Gazteok 2009-09-22 15:31

Jarrairen 30. urteurrena urriaren 17an ospatzera deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Datorren urriaren 17an Jarrai gazte erakunde ilegalizatuaren jaiotza eta Euskal Herriko gazte mugimendu nazionalaren 30. urteurrena ospatzera deitu dute gazte independentistek. Gaztesarea gazte komunikabideari bidalitako prentsa oharrean agertu dutenez, "irailean abiatu eta urriaren 17an burutuko den ospakizun nazionalarekin orain arte egindakotik ikasiz aurrera urrats sendoak ematera goaz, irabaztera goaz!". Izan ere, PSOE, UMP eta PSE-EEren gobernuek erabilitako "gerra estrategia eta bide polizialaren antzutasuna agerian gelditu" direlakoan daude Gazte Independentistek. Era berean, datozen hileotan dozenaka gazte "Segiko kide izateagatik epaituak izango" direla gogoratu dute, "kale borrokaren aitzakiaren pean hasierako momentuan, muntaia politiko polizial eta mediatikoen bidez". Horregatik, azaldu dutenez, "independentista eta sozialista izateagatik... erasotuak bagara, egiten dugun lan horren berrespena egin eta lana bera indartzeko erabiliko ditugu epaiketa hauek". Tartean, "independentismoak bizirik" dirauela eta "egun alternatiba erreala eta egingarria" dela azpimarratu dute. Argibide gehiagorako: independentzia.net. Argazkian, maiatzaren 6an, Leioa eta Erandioko campusean egindako agerraldia / Gaztesarea.
  Gazteok 2009-09-21 19:03

"Independentzia eta sozialismorantz" urratsak emateko bosgarren UK Martxan parte hartu dute dozenaka gaztek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pasa den larunbatean, jarraian egiten den bosgarren UK Martxarekin hitzordua zuten eskualdeko gazteek, Plentziatik Getxora oinez abiatzeko. Baina, antolatzaileek adierazi dutenez, egun horretan "eguraldi kaxkarra izan zela eta, antolaturiko ibilbidea bertan behera geratu" eta ekimen guztiak Txorimalo gaztetxean burutu ziren. Egunean zehar, "hamarnaka gazte hurbildu ziren gaztetxera egun pasa. Eskaintza zabala eta anitza izan zen, hitzaldi ezberdinak, jokoak eta giro ona", gazteek zabaldu dutenez. Horrez gain, iluntzean Gazte Ekitaldia burutu zuten, ondoren afari legeari paso emateko. Azkenik, gaua hasi aurretik, "Ez gaitzala korronteak ito!" (mp3) aurtengo UK Martxaren abestia egin duen Etsi Gabe eta Norte Apatxe taldeen kontzertuari hasiera eman zioten. Jada bost urte daramatza Uribe Kostako gazteriak martxa hau antolatzen eta gazteek esan bezala, “urratsez urrats, oztopoz oztopo, atzeraezinezko bidea egitean ari gara independentzia eta sozialismorantz”. Argazkian, gazteak Askapeneko kide batek emandako hitzaldiari adi / UK Martxa.
  Gazteok 2009-09-21 17:50

Itzubaltzeta gaztetxeak bost urte beteko ditu aste honetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

"Bost urtez... herria astintzen!" lelopean, Getxo udalerriko Itzubaltzeta / Romo herriko Itzubaltzeta gaztetxeak bosgarren urteurrena ospatuko du gaur hasita eta igandera arte, irailak 27. Gazteen esanetan, "aurten ere urtemuga ospatuko dugu, eta dagoeneko bost urte dira (nork esango zuen orduan...) 2004ko irailaren 30 hartatik, gaztetxe honetara sartu ginela, aurreko gaztetxearen desalojo bortitzak behartuta. Halere, hemen jarraitzen dugu herria astintzen, eta jarraituko dugu! Oraindik lan asko dago egiteko eta are gehiago kapitalak sorturiko krisi egoera honetan. Era berean, gogoratu nahi dugu Itzubaltzeta gaztetxea auzokideek hainbestetan eskatu duten Gobela ibaia 'bideratzearen' alde gaudela eta hortaz, gure elkartasuna dutela. Dena den, azpimarratu nahi dugu 'bideratze' lan horiek gaztetxearen parean ez direla beharrezkoak, txostenek argi utzi duten bezala. Bestalde, kontu horretaz mintzatzeko zein edozein gauza proposatu edota galdetzeko edo jardueretan parte hartzeko auzokide guztientzat gaztetxeko ateak zabalik daudela gogoratu nahi dugu. Azkenik, ezin dugu adierazpen hau amaitu herritik kanpo preso dauden lagunei agur bero bat helarazi gabe, etxean nahi ditugulako!". Gazteek egindako soinu deia (mp3) hemen entzun daiteke.

