Kultura 2012-07-13 15:43

Armintzako jaietan joko du bihar Marmoka Baltzak taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, uztailak 14, Marmoka Baltzak talde algortarrak Armintzako Arrantzale tabernan eskainiko du kontzertua. Hitzordua 22:00etan. Bertan, labetik atera berri dagoen gure diskoren aurkezpena egingo dute lagun artean eta giro onean, taldekideek azaldu dutenez. Hain zuzen ere, atzo abiatu ziren Armintzako Karmen jaiak. Gaurko, berriz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Horien artean, gaur arratsalde-gauean, umeentzako tailerrak (18:00), potxa txapelketa txosnan (18:30), pala partidak (20:00), VIII. Matxakao lehiaketa tabernetan (22:30), dantzaldia (22:30), patata dantza (01:00) eta tanga lasterketa (03:00) izango dira. Argazkian, Marmoka Baltzak Txorimalo gaztetxean kontzertu batean / © Baltzak.
  Kultura 2012-07-10 19:31

Armintzako jaien barruan ospatuko da larunbatean Txapel Reggae jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostegunean hasi eta astelehenera arte luzatuko dira aurten Karmen jaiak Armintzan. Jai batzordeak egitarau potoloa prestatu du aurten, Txapel Reggae jaialdiaren 22. edizioa barne. Besteak beste, larunbatean, skate txapelketa, kalejira Orabai perkusio taldeak lagunduta, rasta poteoa, zirku tailerra herriko plazan... egingo dituzte. Txapel Reggae jaialdiari dagokionez, larunbatean bertan hainbat talde igoko dira oholtzara, 21:30etik aurrera: Euskal Herritik bertatik iritsiko dira Orabai Perkusioa, Thunder Clap Sound System, Itziarren Semeak, Chalwa Band & King Konsul eta Akatz. Atzerritik, berriz, Skarra Mucci (Jamaika) backed by Heartical Sound (Frantzia) eta Vibronics featuring Jah Marnyah (Erresuma Batua). Argazkia: © Chalwa Band & King Konsul.
  Hezkuntza 2012-07-04 17:57

Lemoiz eta EHUren arteko garraioaren bideragarritasuna aztertzeko eskatzera baino ez da mugatu EAJ

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ekainaren 28ko ohiko osoko bilkuran Lemoizko Bilduk mozioa aurkeztu zuen, Uribe Kostako herrietatik Leioa eta Erandioko unibertsitatera joateko autobus zerbitzua martxan jartzeko eskatuz. Mozioan gaur egungo egoera deskribatu eta gero, Bizkaiko Foru Aldundiari autobus zerbitzua jartzeko eskatzen zitzaion. Baina, ezkertiarrek azaldu dutenez, "horren aurrean EAJk beste mozioa bat aurkeztu zuen Aldundiari Lemoiz eta Leioako unibertsitatea lotzeko garraio zerbitzuaren bidegarritasuna azter dezala eskatuz". Bozketan EAJren mozioa onartu zen Bilduren kontrako botoekin, EAJren kontrako botoekin Bilduren mozioa atzera bota zelarik. Ekaina hasieran Sopela eta Erandio eta Leioako campusa lotuko dituen autobus-linea berria sortzeko eskaera egin zion Sopelako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari. Argazkian, Areeta eta campusa arteko A2161 lineako autobusa Leioako Iparragirre etorbidea zeharkatzen / © Leioako Udala.
  Politika 2012-05-15 00:59

Juan Maria Atutxaren semea "nahierara" kontratatzea egotzi dio EAJren udal gobernuari Lemoizko Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Publizitate gabeko prozedura negoziatuaren bidez udal arkitekto berria kontratatu dute Lemoizen. Kontratazio mota horretan, tokiko erakundeak hiru arkitektoei, gutxienez, gonbitea egin behar die eta, ondoren, haiek aurkeztutako dokumentazioa eta proposamenak aztertuta, zein den egokiena erabaki behar du. Lemoizko Bilduren "harridurarako", ordea, "aurretik baldintzak betetzen ez dituzten bi arkitektoei eskaini zaie lanpostu hau. Beraz, inongo lehiarik egon barik, hirugarrena, eskatutako baldintzak betetzen zituen bakarra, aukeratu dute"; Iskander Atutxa Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburu zein Eusko Legebiltzarreko presidente ohiaren semea, alegia. Hori dela eta, koalizio ezkertiarrak "bere lagunak kolokatzeko ohitura zaharra eta itsusiarekin jarraitzea" leporatu dio EAJren udal gobernuari. Argazkian, Juan Maria Atutxa Agirre Lehendakaria Batzordearen aurkezpenean 2010eko otsailaren 24an, Bilboko Carlton hotelean / © Sabino Arana Fundazioa.
  Ekonomia 2012-03-29 15:21

