Kultura 2007-06-29 19:39

San Pedro jaialdia dute gaur gorliztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arratsaldeko 6etatik aurrera San Pedro jaialdia ospatuko dute Gorlizko Iberre auzoan. Hasteko, Aratz dantza taldeak egingo du saioa eta, ordu bete beranduago, sardina jana eta mariachiak izango dituzte bertan bildutakoek. Azkenik, 21:00etatik 23:00etara bitartean, Juanchu El Charro igoko da agertokira. Bestalde, herritar guztiek jakin dezaten, Udalak aditzera eman du 2007ko herriko jaiari buruzko akordioa hartu duela, eta horren arabera, uztailaren 25ean, Santiago egunean, jai-eguna izango dela. Azkenik, dagoeneko erakusketa garaia abian da Gorlizen. Uztailaren 6ra bitartean, Endika Basaguren berangoztarraren artelanak (argi kutxak, instalazio bat eskulturekin, eta hainbat argazki, guzti hau hiri bateko ibilbide batean) egongo dira ikusgai Eloisa Artaza kaleko erakusketa gelan, arratsaldeko 7etatik 9ak arte. Arte Ederretan lizentziatutako gazte honek 1999 urtetik eman du erakusketa kolektiboak egiten eta 2002 urtetik banakako erakusketak. Argazkian, sardinen prestaketa / Gorliz.net.
  Kirolak 2007-05-16 22:24

Gorlizen abiatuko da igandean Euskal Herriko triatloi zirkuitua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurreko lau edizioetan bezala, Gorlizen emango zaio hasiera, igande honetan, maiatzak 20, aurtengo Euskal Herriko triatloi zirkuituari, Euskadiko Triatloi Federazioak jakinarazi duenez. Proba esprint distantziakoa izango da eta K3 Hiru Kirolak taldeak antolatuko du. Lasterketaren muina, hondartzako parkingean egongo da, boxak bertan kokatuko baitira. Lehendabizi, 750 metro luzerako igeriketa saioa egin beharko dute kirolariek badian zehar: hiruki formakoa izango da ibilbidea, irteera eta helmuga areatzan izanik. Lehenengo trantsizioaren ondoren, triatletek 24 kililometroko bizikleta ibilbide gogorrari aurre egin beharko diote, Orabile eta Andraka (Lemoiz), Asteintza (Maruri), Butroi, Urduliz eta Plentzia igaroko dituztelarik, berriro Gorlizera iristeko. Bigarren trantsizioaren ondoren, azken atalari, hau da, 5 kilometrotako oinezko lasterketari hasiera emango diote, Astondo Ibilbideari bi itzuli emanez. Hondartzan egongo da helmuga. Argazkian, joan den igandean ospatu zen Sopelako duatloiaren irteera / ETF.
  Jendartea 2007-03-29 21:06

Ingurumena babesteko udal ordenantza du Gorlizek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ingurumena babesteko bere lehenengo ordenantza onartu berri du Gorlizko Udalak. Horren arabera, 1.202.024 euro arteko isuna jasoko dute delitu ekologiko larrienak egiten dutenek, hala nola, beharrezkoa denean ingurumenaren gaineko baimenik eduki ezean obrak egiteagatik edo zaharberritze eta aldatutako espazioen berreskuratze administrazio arauak ez betetzeagatik. Udal teknikarien ikuskapenak oztopatzeagatik (delitu larria), berriz, 24.040 eta 240.404 euro bitartekoa izango da zigorra. Azkenik, 300etik 24.040rako isuna izango dute eskatutako datu edo agiriak ematen atzeratzen direnek. El Correo Españolek jasotako adierazpenen arabera, "irabazi asmorik ez" dutela nabarmendu zuten udal agintariek. Ion Landa Hirigintza zinegotziaren hitzetan, "ingurumenari kalte egiten dionak ordaindu dezala baino ez dugu nahi". Argazkian, Gorlizko kanpin ingurua.
  Ekonomia 2007-03-29 21:04

