Kirolak 2005-06-01 22:38

Angel Viciosok irabazi du Sopelan Euskal Bizikletaren lehenengo etapa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Liberty taldeko Angel Viciosok gurutzatu du aurren Sopelako udaletxearen parean kokatutako Euskal Bizikletaren lehenengo etaparen helmuga. Vicioso azkarrena izan da hamar txirrindularien artean, Astarloa, Isasi, Bru, Latasa eta Martinez bezalakoen aurretik sartu dela. 26 segundutara tropel nagusia ailegatu da. Lasterketa gaur hasi da Eibarren eta, besteak beste, Barrika, Urduliz, Plentzia eta Lemoiz zeharkatu ostean Sopelan bukatu da. Viciosok etapa irabazteagatik, liderra izateagatik eta erregularitatean lehenengoa izateagatik sari bana jaso du. Argazkian, Vicioso garaipena ospatzen, soinean Euskal Bizikletako liderraren maillot urdina duela.
  Kirolak 2005-05-31 21:17

Ingurumenaren Egunean inauguratuko dituzte Sopelako frontoi eta eskalada-murru berriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Apirilaren 4an ospatuko den Ingurumenaren Egunean inauguratuko ditu Sopelako Udalak, Iturrieta parkean egindako estali gabeko frontoi eta eskala-murru berriak. Pilotalekuak 9 metro luzeerako frontisa, 30 metroko ezkerreko pareta eta 10 metroko altuera ditu. Eskalada-murrua, berriz, frontisaren bestaldean kokatuta dago eta 9 metroko zabalera eta 7 metroko alduera ditu. Besteak beste, 88 metro koadro 3D Real Rock panelez, korrosioaren aurkako inprimazioa daukan metalezko egituraz, 400 heldulekuz eta beste horrenbeste torlojuz osatuta dago. Egiturak hormara finkatzeko ainguralekuak, altzairu herdoilgaitzezko jaistekoak eta segurtasun txapak ere baditu; horientzako torlojuekin batera.
  Kirolak 2005-05-31 16:20

Euskal Bizikleta dela eta, trafiko aldaketa ugari egingo dituzte egunotan Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eibarren hasiko da bihar, ekainak 1, Euskal Bizikleta eta Elgoibar, Mendaro, Deba, Mutriku, Ondarru, Lekeitio, Ibarrangelu, Gernika, Mundaka, Bermeo, Bakio, Armintza, Plentzia, Barrika, Sopela, Urduliz, Butroe, Plentzia berriro igaro ostean, Sopelan izango du helmuga lehendabiziko etapak. Txirrindulariak 16:45ak aldera bertara heltzea aurrikusten dute antolatzaileek, lasterketari 17:20ak inguruan amaiera emateko. Ostegunean, berriz, irteera neutralizatua egingo dute, 12:50etik aurrera, Sopelan zehar (Sabino Arana, Akilino Arriola, Iberre, Gatzarriñe, E. Urrutikoetxea, Olabide), Urdulizera bidean. Hain zuzen ere, lasterketa dela eta, hainbat neurri hartu ditu Sopelako Udalak. Besteak beste, goratutako oinezkoen pasabideak arindu eta Sabino Arana kaleko zuloak kentzen ari dira txirrindulariek istripurik izan ez dezaten. Horretaz gain, kale horretan zaramontziak kendu eta trafiko aldaketa ugari izango dira egun hauetan udalerrian.
  Kirolak 2005-05-19 22:22