Udal batzarra egin dute gaur Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaurko greba orokorra deituta egon arren, osoko bilkura deialdia mantentzea erabaki du Lemoizko EAJren udal gobernuak. Batzarra 9:30ean zen arren, "askoz lehenago" sartu dira udaletxera zinegotzi jelkideek, lekukoek aipatu dutenez. Bitartean, kanpoan kontzentrazioa egin dute tokiko zein inguruko herrietatik kotxe karabanan heldutako 30 bat lagunek. Lemoizko Bilduko hautetsiak ere batu zaizkie. Bestalde, Plentzia eta Gorlizen "inoiz baino saltoki gehiago" dago itxita, bertoko grebalarien hitzetan. "Batez ere taberna eta supermerkatuak daude zabalik. Bankuak eta aurrezki kutxak, ordea, itxita", azaldu dutenez. Udaletxeei dagokienez, Gorlizkoan gutxieneko zerbitzuetako beharginak ari dira lanean; eta Plentziakoa "erabat zarratuta" dago. Argazkian, grebaren aldekoak supermerkatu baten atean Algortan.
  Iritzia 2011-12-14 11:19

Lemoizko Bildu: "PNVren publizitatea guztion diruarekin ordaindua"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udal hauteskunde egunerako astebete eskas falta zenean "El Correo" eta "Deia" egunkarietan Lemoizko Udalari buruzko publizitatea agertu zen. "Lemoiz, grandes acciones a pequeña escala" izenburupean aurreko alkatearen agindupean egindako proiektuak eta Lemoizen bizi izandako aro oparoa goraipatzen ziren. Argazkiei eta testuari begiratuz, Lemoizko Udalean PNV besterik ez zela existitzen zirudien, oposizioko hiru zinegotziak ez zirelako inondik inora agertzen. Propaganda artikuluan goraipatzen ziren lorpen eta proiektuei buruz gure iritzia albo batera utziz, jarrera hori salatzeko tentazioa izan genuen. Azken batez, artikulu honek PNVk urtetan izandako jarrera oso ondo laburbiltzen zuen, Udala eta alderdia nahastuz, alderdikoak ez direnak baztertuz eta ikusezin eginez, eta Udala alderdiaren mesederako erabiliz.
  Politika 2011-09-15 03:39

Arantza Zulueta aske utzi dute fidantzapean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arantza Zulueta abokatua eta Lemoizko bizilaguna aske utzi zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak, 60.000 euroko berme pean. Berria.info-k zabaldu duenez, Aretoak atzera bota du Fernando Grande-Marlaskak uztailaren 13an Zulueta atxilotu eta espetxeratzeko hartutako erabakia. Zulueta Hernanin atxilotu zuen Guardia Zibilak, ETArekin zerikusia izatea egotzita. Aurretik ere, 2010eko apirilaren 14an, atxilotu zuten euskal preso politikoen abokatuen eta senideen aurkako sarekadan, Saioa Agirre eta Erramun Landarekin batera, eta abenduaren 2an aske utzi zuten, baldintzapean, orain bezala, 60.000 euroko bermea jarri ostean. Izan ere, Zulueta ustezko delitu beragatik birritan atxilotzea leporatu dio Grande-Marlaskari Zigor Salak. Bilboko magistratuak abenduan aske utzi ostean, abokatua berriro galdekatu eta aske utzi zuen martxoan. Uztailan, baina, lemoiztarraren egoera aldatu zela adierazi zela iritzi zion Marlaskak. Argazkian, Zulueta 2010eko apirilaren 14an, atxilotu zuten gauean / cc-by-sa Askatu.org.
  Kultura 2011-07-14 03:42