Udarako lan poltsa osatuko dute Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Uda 2007" aldi baterako lanen poltsa sortzera doala jakinarazi du Gorlizko Udalak. Horrela nahi duten pertsona guztiek dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute udal bulegoetan, maiatzaren 11 baino lehen. Eskabideari norberaren curriculuma, Espainiako Enplegu Institutuak (IMEN) emandako inskripzio txartela eta interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak gehitu beharko zaizkio, udal iturriek adierazi dutenez. "Uda 2007" aldi baterako lanen poltsa osatu ondoren, baliorik gabe geratuko da "Uda 2006" zerrenda. Argazkian, Gorlizko udaletxea.
  Jendartea 2007-03-14 22:05

Udan saharar umeak hartzeko familien bila dabil Gorlizko Udala

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorlizko Udalak Güerako kanpamenduarekin 2001ean egindako adiskidetzearen ondorioz, abian dira zenbait proiektu, eta horietako bat “Oporrak bakean” deritzona da. Proiektu horren bidez, aukera eman nahi zaie Saharako umeei udako hilabeteetan (uztailaren 7tik irailaren 7ra) familia gorliztarrekin bizi daitezen. Hori dela‑eta, seme‑alabak eduki eta udan 7 eta 12 urte bitarteko ume sahararrak etxean hartu ahal dituzten familiei dei egin diete izena emateko. “Haurrok basamortu idorretik ateratzea da asmoa, uda sasoian 50 gradoko tenperaturara ere iristen baita termometroa Sahara aldean”, adierazi dute udal arduradunek. Martxoaren 23ra arte dago izena emateko aukera. Argazkian, Saharako ume eta euskal elkartasun elkarteko kide batzuk iazko udan Loiuko aireportuan Aminetu Haidar giza eskubideen ekintzalaria itxaroten / Saharatik.com.
  Ekonomia 2007-02-20 20:05

Semeari lanpostua ematea egotzi dio Gorlizko alkateordeari Ezker Batuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorlizko Udalaren aurkako salaketa aurkeztu zuten joan den asteazkenean, otsailak 14, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, Jose Vicente Ojinaga Uribe Kostako EB-Berdeen koordinatzaileak eta Maria Urbizu alderdiko bozeramaile gorliztarrak. Hain zuzen ere, udal obra-brigadarako lau langile aukeratzeko oposizioan "prebarikatzea" leporatu diote tokiko erakundeari. Urbizuk eta Ojinagak salatutakoaren arabera, "Patxo Igartua alkate jelkidea ordezkatuz, oposizioen tribunaleko presidente jarri zen hamabost egunez (2006ko uztailean) Javier Garrido alkateorde eta Lan Publiko zinegotziak, probetara aurkeztutako lagunetako bat bere semea zela. Lanpostuetako bat eskuratu zuen Igor Garridok". Horren harira, Administrazio Publikoen Erregimen Juridiko eta Administrazio Prozedura Orokorraren Legearen 28/2 artikulua urratzea egozten diete. Argazkian, Jose Vicente Ojinaga.
  Jendartea 2007-01-29 21:56

Sahararrentzako 162 kilo elikagai eta higiene-gai batu dituzte gorliztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Beste urte batez, Sahararen aldeko euskal karabanarekin bat egin eta "Piztu itxaropena" leloari helduz, elikagai (atuna oliotan, dilistak eta arroza) eta higiene-gaiez (konpresak) bete dute 18 kutxa gorliztarrek, bakoitzak 9 kiloko pisua duelarik. 2001eko martxoan Saharako Güera herriarekin senidetu zenetik, hainbat ekimenetan hartu du parte Gorlizko Udalak, saharar herriari laguntza emateko. "Hango herritarrak bidegabeko erbestean bizi dira azken 29 urteetan, Argeliako Saharako basamortu latzean", azaldu dute tokiko agintariek. Argazkia: Saharar Errepublika Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 30. urteurrenarekin bat eginez, bandera sahararra jaso zuten ikurrinarekin batera Gorlizko udaletxean, otsailaren 27an.
  Gazteok 2007-01-29 21:47