  Gazteok 2009-09-21 15:13

Txorimalon bilduko dira astelehenero hamargarren Indabada antolatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ia ia konturatu barik heldu zaigu hamargarren Indabada Mundiala. Algortako Txiki eta Otaegi plazan urtero egin ohi den babajan handia urriaren bukaeran izango da, larunbatean beti bezala. Algortako Gazte Asanbladak adierazi duenez, "aurten inoiz baino gogo gehiagorekin ospatuko dugu egun handi hau. Gure helburua urte guzti hauetatik Indabadatik pasa den jendea batzea eta kristoren ospakizun eta errebindikazio jaia egitea da. 10 urte ez dira egunero betetzen, eta uste dugu horrelakoetan ideia berriak sartu behar direla egitarauan. Denok daukagu zer esan eta zer gehitu 10. Indabadan". Hain zuzen ere, horretarako biltzen da astelehenero Indabada batzordea, Getxoko Txorimalo gaztetxean. 18:00etan hasi ohi dira batzarrak. AGAk gazte guztiak animatu ditu horietan parte hartzera, "denon imajinazio, gogo eta grina ongietorria izango baita". Aldarrikatu dutenez, "Indabada beti herritik herriarentzat!". Argazkian, Txiki eta Otaegiko frontoia gainezka aurreko Indabadetako batean.
  Gazteok 2009-09-19 16:24

Txorimalon egiten ari dira UK Martxa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Egun hauetan egiten ari den eguraldi kaskarra kontuan hartuta, Plentzia eta Getxo arteko ibilaldia bertan behera uztea erabaki zuten atzo gauean UK Martxa ekimenaren antolatzaileek. Hala ere, aipatu itsas hiribilduko Astillero plazan zein metro geltokian zain egon dira 10:30ean neska-mutilak, gazteren bat agertzekotan Txorimalo gaztetxera eramateko. Izan ere, mendi eta hondartza arteko zeharkaldia suspenditu bai, baina aurreikusita zeuden ekitaldi guztiak aipatu gune autogestionatuan egitea deliberatu dute. Eguerdiko 12etan hasita, bertan izan dira gudariei omenaldia eta ezker abertzalearen historiari buruzko hitzaldia. Orain, bazkaltzen egongo dira seguru asko gazteak, arratsaldeko ekitaldietarako indarrak hartzeko. Egunari amaiera emateko, ekitaldia, afaria eta kontzertuak izango dira, 20:00etatik aurrera. Batetik, Norte Apache; eta bestetik, "Ez gaitzala korronteak ito!" (mp3) aurtengo UK Martxaren abestia egin duen Etsi Gabe talde getxoztarra ariko dira. Argazkian, Txorimalo gaztetxea gaur ez bezalako egun eguzkitsu batean.
  Gazteok 2009-09-15 18:45

UK Martxa egingo dute larunbatean eskualdeko gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Ez gaitzala korronteak ito!" lelopean, bosgarren urtez jarraian egingo dute UK Martxa izeneko abialdia Uribe Kosta eta Erandioko dozenaka gaztek. Ekimena larunbat honetan, irailak 19, abiatuko da goizeko 10:30ean, Plentziako Astillero plazatik eta Getxoko Txorimalo gaztetxean bukatuko da, 20:00ak aldera, bertan ekitaldia egin eta afari eta kontzertuez gozatzeko. Tartean, aldapak eta lauaz gain, gudariei omenaldia egin eta, hitzalditxoen bitartez, ezker abertzalearen historia, Kolonbiako egoera politikoa eta Maputxe herria bezalako gaiak jorratuko dituzte. Bazkari eta jolasetako ere egongo da astia. Soinu deian (mp3) iragarri dutenez, Egun osoko bonoak 7 euro balio du eta ohiko lekuetan egongo dira salgai, ostiralera (hilak 18) bitartean. Biderako fruta, afaria eta kontzertuak ordaintzeko balio du horrek. Argazkian, iazko UK Martxa eskualdean barrena. Argazki gehiago hemen ikus daiteke.
  Gazteok 2009-09-10 17:17