Skalada Eguna egingo dute Armintzako jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzo, asteazkena, hasi eta igandera arte luzatuko dira aurten Karmen jaiak Armintzan. Jai batzordeak egitarau potoloa prestatu du aurten, Txapel Reggae jaialdiaren 21. edizioa barne. Besteak beste, larunbatean, Skalada Eguna egingo dute, portuan jarriko duten rokomobilean. Bezperan, berriz, Armintza Ragga Cuping ospatuko dute, besteak beste, haurrentzako skate ikastaro eta txapelketak izango direla. Txapel Reggae jaialdiari dagokionez, larunbatean bertan zazpi talde igoko dira oholtzara, 22:30etik aurrera: Euskal Herritik bertatik iritsiko dira Tacumah Reggae Band, Thunder Clap Sound System eta Orabai Perkusioa. Atzerritik, berriz, Lyricson (Ginea-Frantzia) & One Blood Sound (Katalunia), General Levy (Erresuma Batua) & Heartical Sound (Frantzia), Smooth Beans (Kantabria), Ki Sap (Valentzia).
  Iritzia 2011-07-13 21:00

Ezker abertzalea: "Arantza Zulueta abokatuaren atxiloketa salatu nahi dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Guardia Zibilak buruturiko Arantza Zulueta abokatuaren atxiloketa salatu nahi du Ezker Abertzaleak. Arantza Zuluetaren berehalako askatasuna exijitzen dugu. ETAk Euskal Herrian irekiriko fase berriarekiko konpromisoa eta gatazka politikoari behin betiko aterabidean ekarpena egiteko bere borondatea berriro ere adierazi duen egunean, Estatuaren erantzuna errepresioaren bidez etorri da. Normalizazio politiko eta demokratikoaren bidean urratsak eta konpromisoak eskatzen dituen herri batentzako duen eskaintza politiko eza errepresio eta jazarpenaren bidez ezkutatzen saiatzen da Estatu espainiarra. Ezker Abertzaleak dei egiten dio Estatuari blokeozko jarrera oztopatzailea alboratzeko eta horretarako errepresio oro bertan behera uzteko. Argazkian, iazko apirilean Zulueta eta beste atxilotuen alde egindako protestetariko bat / cc-by-sa Askatu.org.
  Politika 2011-07-13 18:55

Arantza Zulueta atxilotu du Guardia Zibilak Hernanin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arantza Zulueta abokatua eta Lemoizko bizilaguna atxilotu du Guardia Zibilak Hernanin, arratsaldeko lehen orduan, bazkaltzen ari zela, Berria.info-k eta Gara.net-ek zabaldu dutenez. Informazio horien arabera, ez dute Zulueta inkomunikatu eta dagoeneko Espainiako Auzitegi nazionalean deklaratzeko hitzordua dauka, bihar goizeko 10etan pasatuko baita 3. Epaitegiko magistratuaren aurretik. Bitartean Soto del Real espetxean izango da. Euskal preso politikoen abokatuen eta senideen aurkako sarekadan atxilotu zuten 2010eko apirilaren 14an, Saioa Agirre eta Erramun Landarekin batera, eta abenduaren 2an aske utzi zuten, baldintzapean, 60.000 euroko bermea jarri ostean. Martxoan, Grande-Marlaskak berriro galdekatu eta aske utzi zuen. Orain, baina, bere egoera aldatu dela adierazi diote atxilotzean. Polizia iturrien arabera, iazko apirileko operazioan bere bulegoan topatu ei zituzten planoekin atzo Polizia frantsesak hiru zulo aurkitu zituen Baigorrin. Horietan, 20.000 euro, tenporizadore bat, bi arma eta lehergaiak egiteko materiala zegoela zabaldu du Poliziak. Argazkian, Zulueta 2010eko apirilaren 14an, atxilotu zuten gauean / cc-by-sa Askatu.org.
  Jendartea 2011-06-15 18:34