Informazio eske 466 gaztek jo dute kultur etxera Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gune hau herriko eta inguruko gazteei eskainita dago ondorengo gaiei buruzko informazioa eta laguntza eskatu ahal izateko: lan eskaintzak, bekak, ikastaroak, lehiaketak, kirolak, bidaiak eta astero eguneratzen diren gainerako proposamenak. Emakumeak izan dira kontsulta gehin burutu dituztenak, bisitari gehienak 16 eta 30 urte bitartekoak izanik, Gorlizko Udalak emandako datuen arabera. Informaziorik eskatuena turismoarekin zerikusirik duena izan da (eskuorri turistikoak, kale-izendegia…) aktibitate desberdin eta kurtsoekin jarraituz. "Atal honetan zehaztu beharra dago, Gazte Informazio Guneak turismo bulegoarekin lokal bera konpartitzen duela, hain zuzen. Azkenik esan, kontsulta gehienak bulegoan burutu direla, telefonoa, posta elektroniko eta arrunta bezalako euskarriez jarraituz", azaldu dute. Gazte Informazio Gunearen emaitzak kontutan izanda arduradunak pozik daude eskainitako zerbitzuarekin. Argazkian, kultur etxeko eraikinean dago Gazte Informazio Gunea, Krutzeta kaleko 5. zenbakian.
  Politika 2007-01-26 23:21

Gorlizen bi autobus erretzen saiatu direla salatu du Ertzaintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hainbat ezezagunek Gorlizko Armintza bidean geldituta zeuden bi autobusi su ematen saiatu dira gaur iluntzeko 9ak baino lehen, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako informazioaren arabera. Iturri berak jakinarazi duenez, bi ibilgailu publikoak hutsik zeuden eraso egin dietenean. Ezezagunek hainbat molotov koktel bota eta erregaia isuri dute autobusen barruan, baina ibilgailuak ez dira erre. Lakuako prentsa oharraren arabera “Ertzaintzaren patruilen etorrera dela-eta egileek ihesari ekin diote”. Argazkian, atzo Algortako Andres Cortina kalean hainbat ezezagunek eraso egin zuten autobusa, hainbat leiho apurtuta.
  Kirolak 2007-01-19 12:42

Frontenis txapelketa antolatu dute Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Portalena pilota taldeak antolatuta, frontenis txapelketa (kartela) jokatuko dute otsailaren 1etik aurrera, ostegun eta ostiraletan, salbuezpenik egon ezean. Besteak beste, lau partida egongo da eguneko, 19:00etatik 22:00etara. Lehiaketa hiru kategoriatan egongo da banatuta: lehenengoa, bigarrena eta gazteak (16 urtetik beherakoak) eta izen emateko azken eguna urtarrilaren 27a izango da. Horretarako, 10 euro ordaindu beharko du bikote bakoitzak lehenengo bi kategorietan eta 6 euro gazteen mailan. Portalena pilota eskolaren zuzendaritza taldeak zehaztuko ditu arauak eta asteko banaketa eta pilotalekuan jarriko dute egutegia. Garrantzitsua da harremanetarako telefono zenbakia ematea, antolatzaileek aipatu dutenez. Argazkian, bikote pare bat frontenisean jokatzen.
  Jendartea 2007-01-19 12:24

Bisitari kopuruak gora egin du Gorlizko Turismo Bulegoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorlizko Turismo Bulegoaren bisitari kopurua handitu egin da, udal iturriek emandako datuen arabera: 2006an 5030 lagun pasatu ziren bertatik, eta horrek %35,5eko igoera suposatzen du. Jatorriari dagokionez, Euskal Herri mailan, bizkaitarrak izan dira ugarienak. Espainiari begira berriz, Kalaluniakoak, madrildarrak, valentziarrak eta Gaztela eta Leongoak izan dira nagusi, baina nabarmendu behar da Andaluziako bisitariek izan duten gorakada. Atzerririk etorritakoen artean, frantziarrak, Erresuma Batukoak, italiarrak eta alemaniarrak bisitatu dute gehien Turismo Bulegoa. Esan beharra dago ere emakumeak izan direla kontsulta gehien burutu dituztenak. Bisitarien adinaren inguruan 27 eta 45 urte bitartekoak izan dira aholku gehien eskatu dutenak. Argazkian, Gorlizko hondartzara begira.
  Kultura 2006-12-21 21:24

Reggae eta funk doinuak izango dira asteburuan Gorlizko Haizea tabernan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 22an, 23an eta urtarrilaren 5ean Haizea Sessions deituriko musika emanaldiak eskainiko dituzte hainbat DJ-k Gorlizko hondartzan dagoen Haizea tabernan. Hartara, ostiral honetan Parental Advisory Crew-k dream & bass eta reggae estiloko doinuak eskainiko ditu; etzi, Pe-Funk eta Dektoper-ek funka eta reggaea landuko dute; eta azkenik, urtarrilaren 5ekoa gau berezia izango da, DJ guztiak batera arituko baitira. Azken egun horretan ere, makina bat sorpresa eta gonbidatutako DJak iragarri dituzte. Emanaldiak 23:30ean hasi eta 4:00ak aldera amaituko dira, azken egunean izan ezik, emanaldiak luzeagoak izango direlako. Argazkian, DJ bat musika nahasten / Judith Cotelle.
  Kirolak 2006-12-21 20:48