Bost ikastaro antolatu ditu Getxoko Gazte Bulegoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Gazteentzako Informazio Bulegoak bost ikastaro eskainiko ditu, irailetik abendura bitartean, udalerriko hainbat lekutan. Neska-mutil getxoztarrek hondakin edo erabilitako materialez gauza berriak egin, ilustrazio digitala landu, xaboiak egin, esparru erotiko-afektiboari heldu edota, fanzine bat egitez, euren interesak adierazteko aukera edukiko dute, hurrenez hurren, tokiko iturriek adierazi dutenez. Ikastaro bakoitzaren prezioa 5 eurokoa da eta izen-ematea modu hauetan egin daiteke: Gazte Informazio Bulegoan, Internet bidez, gaztebulegoa[abildua]getxo.net helbideetan edo 667 600 740 telefono zenbakira SMS bat bidaliz. Argazkian, hainbat ikastaro Algortako antzinako kultur etxean jarriko duten gaztelekuan egingo dituzte.
  Gazteok 2009-09-10 00:27

Bilboko epaitegien aurrean egingo dute kontzentrazioa bihar Uribe Kostako gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uribe Kostako gazte mugimenduak elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako, irailak 10, Bilboko Buenos Aires kaleko Bizkaiko Lurraldeko Auzitegi aurrean. Ordua goizeko bederatzietan jarri dute. Izan ere, bihar bertan, hainbat neska-mutilen aurkako bi epaiketa izango dira. Batetik, Kepa Saratxaga, Urtzi Paul, Zigor Goikoetxea eta Endika Lejarzegi Algorta eta Getxoko gazteak epaituko dituzte Bilboko Zigor Arloko 6. zenbakiko epaitegian. 2002an Getxo udalerrian ospatutako Ibilaldian, Bizkaiko ikastolen aldeko jaian, txosna bat desmuntatzera joan zirenean erresistentzia egin eta kalteak eragitea leporatzen die lauei Ertzaintzak. Epaiketa apirilean egitekoa zen, baina atzeratu egin zen Endika Lejarzegi preso politikoa auzitegira eraman ez zutelako. Oraingo honetan, gaztea joan zen astean atera zuten Monterrosotik (Lugo, Galizia) Langraizera eramateko. Bestalde, 19 lagun (kazetariak barne) epaituko dituzte, orain urte bete Zaratamon AHTren obren aurka egindako ekintzagatik. Hasiera baten Ertzaintzak kasua Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali zuen, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak AHTren aurkako ekintzak terrorismotzat jotzeko agindua jarraituz. Auzitegi Nazionala inhibitu egin zen eta orain falta epaiketa da, AHTren Aurkako Asanbladak zehaztu duenez. Argazkian, Bizkaiko Lurraldeko Auzitegia / Audiogela.
  Gazteok 2009-09-09 15:59