Armintzako baserri batean lapurtu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Herenegun, astelehenarekin, Armintzako baserri batean ostu egin zuten ezezagunek, "El Correo Español" egunkariak zabaldu duenez. Lapurreta etxearen jabeak hileta batean zeuden bitartean suertatu zen. Gaizkileek eraikinera sartu eta aurkitutako bitxi eta diru guztia eraman zuten. "Etxe guztitik bilatu egin zuten eta, hamar minututan, harrapakinarekin ihes egin zuten", jakinarazi dute aipatu iturriek. Inguruetako auzokide asko ere hiletara joan ziren, hortaz, inork ez zuen ezer ikusi. Ertzaintzak uste duenez, lapurrak herri eremu txikiaz aprobetxatu egin dira, horietan ohikoa delako hiletetara "modu masiboan" joatea. Argazkia: © Herrizaingo Saila.
  Politika 2011-05-27 20:13

"Sagarren denbora" dokumentala proiektatuko dute bihar Armintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Basordaportu kultur elkarteak antolatuta, bihar, larunbata, "Sagarren Denbora" dokumentala proiektatuko dute Armintzan. Hitzordua arratsaldeko 6etan jarri dute, kultur etxean. Filma Kristiane Etxaluzek eta Afrikako Sao Tomen deportatuta daukaten Alfontso Etxegarai iheslari plentziarrak elkarrekin daramaten bizimodua du oinarri. Txaber Larreategik eta Josu Martinezek sortua da "Sagarren denbora". Gite-Ipes elkarteak ekoiztuta, Baionako Atalante zineman erakutsi zuten lehenbiziko 2010eko ekainaren 11n. Uztailaren 1ean, berriz, Plentzian, Alfonsoren herrian estreinatu zuten. Irailaren 17an Sopelatik pasa eta gero, Donostiako zinemaldian ere erakutsi zuten. Biharko proiekzioaren ostean, Kristiane Etxaluzen ekarpena xumearekin solasaldia egingo dute. Argazkian, Josu Martinez Kristiane Etxaluzekin berbetan / cc-pd Etengabe.
  Politika 2011-05-22 23:59

EAJk gobernatuko du datozen lau urtetan Lemoiz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Botoen %100 zenbatuta, Euzko Alderdi Jeltzaleak irabazi ditu udal hauteskundeak Lemoizen. 346 boto (%55,01) eta 5 eserleku lortu dituzte jelkideek. Atzetik, 255 boto (%40,54) eta 4 zinegotzi eskuratu ditu Bilduk. Aurkeztu diren beste bi alderdiek, PPk eta PSE-EEk, 13 boto baino ez dituzte eskuratu. Gauzak horrela, Unai Andraka izango da Lemoizko alkatea hurrengo lau urteetan. Maria Asun Salazar, Antxon Abaroa, Francisco Madariaga eta Igotz Zubizarreta izango ditu lagun. Bilduk, berriz, Iratxe Ouro, Jose Ramon Mentxaka, Olatz de Quadra eta Iosu Alberdi izango ditu ordezkari. Orotara, 635 lemoiztarrek eman dute bozka: %75,51ekoa izan da parte hartzea. Argazkian, boto paperak gaurko hauteskunde egunean.
  Politika 2011-05-06 18:44

Matxitxakoko itsas batailan parte hartu zuten gudariak omendu dituzte etzi Armintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 1937ko martxoaren 5ean, frankisten Canarias gerra ontziari aurka egin zioten gudariak omenduko ditu igande honetan, maiatzak 8, Matxitxako elkarteak. Ekitaldia Armintzako kai-muturrean izango da. Horretan parte hartuko du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Lakuako iturriek Irekia.net webgunean iragarri dutenez. Hala ere, ez dute ordurik zehaztu. Iñaki Anasagasti EAJko senataria ere izango ei da omenaldian, beste hedabide batzuen arabera. Bereziki, Nabarra bouko marinelak izango dituzte gogoan. Enrique Moreno komandanteak errenditu baino nahiago izan zuen borrokan hondoratu, eta tiroz erantzun zion frankisten ontziari. Guduak bi ordu baino gehiago iraun zuen, Canariasen azken tiro batek ontzia erabat funditu zuen arte. Moreno komandanteak, beste batzuekin batera, ontzian gelditzea erabaki zuen, eta harekin batera hondoratu zen. Berrogeita bederatzi gizonetik hogei baizik ez ziren salbatu. Frankistek preso hartu zituzten. Gaur egun, Nabarra boua Matxitxakoko ur azpietan dago, 120 metroko sakoneran. Argazkian, Matxitxakoko itsas batailako 70. urteurrena gogorarazteko antolatutako ekitaldien buru izan zen 2007ko martxoaren 5ean Juan Jose Ibarretxe lehendakaria / © EAJ.
  Jendartea 2011-03-28 18:52