Baliteke Javier Otxoak berak parte hartzea igandeko lasterketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri “Javier Otxoa Klasika”-XX Randonné Punta Galea txirrindulari lasterketak 100 kilometro egingo ditu guztira igande honetan. Goizeko bederatzietan abiatuko da Fadurako udal kiroldegiko belodromotik, eta Sopela, Urduliz, Plentzia, Armintza eta Bakio zeharkatu ondoren, Bermeora iritsiko da. Bertan itzulerako bidea hartuko dute Sollube igota txirrindulariek, berriro ere udal belodromora sartu eta bertan egongo den helmugan amaitzeko. Edozelan ere, antolakuntzak ibilbide alternatiboa prestatu du, laburragoa dena: 82 kilometrokoa alegia. Javier Otxoak berak parte hartu zuen, Guzman Aranaga Getxoko Udaleko Kirol zinegotziarekin batera, lasterketa aurkezteko atzo goizeko ekitaldian. Proban parte har dezakela aurreratu zuen Otxoak.
  Kirolak 2005-05-13 12:07

Getxoko 59 kirol eta kultur elkartek 426.000 euro jasoko dute guztira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udalerriko 36 kirol eta 23 kultur elkarteren artean 426.126 euro (antzineko ia 71 miloi pezeta) banatzea onartu du Getxoko Udalak. Kirol taldeek 337.553 euro jasoko dituzte eta kultur arlokoek beste 88.573 euro. Iñaki Deunaren Txirrindulari Zirkuitoa edo Isidro Deunaren Pilota Txapelketa bezalako ekitaldi zehatz batzuen gastua kontuan hartu du tokiko erakundeak dirulaguntza horietan. Baina orokorrean, elkarteen urteroko jardueran laguntzeko emango dute dirua. “Dirulaguntza hauetan udalerrian egiten diren beste ekitaldi zehatz batzuk ez ditugu kontuan hartu, nahiz eta ondoren horietarako dirulaguntza izendatuko dugun”, Iñaki Zarraoa alkateak atzo argitu zuenez. Herritarrek edo enpresek antolatutako ekitaldiak ere ez dira kontutan hartzen, esatebaterako, orain jokatzen ari diren Hondartza Txapelketak zein kirol alorreko beste batzuk.
  Kirolak 2005-05-10 21:23

Kopako finalaurreko partida dela eta metro zerbitzua luzatuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Metro Bilbaok trenen zerbitzua luzatuko du bihar, Athleticek eta Betisek San Mamesen 21:00etatik aurrera jokatuko duten Kopako finalaurreko itzuliko partida dela eta. Bukatzen denerako metroaren ohiko zerbitzua amaituta egongo denez, Metro Bilbaok aldaketara egokitu eta bere ordutegia luzatuko du norgehiagoka amaitu ondoren trenak eskainiz. Horrela, azken metroak 23:24an igaroko dira San Mamesetik Sestaorako noranzkoan, 23:26an Etxebarrirako noranzkoan eta 23,30etan Plentziara joateko.
  Kirolak 2005-05-05 23:00

Bela eta zaldi ikastaroetarako dirulaguntzak 442 lagunek jaso dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Guztira, 442 lagunek jaso dituzte Getxoko Udalak datorren udan bela eta zaldi ikastaroetarako eman dituen dirulaguntzak. Kirol modalitate hauek herritarrengana, batez ere haurrengana eta gazteengana, hurbiltzen jarraitzea da tokiko arduradunen helburua. Horrela, Abrako Itsas Klubeko “Jose Luis Ugarte” Bela Eskolak bela arinean hasi eta sakontzeko ikastaroak antolatuko ditu, ziur aski datorren ekainaren 20tik irailaren erdira arte. Ikastaroak 8 eta 16 urte arteko gazteei daude zuzenduta, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. 20 saio izango dira eta matrikularen prezioa 31,25 eurokoa da getxoztarrentzat. Getxoko Udalak 6.010 euro emango ditu eta diru kopuru horrekin 192 lagunek egin dute ikastaroa merkeago.
  Kirolak 2005-05-04 20:53