Erandio ezagutzen ibili dira Grezia eta Suediako 14 gazte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko Udalaren Gazteria Arloak sustatutako truke egitasmoari esker, joan den ostegunean egin zieten ongi etorria, tokiko udaletxean, Greziako zortzi gazteri eta Suediatik etorritako beste seiri. Hamalau neska-mutil erandioztar lagun zituztela, Martiartuko dorretxea, Andra Mari eliza, itsasadarra eta Erandioko beste hainbat txoko bisitatzen ibili dira; baita Bilbo, Urdaibai Biosferaren Erreserba edota Gernikako Batzar Etxea ere. Santi Neira Kultura zinegotziaren arabera, "euren kultura, ohitura eta hizkuntza elkarri ezagutaraztea" da ekimenaren helburua, "berdintasuna sustatu eta diskriminazioa baztertzearekin batera". Erandioko nesketako batek zehaztu zuzenez, kirolari ere garrantzi handia ematen diote aipatu topaketetan, "kultur artekotasuna sustatzeko tresnatzat hartuz". Besteak beste, Euskal Herriko zein Grezia eta Suediako herri kirolak, arrauna eta piragua egiteko aukera eduki dute astean zehar gazteek. Gainera, hori guztia bideoz jasoko dute: "kultur ezberdinen arteko harremanak sustatzeko, kirolak zelan erabili daitezkeen azalduko du bakoitzak, ingelesez; eta gero, pelikula Europako webgunean eskegiko dugu", azaldu dutenez. Argazkian, gazte guztiak, Jose Goikouria alkatea eta Santi Neira zinegotziarekin.
  Gazteok 2009-09-07 17:52

Mentxakabarriko gazteak absolbitu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Algortako Mentxakabarri etxea okupatu eta gaztetxe bihurtu zutelakoan epaitutako sei gazteak absolbitu berri ditu Guadalupe Diez Blanco Bilboko 3. zenbakiko Zigor Auzitegiko epaileak. Guztiei "usurpazio delitua" egozten zieten. Haietariko bati, gainera, kaleratze egunean teilatura igo eta bertatik ez jaistearren Ertzaintzari erresistentzia egitea leporatzen zioten. Absolbitzeaz gain, fiskalak ere ez omen du helegiterik tarteratuko, Iñigo Santxo defentsako abokatuak UKBERRI.NET agerkari digitalari adierazi dionez. "Hortaz, esan dezakegu absoluzioa irmoa dela, eta arlo judizialari buruz esan dezakegu justizia egin, egin dela", gaineratu duenez.
  Gazteok 2009-08-25 21:51

Gazte Eguna ospatuko dute larunbatean Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurten ere hainbat ekimen aurrera aterako ditu Erandioko Gazte Asanbladak, Altzagako San Agustin jaietan. Jai batzorde zein koadrilei esker, hirugarren urtez jarraian, koadrilen arteko probekin jarraituko dute, "herriari bizitza emanez". Bitartean, txosna gunean, Erandioko zein kanpoko gazteak biltzeko asmoa duen taberna martxan egongo da. Egitarauari errepasoa eginez, ostegunean bertan, hirugarren gazte afaria eta DJ Bull-en emanaldia izango dira txosna gunean. Larunbatean, berriz, urteroko hitzorduari eutsiko diote neska-mutil erandioztarrek, hirugarren urtez jarraian, Gazte Eguna ospatuz. Besteak beste, gazte bazkaria egingo dute txosna gunean (bertan izango dira ekitaldiak). Oturuntzan izena emateko, Zerunait tabernara edo gazteen txosnara jo beharko dute nahi duten guztiek eta bertan 5 euro ordaindu. Argazkian, iaz metro geltoki alboan egin zuten gazte bazkaria. Aurten, ordea, Altzagako kiroldegi atzean egongo dira txosnak.
  Gazteok 2009-08-12 23:05

Bizkaiko gazteen jaialdi alternatiboa hartuko du etzi Plentziako hondartzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herriko Gazte Mugimenduak abiatutako "Ekin dezagun batera! Bota hordagoa sistemari!" lelopeko dinamikari jarraikiz, eta elkarrekin bat egiteko asmoz jai alternatiboa prestatu dute ostiral honetarako Bizkaiko gazteek. Horretarako, Plentziako hondartzan jarri dute hitzordua, arratsaldeko 7etatik aurrera. Bertan, bideo emanaldia, parrillada eta "hainbat sorpresa" prestatu dituzte antolatzaileek. Izan ere, Bizkaiko Gazte Mugimenduaren esanetan, "udak aurrera darrai eta gazte mugimenduak 'Bota hordagoa sistemari! Ekin dezagun batera!' lelopean abiatutako dinamika berriaren baitan bira txikia egingo du hainbat herritan. Bariku honetan, abuztuak 14, batuko gara gazte bizkaitarrak Plentziako hondartzan arratseko 19etan. Gazte!! Abuztuaren 14an Plentzian dugu elkargune. Bota hordagoa sistemari! Topatu gaitezen! Argazkian, Letaman gaztetxean egindako aurkezpena / Gaztesarea.
  Gazteok 2009-08-12 19:38