Proiektu txikitzaileak salatuko ditu Plentzia eta Muskiz arteko martxak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lurraldeko hainbat bazterretatik gerturatutako lagunak bertan zirela, joan den larunbatean egin zuten Bizkaia Benetan Maite plataforma aurkezteko ekitaldia (mp3), Armintzako portu inguruan. Ttakun doinuak eta bertsoak entzun ostean irakurri zuten dagoeneko 46 eragilek izenpetu duten adierazpena. Bi dira ekimenaren oinarri nagusiak: batetik, "ingurumena erasotzen duten makroproiektuak gelditzearen beharraz" ohartaraztea. Eta bestetik, egitasmo horiek kokatzen diren herrien "erabakitze eskubidearen defentsa" eta, "Bizkaia nolakoa izango den erabakitzeko, herritar guztien eskubidea" aldarrikatzea. Bide horretan, apirilaren 2an, larunbatarekin, abiatuko dute martxa erreibindikatiboa eta Eskuinaldeko kostaldea zeharkatuko du, Plentziatik Lamiakora. Ondoren, Bizkaiko Zubia gurutzatu eta Santurtziko La Kelo gaztetxean lo egingo dute. Apirilaren 3an, igandearekin, martxak Meatzaldetik jarraituko du, Muskizen amaitu eta Petronorreko Coke plantaren eta hondartza dragatzearen kontra ari den herri mugimenduarekin bat egiteko. Argazkian, aurkezpena Armintzan.
  Politika 2011-03-15 20:09

Etxera bueltan da Arantza Zulueta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arantza Zulueta abokatua eta Lemoizko bizilaguna Espainiako Auzitegi Nazionalean agertu behar izan du gaur goizean. Izan ere, bere aurka kausa berri bat ireki du Fernando Grande-Marlaska epaileak eta horren aurrean deklaratu behar izan du Zuluetak. Hala ere, fiskalak ez du bere aurkako neurririk eskatu eta abokatua etxera bueltan da, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) zabaldu duenez. Errepresioaren kontrako erakundeak zehaztutakoaren arabera, "aurrez zituen egozteak mantentzen zaizkio Zuluetari, berririk gabe. Aurreko egozteetatik kausa berri bat ireki diote, baina finean aurrez auziperatua zegoen arrazoi berdinak mantentzen dira". Argazkian, Arantxa Zulueta 2010eko apirilaren 18an atxilotu zuen Guardia Zibilak, presoen abokatuen kontrako sarekadan / cc-by-sa Askatu.org.
  Politika 2011-03-11 19:28

Arantza Zulueta asteartean Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arantza Zulueta abokatua eta Lemoizko bizilaguna Espainiako Auzitegi Nazionalera datorren asteartean agertzera deitu dute. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu duenez, Guardia Zibila bere etxera joan zitzaion herenegun arratsaldean "bertara joan behar zuela esanez". Abokatuen sarekadatik Zuluetaren aurka duten "bere sumariotik kausa aparte bat ireki diote, iraultza zergari loturikoa". Amnistiaren Aldeko Mugimenduak "abokatuaren aurkako jazarpen berri hau salatu" du, "euskal preso politikoen eskubideen defentsan egindako lana delako abokatu honen eta beste hainbaten aurka darabilten errepresioaren arrazoi bakarra". AAMren ustez, "euskal preso politikoen eskubideen aldeko lanak zigorra du ordainetan. Hor kokatzen dugu senideen aurkako jazarpenak, argazkien aurkako sorgin ehizak, mobilizazioen debekuak eta kasu honetan abokatuen aurka areagotzen ari den errepresioa". Ildo beretik, "presoak dauden bitartean elkartasunak indarrean jarraituko duela" baieztatu du AAMk, "presoen existentzia bera delako elkartasun sortzailea. Espainiako Entzutegi Nazionalak oinarri politikoak dituen afera guztiak bertan behera utzi behar ditu", haien ustez. Argazkian, Zulueta atxilotu zuten gauean / cc-by-sa Askatu.org.
  Jendartea 2011-02-18 13:12