Gabon-egunean egingo dute zaldi-lasterketa Gorlizko hondartzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurten ere, zaldien lasterketa ikusteko aukera egongo da Gorlizko hondartzan, bertoko kirol elkarteak antolatuta. Hitzordua abenduaren 24an izango da eguerdiko 12etan; lasterketak itsas-beherarekin bat egin behar du eta. Hamaikagarren edizioa da aurtengoa eta, beti bezala, kategoria bitan banatuta egingo dute lasterketa zaldiek: alde batetik, odol garbikoak eta, bestetik, gurutzatutakoak. Bestalde, talde bakoitzean hiru sari egongo dira, Gorlizko Udalak adierazitakoaren arabera: 700 eurokoa, 350 eurokoa eta 200 eurokoa, odol garbikoetan; eta 600 eurokoa, 300 eurokoa eta 150 eurokoa, gurutzatutakoetan. Horretaz gain, trofeoa jasoko dute. Pottoken erakusketa ere egongo dela iragarri dute udal arduradunek.
  Jendartea 2006-12-05 19:03

Dagoeneko sahararrentzako jakiak batzen hasi dira Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Beste urte batez, Sahararen aldeko euskal karabanarekin bat egin du Gorlizko Udalak, "Piztu itxaropena" leloari helduz. Horrenbestez, elikagaiak (atuna oliotan, dilistak eta arroza) eta higiene-gaiak (konpresak) batzen hasi dira jada. Horiek urtarrilaren 22ra arte eraman ahal izango dira kultur etxera (Ibarrena etxea, Krutzeta kalea 5), edo udaletxeko bulegoetara (beheko solairuko harrera gelan). Diruz lagundu nahi dutenek, berriz, ondoko Euskadiko Kutxaren kontu zenbakian egin dezakete: 3035-0080-94-0800054177. 2001eko martxoan Saharako Güera herriarekin senidetu zenetik, hainbat ekimenetan hartu du parte Gorlizko Udalak, saharar herriari laguntza emateko. "Hango herritarrak bidegabeko erbestean bizi dira azken 29 urteetan, Argeliako Saharako basamortu latzean", azaldu dute tokiko agintariek. Argazkia: Saharar Errepublika Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 30. urteurrenarekin bat eginez, bandera sahararra jaso zuten ikurrinarekin batera Gorlizko udaletxean, otsailaren 27an.
  Kultura 2006-11-30 22:41

Haurrentzako antzerki lan batekin jarraituko du bihar Gorlizko Euskararen Asteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Horrenbestez, erdia jo du Gorlizko Euskararen Asteak. Atzo, Rosa Mª Martinezen “Ilargiaren lapurra” ipuina entzuteko aukera izan zuten Eloisa Artaza erakusgelan batu zirenek. Gaur, berriz, "Ez haiekin... ezta haiek gabe ere" izenbuuruko bakarrizketak antzeztu ditu Jon Urrazak. Eta bihar, haurrentzako antzerki saioa egongo da pilotalekuan: "Amama Pantxikeren altxor ezkutua" lana antzeztuko du pilotalekuan Zenbat Gara elkarteak, 19:00etan. Azkenik, larunbat eta iganderako, haurrentzako jolasak prestatu dituzte frontoian.
  Kultura 2006-07-10 22:13