Preso irlandarren hil arteko gose greba ikusi ahal izango da gaur Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako Germantxin gazte kultur elkarteak antolatuta, gaur, asteazkenarekin, arratsaldeko 7etan "Hunger" filma ikusi ahal izango da Goñi Portal kultur etxean. Ondoren, zine-foruma egingo dute Mitxel Sarasketa preso ohiarekin. Ekimena abuztuko asteazkenetan Germantxin burutzen ari den zikloaren barruan kokatzen da. "Hunger" 1981an Irlandako Sei Konterrietako Long Kesh espetxean hamar preso errepublikanoek hil arte burutu zuten gose grebaren inguruko filma da. 2008an Cannesko zinemaldian Urrezko Kamera saria jaso zuen Un Certain Regard sailean; Donostiako zinemaldian ere pasatu zen Zabaltegi sailean. Jatorrizko bertsioa euskarazko azpidatziekin eman zuten bertan. Bobby Sands (Michael Fassbender) da filmaren figura zentrala. Berak gidatu zuen preso errepublikanoen estatus politikoaren aldeko gose greba, eta horren ondorioz hil zen 1981ko maiatzaren 5ean. Filmak Sands hil aurreko sei aste hartzen ditu kartzelarien jazarpena, borrokan diharduten presoen egoera, IRAk kartzelarien aurkako ekintzak eta heriotzaren arteko gose greba azaltzeko.
  Gazteok 2009-08-12 19:01

Gazteen txosna muntatzeko bigarren saiakera zapuztu du Getxoko Udaltzaingoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arratsaldeko ordu biak aldera, gazteen txosna muntatzeko estruktura zeraman kamioia gelditu du Algortako Portu Zaharrerako sarreran, La Ola jatetxe parean, Getxoko Udaltzaingoak. Ardo kutxak ere zeramatzaten ibilgailuan eta, barruan zer zegoen galdetuta, hori berau esan diete tokiko poliziei. Hala ere, kamioia miatu egin dute udaltzainek, Getxoko Udalak aginduta, txosna estrukturak pasatzerik ezin zutela utzi argudiatuta. Antza, ibilgailu guztiei eskatzen ari zaizkie Portu Zaharrean sartu ahal izateko benetakotze-agiri berezia. Kamioia minutu batzuk geldirik izan ostean, ardo kutxak baino ez diete deskargatzen utzi gazteei udaltzainek, txosnak dauden zabalgunean, uneoro euren zaintzapean. Argazkian, kamioia geldirik La Ola parean.
  Gazteok 2009-08-12 13:27

Algortako Portu Zaharreko txosna bota die gazteei Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Goizeko 9ak aldera gazteak Algortako Portu Zaharreko zabalgunera heldu direnerako, udal langileek desmuntatuta zeukaten jada atzo arratsaldean egurrez eta lan handiz altxatutako txosna. Horretarako, udaltzain bikote bat izan dute zaindari beharginek. Ertzaintzaren pare bat furgoneta ere inguruan zebiltzan, Ereaga hondartzatik gertu, lekuko batek UKBERRI.NET agerkari digitalari adierazi dionez. Getxoko Udalaren aginduz, langileek goizeko 8:30ean zeukaten "hitzordua" gazteen txosna botatzeko. Tokiko mandatarien aginduei kasu egin eta palankak erabiliz denbora gutxian bete dute "euren lana". Beharginek eurek baieztatu diete gero gerturatutako neska-mutilei agindua Udalarena zela; baita egurren bila Martikoenako udal biltegira joan zitezkeela adierazi ere. Imanol Landa jelkidea buru duen Udal Gobernuak txosna jartzeko hainbat baimen ukatu ostean, muntatzea erabaki zuten gazteek eurek ere horretarako eskubidea daukatela aldarrikatzeko asmoz. Argazkian, atzo arratsaldean egurrez muntatutako txosna. Gaztesarean gaur agertutako argazkiak ikusteko sakatu hemen.