EHUk igandean egingo duen osasunaren aldeko "Tipi Tapa" ibilaldian izena emateko bihar da azken eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Maiatzaren 8rako EHUko Bizkaiko campusaren Errektoreordetzak antolatu duen osasunaren aldeko II. Tipi Tapa ibilaldia aurkeztu dute gaur goizean Bilbon. Iaz bezala, ez da lehiarik izango Bilbo, Sondika, Loiu, Erandio eta Leioa zeharkatzen dituen 13 kilometrotako txangoko kideen artean. Juan Ignacio Perez EHUko errektorearen esanetan, ekimen honen bidez EHUk "kirola sustatu eta osasunarekin lotu", jendartea eta unibertsitatearen arteko harremanak estutu eta "sinbolikoki", Leioa eta Bilboko zentroak elkar lotuz, barreiatuta dagoen Bizkaiko campusa irudikatu nahi du. Aurten, haurren parte hartzea bultzatuko da, ume eta gaztetxoek lehenengo sei kilometroak trenez egingo dituztela, Artxandako igoera horrela saihestuz. Iazko 700 parte hartzaileak edo gehiago espero ditu Perezek.
  Kirolak 2005-05-03 23:11

Algortako arraunlari beteranoei elkarrizketa egin die Izaronews digitalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Kaikurekin Kontxako estropada hirutan irabazi zuten Zubi, Sabino eta Batiz algortarrei Arantza Goioaga kazetariak egindako elkarrizketa argitaratu du gaur Izaronews.com-ek. Solasean, berrogei urtetik gorako beteranoek Algortako traineruaren patroiarekin gertatutako liskarren ostean Kaikun Kortarekin izandako bizipenak kontatzen dituzte, adibidez zelan Espainia mailako txapelketa bat galdu zuten txarto zegoen gatzarekin dopatzeagatik. Gaur egun beteranoen arteko lagun arteko txapelketan aritzen dira Baiona, Plentzia eta Donostiako arraunlariekin. Irudian, Algortako Arraun Taldeko beteranoen trainerua entsegu batean.
  Kirolak 2005-04-29 00:08

Urkulu mendirako txangoan izena ematea zabaldu du Leioa Mendi Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioa Mendi Taldeak maiatzaren 15erako prestatu du Nafarroa Behereko Urkulu mendirako txangoa. Urkulu mendi ederra eta igoera gogorrekoa da Beherobia aldetik, horregatik akaso, Leioa Mendi Taldeak beste leku batetik, Orbaitzetako olatik abiatzea erabaki du, Ortzanzurietatik hasi eta Urkulura bitarte buelta galanta emanez. Urkuluko tontorra ezaguna da, erromatarrek bertan portuaren pasabidea zaindu omen behar zuen eraikin bat egin baitzuten. Gainera, tontorretik (1.419 metro) Orhi eta Anie mendiak eta Hiru Erregeen Mahaia ederki ikus daitezke. Interesatuek astelehen eta ostegunetan Sakonetako polikiroldegian edo 689 721 917 telefonora deituz eman dezakete izena.
  Kirolak 2005-04-28 22:31

Prest dituzte Gorlizen Done Jakue biderako hurrengo bi etapak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Done Jakue bidean barrena, 27 kilometroko ibilaldia egin zuten apirilaren 16an, Orreaga eta Larrasoaña artean (Nafarroan), Gorlizko Kultur Etxeak antolatutako bidaian izena eman zutenek. Bigarren eta hirugarren etapak, berriz, maiatzak 7rako eta 28rako antolatu dituzte, hurrenez hurren. Larrasoaña (argazkian, bertoko zubia) eta Zizur Txikia artean 20,7 kilometroko ibilbidea egiteko, goizeko bostetan abiatuko da autobusa Uribe Kostako herritik, 21:00ak aldera bueltan egoteko. Txangoaren salneurria 10 eurokoa izango da, 2095 0166 10 9104426829 kontu korronte zenbakian sartu beharrekoa. Informazioa eta izen ematea (apirilaren 30era arte), Gorlizko Kultur Etxean (94 677 40 00).
  Kirolak 2005-04-28 21:30