Ostegunera arte egongo da ikusgai Gorlizen Ertibil 2006 erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtea amaitu bitartean bisitatuko dituen hamar udalerrietatik, Uribe Kosta eskualdeari dagokionez, Gorlizko Eloisa Artaza kaleko aretoan baino ez da egongo ikusgai Ertibil 2006 erakusketa: joan den asteartean zabaldu zuten eta ostegunera (uztailak 13) arte izango da ikusgai. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Sailak Arrigorriagan (ekainaren 20tik 30era) jarri zuen abian egungo artearen erakusketa ibiltaria. Ekimenaren helburua artista gazteak sustatzeko plataforma bihurtzea da. Gorlizetik igarota, Bilbo, Portugalete, Basauri, Gernika, Barakaldo, Zornotza, Muskiz eta Santurtzin ere izango da. Ertibil ekimenak 23 urte bete ditu aurten. Aurtengo edizioan, 20 artisten lanak erakutsiko ditu, Kepa Garraza berangoztarraren argazkia tartean; Aldundiak eginiko deialdira 131 artista aurkeztu ziran danetara, 146 obrarekin. Argazkian, lehenengo saria irabazi duen Lide Kaltzada gernikarraren lana.
  Kultura 2006-07-07 13:46

"Aupa Etxebeste!" filmea egongo da ikusgai gauean Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur, uztailak 7, aurtengo Udako Zinea Plazan kanpaina hasiko da Gorlizen, bertoko kultur iturriek jakinarazi dutenez. Guztira, lau filme egongo dira ikusgai uda honetan, bi euskaraz eta bi erderaz, Eliz Plazan, 22:30ean uztailean eta 22:00etan abuztuan eta irailean, ordurako arinago egingo delako ilun. Filmeen izenburuak hauek dira: uztailaren 7an, "Aupa Etxebeste!"; abuztuaren 14an, "Robots"; abuztuaren 27an, "Zientzia fikzioa"; eta, azkenik, irailaren 8an, "Mi mejor amigo". Bertan 200 aulki jarriko dituzte, eta euria bada bertan dagoen pilotaleku estalia izango litzateke zinemalekua. Argazkian, "Aupa Etxebeste!" filmeko irudia.
  Kultura 2006-07-03 22:40

WIFI gune irekia sortu dute Gorlizko kultur etxeko eraikinean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sistema honekin, kultur etxeko erabiltzaileek ordenagailu eramangarriak, PDAk edo WIFI teknologia duten sakelako telefonoak badituzte, dohainik sartu ahal izango dira Internetera eraikineko edozein lekutan egonda ere. Nabigatzen hasteko, erabiltzaileak doako bonoa eskatu beharko du liburutegiko harreragunean, Krutzeta kaleko 5. zenbakian. Bonoak erabiltzaile‑izena eta pasahitza jasoko ditu. Identifikazio horrekin, ordubeteko saioa egin ahal izango du sarean.
  Jendartea 2006-06-14 21:57

Gorlizek azken hondartza denboraldia izango du aurten, obrei ekin aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uda hau berezia izango da gorliztarrentzat, hondartza egungo egoeran ikusiko duten azken aldia izango baita. Izan ere, Espainiako Ingurumen Ministerioak hala onetsita, uda amaitzean hasiko dira hondartza antolatu eta egokitzeko lanak. Gauzak horrela, Gorlizko hondartzaren erabiltzaileek hainbat zerbitzu izango dituzte ekainaren 15etik irailaren 15era, besteak beste, hiru informazio-elementu, 12 dutxa, 5 iturri, oinak garbitzeko beste bost eta komunen 3 modulu. Horretaz gain, bainu-hartzaileak jagoteko, Gurutze Gorriko bost sorosle tituludun egongo dira eta hondartza udaltzaingoko laguntzaile-unitate batek zainduko du.
  Ekonomia 2006-06-14 21:15

Gorlizen 18 langabetu kontratatu dituzte udako beharrizanak estaltzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorlizko Udalak 18 langabetu kontratatu ditu aldi baterako "udako biztanle‑kopuruaren igoerak dakartzan beharrizanak estaltzeko". Bertoko biztanleen kopurua 5.000 ingurukoa bada ere, udan laukoiztu egiten da, 20.000 lagun inguru izateraino. Javier Garrido Herri Lan eta Zerbitzuetako zinegotziak esan bezala, langile horien eginkizuna "hondartzen inguruan kokatuko da: udal‑kiroldegiko mantentze‑lanak egingo dituzte, Mantentze Lanetako Brigada indartuz". Gainera, "laster batean, udaltzaingoan ere, denboraldirako kide berriak sartuko dira", gaineratu duenez. Kontratatutako 18 langabetuetatik gehienek hondartzako hiru aparkalekuetan egingo dute lan. Argazkian, Astondo hondartza.

Nabarmenak

Zorion agurrak