Zentral nuklearrari buruzko liburua aurkeztuko dute bihar Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, otsailak 19, "El contubernio nuclear, Lemoiz" izenburuko liburua aurkeztuko dute, Basordaportu tokiko kultur elkarteak antolatutako ekitaldian. Hitzordua 12:00etan jarri dute, Armintzako kultur etxean. Solasaldian bertan parte hartuko dute liburuaren egile Juan Luis Olaran lemoiztarrak eta Gorka Andrakak. Azken horrek idatzi ditu aipatu lanaren sarrera hitzak. Liburuak agerian uzten ditu "ondorio larri eta ikaragarriak izango zituen" proiektuaren zirrikituak. Iberduero konpainia elektrikoaren hasierako mugimenduetatik gaur egun arteko ibilbidea egiten du egileak. Espainolez idatzita dago eta 297 orrialde dauzka, Arabera Kultur Taldeak argitaratuta. 16 eurotan dago salgai. Horretaz gain, gaiaren inguruko argazki erakusketa ere paratu dute Armintzako kultur etxean. Argazkian, zentral nuklearra izango zena.
  Politika 2010-12-02 19:01

Arantza Zulueta libre geratuko da 60.000 euroko bermea ordainduta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuak aske geratuko dira 60.000 euroko fidantza ordaindu eta gero, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Lemoizko bizilagunak "tramite guztiak eginak ditu. Beraz, datozen orduetan geratu beharko luke libre. Beste biek datozen orduetan egingo dituzte gestioak, baina bihar arte ziurrenik ez dira aterako. Jon Enparantza Granadako espetxean aurkitzen da, Iker Sarriegi Puerto III espetxean eta Arantza Zulueta berriz Malagan", zehaztu du errepresioaren kontrako erakundeak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko penaleko aretoak hartu du erabakia. Hiru abokatuek bere egunean aurkeztu zuten helegitea aztertzeko bista bat egin zuten iragan asteartean. Zulueta, Enparantza eta Sarriegi, Naia Zuriarrain ETAko preso ohia eta Saioa Agirre Etxerateko bozeramaile ohiarekin batera atxilotu zituen Guardia Zibilak, apirilaren 18an, Fernando Grande-Marlaskak agindutako operazioan. Azken emakume hori, andereño zornotzarra, Sopelako Zipiriñe ikastetxean atzeman zuten eskolak ematen ari zela. Argazkian, 800 bat lagun elkartu ziren larunbatean Bilbon, Zuluetaren bakartze egoera salatzeko eta aska zezatela eskatzeko / © Bilboko Branka.
  Politika 2010-11-29 19:03

Gose greba utzi du Arantza Zuluetak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arantza Zulueta abokatu presoak azaroaren 15ean hasi zuen gose greba bertan behera utzi du, bere egoerak hobera egingo duela eta beste euskal preso batekin jarriko dutela agindu baitiote, Bilboko Branka agerkari digitalak zabaldu duenez. "Arantza gose greban. Isolamendurik ez, bakartzerik ez!" lelopean, 800 bat lagun elkartu ziren larunbatean Bilbon, Zuluetaren bakartze egoera salatzeko eta aska dezatela eskatzeko. Amaieran heldu zen berria manifestaziora. Abokatuarena "mendeku politikoa" dela azpimarratu zuten amaieran, Lemoizko bizilaguna ere badena presoen eskubideen aldeko lanean aritu delako eta orain hark "hainbeste salatutako eskubide urraketak" berari aplikatu dizkiotelako. Zuluetaren hitzak ere irakurri zituzten manifestazioan: eskerrak eman zizkien bere aldeko ekimenetan izandako guztiei, baina bere egoera ez dela bakarra gogoratu zuen. Bakartuta jarraitzen duten preso guztien alde mobilizatzen jarraitzeko eskatu zuen abokatuak. Argazkia: © Bilboko Branka.

Nabarmenak

Zorion agurrak