Sopelan izango du lehendabiziko helmuga Euskal Bizikletak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Bizikletako antolatzaileek gaur eman dute jakitera aurtengo edizioko ibilbidea. Eibarren hasiko da lasterketa ekainaren 1ean lau egun beranduago, hau da, hilaren 5ean Arraten bukatzeko. 750,9 kilometrotakoa izango da ibilbide osoa, iaz baina 50 gehiago. Beti bezala, bost etapa edukiko ditu. Horietatik hiruk Bizkaian izango dute bukaera, bik Gipuzkoan eta beste batek Araban (kontuan hartuta 4. etapa bi sektoretan banatuko dela). Hain zuzen ere, lehenengoak Sopelan izango du helmuga. Hortaz, bigarrena Uribe Kostako udalerritik abiatuko da.
  Kirolak 2005-04-21 18:56

Iganderako ibilaldi neurtua antolatu du Simon Otxandategik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igande honetan 24 urte egingo ditu urtetik urtera Berangoko Simon Otxandategi dantza taldeak antolatzen duen ibilaldi neurtuak. Irteera 10:00etan izango da Elexaldetik abiatuta. Nagusientzat 14 kilometroko ibilbidea prestatu dute; neska-mutikoentzat, berriz, 8 kilometro ingurukoa. Ibilaldiaren erdian atsedenaldia egiteko aukera ere edukiko dute parte-hartzaileek. Horretarako, salda eta saiheskia banatuko dituzte Simon Otxandategikoek. Azkenik, herri bazkaria antolatu dute ospakizunari amaiera emateko.
  Kirolak 2005-04-20 23:29

Eskupilota txapelketa mistoa antolatu du iganderako Gazte Enbatak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igande honetan, goizetik hasita, Itzubaltzeta / Erromoko Gazte Enbata konpartsak II. Eskupilota Txapelketa Mistoa ospatuko du herriko eskoletako frontoian. Kirolean egin ohi den sexu-bereizketa gainditu asmoz, eta Getxoko Udalaren eskaintza-eza ikusirik, konpartsakideek jarduera urtero errepikatzea ebatzi zuten, lehen edizioko arrakasta itzelaren ondoren. Eskuz binakako txapelketa honetan parte hartu nahi duenak bikote mistoa aurkeztu behar du, hots, bata mutila eta bestea neska. Eskupilotaz gain, bideoforuma eta bazkari osasuntsua ere izango dira bertan, eta Gazte Enbatatik opari sorpresak iragarri dituzte. Izen-ematea Itzubaltzeta gaztetxean edota Branka herriko tabernan egin daiteke, guztia bikoteko 3 euroren truke. Deialdia beraz egina dago. Animo eta pilotak astindu!
  Kirolak 2005-04-15 23:41

Astelehenean amaituko da Ereagako Hondartza Txapelketetan izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hamalau urte egingo dituzte aurten Ereagako Hondartza Txapelketek. Getxoko Udalaren eta BBKren babesarekin, Algortako areatzan, inguru atseginean antolatzen dituzte kirol jarduerak Kirikeko begiraleek. Asteburutik asteburura jende-kopuru handia batu ohi da Ereagan. Aurten futbol zazpi hondar bustian eta boleibol sei hondar lehorrean jokatuko dira, itsasaldien araberako ordutegietan. Izena emateko kuotak batean zein besteak jarduteko aukera ematen du. Futbolean zein boleibolean, gutxienez, hiru partida jokatuko dira eta, bigarren fasea, kanporaketen bidez egingo da. A mailan (13 eta 14 urte) eta B mailan (15 eta 16 urte) partaide bakoitzeko zortzi euroko kuota ordaindu beharko da. D mailan (17-24 bitarteko urte) eta E mailan (24 urte baino gehiago), berriz, hamar eurokoa. Apirilaren 18ra arte egongo da izena emateko aukera, Kiriken web orrian edo 944 911 746 telefono / fax zenbakian.