakoa bakoitza; 20.440 metro koadroko azaleran. Udal iturriek adierazi dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiko behin betiko onespena baino ez du behar egitasmoak. "Dagoeneko behin-behinekoz baietsi dugu guk", azaldu du Pedro Jesus Botejara alkateak.
  Jendartea 2005-10-08 21:59

Gasituan parking berria izango du Lemoizek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gasitua aldean doako parking berria eraikiko du Lemoizko Udalak. Horrela, "udalerriko azpiegiturak eta hondartzarako sarbideak nabarmen hobetuko dira", tokiko arduradunek adierazi dutenez. Egitasmoa hiri-lurrean gauzatuko dute. Aparkalekuak 3.671 metro karratuko azalera izango du eta baterian aparkatzeko bi ilara egongo dira, 31 ibilgailurentzat. Erdiko erreiak 5 metroko zabalera izango du. Gainera, elbarrientzat beste ilara bat egingo da eta, zabalgunetik, oinezkoentzako bidea ere, errepide azpitik errekaraino, %7ko malda duen arrapala jarriz, metalezko barandakin. Eremu horretan ere berdegune ugari egongo dira, belar eta zuhaitzekin. Parkingean bi zuhaitz ipiniko dira bi tokitatik batean, autoak eguzkitik babesteko. Era berean, bankuak eta mahaiak jarriko dituzte.
  Kirolak 2005-10-05 22:43

Asteburu honetan idi-proba "ikusgarriak" izango dira Andrakan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Andrakako probalekuak lehia biziak ikusteko parada emango du asteburu honetan. Izan ere, ostiraleko 21:00etatik aurrera eta astelehenera arte pisu konparatuko Idi Proben Corte Ingles Saria bertan burutuko da. Pedro Jesus Botejara Lemoizko alkateak esan duenez, "ikusle asko etortzea espero dugu, Andrakako probak beti izan direlako ikusgarriak eta jende guztia ibili delako pozik". Badaezpada ere, sari ugari izango dira parte-hartzaileentzat, lehenengo hamaika sailkatuek sari ekonomiko galantak etxera eramango baituzte. Irabazleak 1.083 euro eskuratuko ditu; 935, bigarrenak; 845, hirugarrenak; 755, laugarrenak; 695, bosgarrenak; 635, seigarrenak; 575, zazpigarrenak; 515, zortzigarrenak; 485, bederatzigarrenak; 454, hamargarrenak; eta, azkenik, 424 izango dira hamaikagarrenarentzat.
  Jendartea 2005-10-04 23:29

Armintzako herrigunea berrantolatuko du Lemoizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak ideia-lehiaketa deitu du Armintzako herrigunea berrantolatzeko asmoz. Talaiako plazan eta kalean egingo dira hobekuntzak, portura jaisteko gune nagusian alegia. Izan ere, "gaur egun hutsaren parekoa da horren urbanizazioa, eremu nahiko hondatuta baitago", udal arduradunek azaldu dutenez. Lehiaketaren baldintza-orrien arabera, ondoko hauek dira hobetu beharrekoak: espaloi txikiak (metro bateko zabalerara iristen ez direnak), egoera txarrean dauden asfalto zatiak eta itxura eskasa daukaten eraikinak. Horrenbestez, gunea zaharberritzeko proposamenetan, oinezkoak ibiltzeko moduko eremua jaso beharko da, "sartzeko erraza eta gainerako udal ekipamenduei egokiro lotuta egongo dena". Baita bizilagunei zuzendutako lur azpiko aparkalekua eta horren bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlana ere. (Argazkian, Armintzako portua).
  Kirolak 2005-09-08 23:16

Lemoizek III Zaldi Azoka ospatuko du igandean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Andrakako Berreaga auzoan kokatuta dagoen Goikomendi zalditegiak hartuko du igande honetan Lemoizko III Zaldi Azoka. Goiz osoan zehar, 10:00etatik 14:00etara, Goikomendin Espainiako zaldien ikuskizuna, pedigri duten lehiatzeko zaldiak, zaldien heziera eta zaldi-turismoa izango dira. Horrekin batera, hiru erakusketa egongo dira ikusgai: artisautza, elikagaiak eta zaldi munduari buruzkoak. Gaztetxoek, berriz, pintura lehiaketa, puxika tailerra eta ponyetan zamalkatzeko pista izango dute aukeran. Argazkian, Goikomendiko hiru zaldi / Goikomendi.
  Politika 2005-09-07 21:36

Lemoizko EAJ "frankistatzat" jo du Ipar Haizea herri ekimenak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Gara" egunkarian atzo argitaratutako gutunaren bitartez, abuztuaren 15ean Lemoizen gertatutakoa gogor kritikatu du Juan Luis Olaranek, Ipar Haizea ezker abertzaleko herri ekimenaren izenean. Andra Mari egunean bertan, herriko jaiak ospatzen ari zirela, 413.029 euro kostatu dituen Torreburu parkea inauguratu zuen Pedro Jesus Botejara alkateak. Olaranek adierazitakoaren arabera, "horren ekitaldi hutsala erabiliz, 1975etik herriak izandako alkate guztiei gorazarre egiteko eskuzabaltasuna erakutsi zuen Botejarak, Lemoizko armarria irudikatzen duen urrezko intsignia oparituz guztiei; baita azken alkate frankistari ere". Hori dela eta, gertaera "ugariak diren" Frankismoak eragindako biktima guztientzako "iraingarria" izan zela salatu eta Lemoizko EAJ ere "frankistatzat" jotzen du. "Demokrata den inork ezin du horrelakorik onartu", Ipar Haizeko kidearen ustez.
  Jendartea 2005-06-09 15:54

Lemoizko zentralaren kontrako mobilizazioei buruzko webgunea sareratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borroka bizirik mantentzeko asmoz", horren gaineko webgunea (www.killbush.net/lemoiz) sortu du Xploit|media taldeak. Euskadiko Antinuklear eta Ekologistek argitaratutako "Lemoiz 1972-1987" liburuan oinarrituta dago. Irudi guztiak liburu horretatik hartu dira, "Euskadi" atalekoak izan ezik, "Gernika 37-87" liburukoak baitira. Orotara, 400 argazki baino gehiago daude ikusgai gazteleraz bakarrik sareratutako webgunean. Baita gertaeren kronologia ere.

Nabarmenak